mundua
ANA PONTON
«Lortu dugu Galizia berriz existitzea nazio gisa Espainiako Estatuan»
Ander Perez Zala
2015eko bozetan galdu zenuten ordezkaritza. Lau urteren eta hiru hauteskunderen ostean, Espainiako Diputatuen Kongresura itzuli zarete.
Gu pozik gaude emaitzarekin. Uste dut BNGren eserlekuak sari bikoitza duela: lortu dugu Galizia nazio gisa berriz existitzea [Espainiako] estatuan, gure herrialdea estatuan kokatzea, eta, horrez gain, lortu dugu galiziartasunaren aurkakoa den eskuin mutur xenofobo eta arrazistari galga ezartzea. Beraz, galiziar askok irribarre bat dute ahoan, BNG Madrilera itzuli delako, eta eskuin muturrak ez duelako ordezkaritzarik lortu Galiziako barrutietan.
Apirilean, 93.810 boto jaso zenituzten; iragan astean, 119.597. Aldea 26.000 bat botorena da.
Pozik egoteko arrazoi bat da, hauteskunde testuinguru horretan gehien igo diren alderdietako bat baikara. Gainera, hori lortu dugu Galiziako nazionalismoaren goranzko joera baieztatuz. Argi dago ziklo aldaketa baten aurrean gaudela, eta, ziklo aldaketa horren eraginez, gorabidean den alderdi bat bilakatu garela. Horrek indartu egiten gaitu hurrengo erronkari aurre egiteko: Galiziako Parlamenturako hauteskundeak. Horietarako, uste dugu [Galiziako presidente Alberto Nuñez] Feijoo garaitzeko gakoa BNGren emaitza onak izango direla.
Diputatu bat lortu duzue, Voxen aurretik geratuta, ia 5.000 botoren aldearekin. Alderdi horren ordezkaritza eragoztea hauteskundeetarako finkatu zenuten helburuetako bat al zen?
Guretzat, garrantzitsua da galga ezartzea eskuin muturrak ordezkatzen duen horri. Kezkagarria da Espainiako Estatuan sortzen ari den egoera: batetik, Voxek ordezkaritza handitu duela; eta, bestetik, estatuko alderdiek ardura handia dutela gertakari horretan. Eskuineko indarrak faxismoa zuritzen ari dira, eta ezkerrekoak ez dira gai eskuin muturraren diskurtsoari aurre egiteko.
Horregatik, harro gaude [Voxek] Galizian ordezkaritzarik ez izatea. Ez du ez zinegotzirik, ez diputaturik gure parlamentuan, ezta aldundietan ere. PPren zuzendaritzako parte izanda, Feijook Voxekin egindako itunak onartu zituen. Pablo Casado bezain errudun da horretan.
Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek akordiorako oinarri bat egin dute Espainian gobernu koalizioa osatzeko…
Asmoen berri eman dute. Egiazki, auzi garrantzitsuen inguruan ez dute ezer argitu, ezta euren programa zein izango den ere. Politikan ezin zara asmoez bizi, konpromiso politikoak behar dira. Guk jakin nahi dugu zer gertatuko den mozal legearekin, lan arloko kontrarreformekin, pentsioen etorkizunarekin eta oinarrizkoa den eztabaidarekin: estaturik gabeko nazioen aitorpenarekin.
Errepresioaren bidea amaitu beharra dago, eta irtenbide demokratikoan aurrera egin.
Asteon esan duzu ituna «orokorregia» dela. Zer espero duzu edukiari dagokionez?
Espero dut zehaztasun gehiago izatea. Askotan errepikatu dugu BNGren jarrera ez dagoela zehaztua, eta bi auziren araberakoa izango dela: batetik, zein izango den gobernuaren programa; eta, bestetik, galiziar agenda errespetatzeko asmoa izango duten.
Gure etorkizunerako ezinbestekoak diren oinarrizko hainbat auzi daude agendan: enplegua, errepideen mantentzea, azpiegituren modernizazioa eta Galiziaren defentsa nazio gisa. Ez dugu atzerapausorik onartuko.
Askotan jarri duzue arreta Galiziak bere ahotsa izan beharraren inguruan. Kanpainako leloa Ahots propioarekin izan duzue. Galizia gutxiesten al dute?
Galizia diskriminatuta dago. Azken lau urteotan konturatu gara Galizia estatuko eztabaidatik desagertzen dela BNG ez badago Kongresuan; hori, eta geroz eta erabaki gehiago hartzen dituztela gure interesen kontra. Egungo egoeran, ahots propioa izatea garrantzitsua da gure arazoak konpondu eta gure interesak defendatzeko.
Independentismoaren aldarrikapenen artean egon dira Ogasun sistema, kontzertu ekonomikoa eta eskumen gehiago izatea. Legealdirako helburuetako batzuk dira ala oraindik ez zarete eskari maximalistekin arituko?
Gure programan argi eta garbi jartzen du zer lortu nahi dugun. Errealistak era bagara. Ez dago irtenbide magikorik gure arazo guztientzat, eta, ziurrenik, oso zaila izango da eskatzen ari garen guztia datorren agintaldian lortzea. Beraz, uste dugu aurrerapausoak egin behar ditugula, aurrerapauso argiak, egun garrantzitsuak diren hainbat auzitan.
Diputatu bakarra duzue. Zer egin daiteke 350 eserlekuko ganbera batean?
Testuinguruaren araberakoa izango da. Diputatu horrek abantaila bat du Galizian aukeratu dituzten besteekin: ez dagoela ez Sanchezen ez Iglesiasen ez Casadoren aginduetara. Gure konpromiso bakarra Galizia da, eta diputatu hori gainontzekoak baino baliagarriagoa izango da, Madrildik esaten dietena bozkatzen baitute.
PSOEren edo Unidas Podemosen deirik jaso duzue?
Kontaktu informalak izan ditugu PSOErekin, baina datorren astera arte ez dugu hizketaldirik izango inbestidurari buruz.
Sanchez eta Iglesias 48 orduan jarri dira ados. Apirileko bozen ostean, ez zuten ezer lortu.
Biek azaldu beharko lukete nola izan den posible 48 orduan akordio bat egitea, eta hilabete luzez halakorik ez lortzea. Harrigarria da, eta azalpen bat merezi du. Dena den, apirilaren ostean ez bazuten lortu, borondate politikorik egon ez zelako izan zen. Ikuskizun negargarria eman zuten, iragan asteko bozetara eramateraino; alfonbra gorria ezarri zioten eskuin muturrari.
Harreman ona duzue EH Bildurekin eta ERCrekin; Galizian, Alderdi Sozialistarekin. Espero duzue Sanchezek inbestiduraz horiekin hitz egiteko eskatzea?
Harreman esparru zabala dugu, eta, noski, Esquerrarekin eta Bidurekin lehentasunezko harremana dugu. Dena den, Madrilen, gure rola ez da izango alderdi horiekin bitartekari lanak egitea; gu Galiziaren interesak defendatzera goaz, eta estatuan dagoen mugimendu nazionalistarekin koordinatuko gara; betiere, Galiziaren interesak aurrean jarrita.
Sanchezek eskari hori egingo balu, esan nahiko luke bere ardura saihestu nahi duela inbestidurako babesak bilatzeko orduan. Ez dagokigu rol hori izatea.
11 alderdirekin batera, joan den hilean autodeterminazio eskubidearen aldeko eta zigorturiko politikari katalanen askatasuna eskatzeko adierazpena sinatu zenuten.
Beharrezko keinu bat izan zen. Subiranotasuna kriminalizatzeko ofentsiba handi bat gertatzen ari da estatuan, erabaki hutsa kritikatzea, nahiz eta hori nazioarteko zuzenbidean errotuta dagoen. Jaio ginenetik, erabakitze eskubidearen eta demokraziaren defentsa gure printzipioen artean daude.
Sinadura hori koherentzia eta elkartasun ekintza bat izan zen. Espero dut Espainiako ezkerrak ez diola onartuko eskuinari erritmoa zehaztea, horrek ahalbidetu duen bakarra eskuin muturraren gorakada izan delako. Arazo politiko batentzako erantzun politiko bat behar da.
Kongresuan EH Bildurekin eta ERCrekin lan egingo duzue?
Ideia argi batekin egingo dugu lan: Galiziaren interesak defendatzeko orduan BNG independentea izatea. Horrek ez du esan nahi ez zaigula garrantzitsua iruditzen arlo subiranista eta nazionalistako beste alderdiekin lan egitea.
BNGk zer ekarpen egin dezake Kataluniakoa konpontzeko?
Ikuspuntu bat dugu, eta hori da estatuan Galizia nazio gisa berriz agertzea. Horrek balioko dio bere errealitatearen egoera errealago bat izateko: plurinazionala dela, kultura askotarikoa eta hizkuntza askotarikoa. Ezin dute jarraitu hori ezeztatzen. Gurekin, mugimendu nazionalista indartsuagoa da.
Proposamenik ba al duzue?
Lehentasun argi bat dugu: Espainiako Estatuak aitortu behar duela Kataluniako gizarteak egiten duen eskaria zilegi dela, erabakitzeko eskubidea duela. Jarrera horrek bide interesgarri bat irekiko du, ez soilik estatu gabeko nazioentzat, inboluzio demokratikoarekin eta eskubideen murrizketarekin pozik ez dauden herritarrentzat ere bai.