astekaria 2016/02/19
arrowItzuli

ekonomia

GAIZKILEEN ESKUDIRUA

Ivan Santamaria

GAIZKILEEN ESKUDIRUA

Nori egiten diote mesede balio handiko billeteek? Erantzunari susmo txarra hartua zioten aspaldi Erresuma Batuko segurtasun indarrek, eta orain dela bost bat urte egindako ikerketa batek berretsi baino ez zuen egin: herrialdean zeuden 500 euroko billeteen %90 gaizkileen eskuetan zegoen. Billete horietan 500 milioitik gora mugitzen ari ziren orduan. Erabaki zorrotza hartu zuen gobernuak, aurkikuntzari jarraituz: euro billete handiena saltzen segitzea debekatu zien Erresuma Batuko bankuei.

Krimenaren eta balio handiko billeteen arteko harremanari buruzko adibide bat baino ez da aurrekoa. Orain, AEBetako Harvard-Kennedy Unibertsitateko azterketa berri batek erronka bota die moneta agintariei: 50 dolarretik (44,5 euro) gorako billete guztiak zirkulaziotik kentzea. Horien artean leudeke 500 euroko billetea, 100 dolarrekoa, 1.000 franko suitzarrekoa edo 50 libera esterlinokoa. Peter Sands bankariak zuzendu du ikerketa, Standard Chartered bankuko presidente ohia.

«Balio handiko billeteak kenduta ez dira geldituko zerga ihesa, krimena, terrorismoa, edo ustelkeria. Baina gaizkileentzat kostuak eta arriskua handituko lirateke». Horixe da azterketaren tesi nagusia. Billete handien desagerpenak eragin gutxi lukeela zilegizko erabiltzaileentzat, baina, aldiz, kolpea litzatekeela legez kanpoko jardueretan daudenentzat. Kriminalen ohiko «negozio eredua» astintzeak jarduera horiek murriztea eragin dezakeela uste dute egileek, halaber. Eraginkorra izan dadin, ekintza globala eta koordinatua eskatu dute, G7 edo G20 taldeen barruan.

Badira halako neurriak honezkero hartu dituzten herrialdeak. 2000. urtean Kanadak 1.000 dolarreko billeteak (640 euro) egiteari utzi zion. Orain dela pare bat urte munduan zegoen balio handieneko billetea —10.000 dolar, 6.400 euro inguru— kendu zuen Singapurrek. Aldiz, legez kanpoko jardueretarako gehien baliatzen diren billeteek —500 eurokoa eta 100 dolarrekoa— hor segitzen dute. Are gehiago, eskudiruaren erabilera orokorrak behera egin duen arren, billete handien bolumena geroz eta handiagoa da.

AEBetako Erreserba Federaletik 900.000 milioi eurotik gora atera dira 100 dolarreko billeteetan. Dolarretan dagoen eskudiru guztiaren %78 dira. Ordainketen %1 baino ez dira 100 dolarretik gorakoak izan eta eskudiruarekin egindakoak, gaur egun.

Euroari dagokionez, zirkulazioan dagoen eskudiruaren %30 dago 500 euroko billeteetan. Guztira, 300.000 milioi baino gehiago. Europolek egindako txosten baten arabera, kalean dauden euro billeteen erdia baino gehiago dira 500, 200 eta 100 eurokoak. Haatik, EBko herritarren %56k ez dute sekula 500 euroko billete bat eskuetan eduki.

Eskudirua lanabes

Legez kanpoko jarduerak egiterakoan ezinbestekoa da eskudirua. «Nahiz eta eskudiruaren erabilera guztia kriminala ez izan, eskudirua erabiltzen dute gaizkile guztiek dirua garbitzeko prozesuaren barruan», laburbildu du Europolek. Peter Sandsen taldeak antzeko ikuspuntua du. Mundu geroz eta globalago batean, «teknologia funtsezkoa» da eskudirua mugak ezkutuan eta kostu gutxirekin zeharkatu ahal izateko. «Ironia da estatuak eskaintzen diola bitartekoa kriminalei», kritikatu dute.

Txostenak zenbait kasu azaltzen ditu. Pasa den urteko abuztuan Kolonbiako emakume bat harrapatu zuten aireportuan. 38.500 dolar zituen gorputzean, billeteak zituzten 64 kapsula ezberdin irentsi ondoren. 2007. urtean Miamiko aireportuko poliziek 500 euroko 12.224 billete baino gehiago konfiskatu zituzten aduanan, droga trafikoari lotutakoak. 600.000 euro baino gehiago gainean zeramatzan bidaiari batek, alegia.

Bolumenak eta pisuak garrantzia dute zerbait ezkutuan gorde nahi denean. Logikoa denez, zenbat eta balio handiagoko billeteak izan, orduan eta errazagoa da garraioa. Bi adibide. Demagun droga trafikatzaile batek milioi bat dolar mugitu behar dituela. 100 dolarreko billeteak badira, 10 kilo pisatuko zaizkio. Aldiz, 20 dolarreko billeteetan 50 kilo mugitu beharko ditu. 500 euroko billeteak badira, aldiz, 2,2 kilo baino ez dira. Hots, gutunazal batean soinean eramateko moduko zama.

Balio handiko billeteei eustea defendatzen dutenen argudio nagusietako bat da dirua aurreztea edo metatzea errazten dutela. Kasu batzuetan, hala izan daitekeela uste dute azterketaren egileek. Esaterako, azken finantza krisia hasi zenean halako billeteen eskaera handitu zela iradokitzen duten datuak daude. Banku sistemari zaion mesfidantza edo krisi baten beldurrak azal dezakete sosak eskudiruan pilatzeko erabaki batzuk.

Hala ere, eskudirua gordetzeko erabakiaren atzetik arrazoi nagusia horren jatorria ezkutatzeko gogoa da, ikertzaileen aburuz. «Ez du esan nahi guztia jarduera kriminaletik datorren. Horietako asko zerga ihesarekin azal liteke», zehaztu dute egileek.

Adibide praktiko bat ere aipatzen dute txostenean. Erresuma Batuan inkesta bat egin zen jakiteko herritarrek noiz erabili zuten azken aldiz 50 libera esterlinako billeteak (65 euro inguru). Iturginari edo igeltseroari ordaintzeko bihurtu zen erantzun ohikoena. «Pizgarria zerga ihesa da, eskudiruan ordaintzeak errazago bihurtzen duelako BEZ zergatik libratzea», arrazoitu dute egileek.

Bidea aurretik

Ez da auzi berria. Europan, behintzat, mugimendu batzuk egon dira iragan hurbilean. 500 euroko billeteek terrorismoarekin duten zerikusia ikertzeari ekin dio Europako Batzordeak. Bestalde, Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko buruak ez luke gaizki ikusiko billete handiena kaletik ateratzea. «Diruaren produkzioak gaizkileei inolako erosotasunik eman ez diezaion prest gaude», azaldu zuen Draghik orain dela gutxi Europako Parlamentuan.

Aldaketa ez da hain erraza izango. 500 euroko billetea Alemaniako 1.000 markokoaren oinordekotzat hartu izan da. Izan ere, Alemania da oraindik ere eskudiruaren erabilerari gehien atxikitzen zaion herrialdea. Ordainketen %78 eskudirutan egiten dituzte alemaniarrek. «Eskudirua askatasuna da», dio Wolfgang Schaeuble Finantza ministroari bidaltzeko Bild egunkariak irakurleei proposatu dien gutunak, «banku, teknologia, eta komisioetatik independentzia esan nahi du eskudiruak». Soilik 5.000 eurora arteko ordainketak eskudirutan egin ahal izatea aztertzen ari da gobernua. Bundesbank banku zentralari ere ez zaio gehiegi gustatzen 500 euroko billetea kentzea.

Ez da bakarra. «Kontu honi buruz iritzia ematen ari diren poliziak daude, eta baita ere G20an. Pozik egongo nintzateke horren frogak EBZra bidaliko balira», esan zuen aurreko astean Yves Mersch EBZko kontseilariak. Luxenburgoko banku zentraleko buru izandakoa ere bada Mersch, eta herrialde horretako billeteen jaulkipena dago susmopean. Euro billete guztiak hartuta, 87.500 milioi ditu kalean Luxenburgok, bere BPGren halako bi, eta 500, 200 eta 100 euroko aleen presentzia handiarekin.

Beste edozein herrialdetan baino eskudiru kopuru handiagoa da, ekonomiaren tamainarekin alderatuz. Alemaniak BPGren %16 du eskudiruran, eta Frantziak %4 baino ez. Euroguneko populazioaren %0,2 baino ez duen herrialde batek 500 euroko billeteen %15 eta 200 euroko billeteen %30 jaulki ditu. Pentsa liteke diru horretako asko kanpora atera dela, baina 10.000 eurotik gorako mugimenduak jakinarazi behar direla dio EBko legeak, eta halako hamabost baino ez zituen iaz egin Luxenburgok urte osoan.

Balio handiko billeteen erabilera susmagarrian Espainiak garai batean zeukan tokia hartu du Luxenburgok. 2007. urtean 500 euroko 114 milioi billete zeuden Espainian, euroguneko lautik bat. Zortzi urte geroago, kopurua %40 murriztu da, baina eskudiru guztiak duen balioaren %85 dira.

BERRIAn argitaratua (2016/02/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA