astekaria 2019/11/22
arrowItzuli

politika

KOLORE ANITZ HASERRE HORIAN

Oihana Teyseyre Koskarat

KOLORE ANITZ HASERRE HORIAN

Hong Kong, Bartzelona, Santiago, Quito, Paris. Hilabete hauetan, munduko hiriburu nagusietan protestak sortu dira. Ezaugarri ezberdinekin, baina jaka horiak ikusi dira denetan, XXI. mendeko oldarraldien sinboloa izango balitz bezala. Joan den urteko azaroaren 17an egin zuten lehen agerraldia Jaka Horiek eta Frantziako Estatuko hainbat biribilgune okupatu zituzten. Geroztik, astero, Frantziako Estatu osoan mota askotako protestak egin dituzte. Atzo, 53. agerraldia egin zuten; gobernuak, manifestazioen beldurrez, debekuak ezarri zituen Parisen, eta istiluak izan ziren manifestarien eta polizien artean. Ehun lagun baino gehiago atxiki zituzten.

 

Orain urtebete, lehen agerraldian, 200.000 manifestari baino gehiago atera ziren karrikara. Krisiari aurre egiteko, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Eztabaida Handia abiatu zuen urtarrilean. Herriz herri, herritarrekin eta auzapezekin bildu zen. Martxora arte iraun zuen eztabaida hark, baina mugimendua ez zen isildu. Alderantziz; eztabaidaren ondorengo mobilizazioa izan zen urte osoko handienetako bat.

Mugimendu zabal horrek berezitasun franko ditu, mobilizatu den jendeak nortasun politiko ezberdinak baititu. Urtea pasatu da, eta bilana egiteko ordua heldu da. Mugimenduaren ezohikotasunak galdera bati baino gehiagori ireki dizkio ateak. Nor dira Jaka Horiak? Zeintzuk dira haien aldarrikapenak? Zer klase sozialekoak dira? Ezkerrekoak ala eskuinekoak? Adituen arabera, ohiko eskemetatik kanpo begiratu behar zaio mugimenduari.

Herria, eliteen aurka

«Bilana oso baikorra da, mobilizazioaren ikuspegitik: Jaka Horiak mugimendua protestaren ikur bilakatu da; Frantzian bakarrik ez, mundu osoan». Horrela laburbiltzen du Samuel Hayat politika zientzietako doktoreak mobilizazio urte hau. Mundu osoko mugimendu sozialen sekuentzian kokatzen du: «protesten aro berri bat» ireki dela argi du. Gizartearen sektore oso bat altxatu da: erretretadunak, erizainak, langabeak, irakasleak, laborariak, artisauak, kamioi gidariak... Baina baita enpresaburu txikiak ere.

Magali Della Sudda soziologoaren ikerketa taldeak Jaka Horiengana jo du, eta parte hartzaileen jatorri soziologikoaren «aniztasuna» azpimarratu du. Hayaten iritziz, «lehen aldiz, herria bere osotasunean agertu da, ezberdintasun ideologikoen gainetik, oligarkiaren kontra egiteko helburuarekin». Jaka horiek «buruzagi guztiak erradikalki ukatzen dituzte, politika profesionala egiten duen kasta osoaren aurka ari dira, izan alderdi edo sindikatu». Mugimenduak berak ez du buruzagirik izan, horrek «denen inklusioa» lagundu du, Della Suddaren arabera: «Emakumeak ez ziren beste mugimendu sozialetan baino gehiago, baina ikusgarritasun handiagoa izan dute buruzagirik ez zelako. Pertsona elbarriekin mekanismo bera gauzatu da». Galdekatu dituzten jaka horietatik %5 eta %10 artean dira elbarriak. Prekaritateak gehien hunkitzen dituen sektore sozialak bildu dira, beraz, baina molde zabalagoan, sistema politikoan gehiago sinesten ez duen jendea.

Samuel Hayat: «Herritarrak eta buruzagi politikoak lotzen dituen oinarrizko hitzarmena hautsi den sentsazioa dauka jendeak. Estatuak herritarren ongizatea segurtatu behar du, zergak biltzen dituelarik, zerbitzu publikoak ezarri behar ditu. Arazoa da, Frantziak zergak handitu dituela eta momentu berean zerbitzu publikoak okertu direla. Gainera, herritarrek ez dute gehiago pisurik erabaki politikoetan».

Mugimenduaren iturburua erregaien zerga emendatzea izan da. «Ekologia aitzakiatzat hartuta, Frantziako Gobernuak ezantzaren prezioa igo du. Baina horren gibelean, zerbitzu publiko guztien kaltetzeak ere areagotu du jendearen haserrea», azaldu du Della Suddak. Herritar «xumeenak» hunkituak izan direla gehitu du, batez ere «periferietakoak eta itsasoz haraindikoak».

Hayatek mundu mailako sistema neoliberalaren baitan ulertzen du krisia. Gaur egungo gobernu europar guztien agenda neoliberalismoak agintzen duela azaldu du. Agenda horrek herritarrak egoera «geroz eta latzagoetan» uzten ditu eta neoliberalismoari aurre egiten ahal zioten indarrak, ezker politiko edo sindikalak «suntsituak» dira, Hayaten iritziz. Ez dute beraz «erresistentzia gaitasunik»: «Jaka Horien arrakastaz ez dugu poztu behar badaezpada. Liberalismoaren garaipenaren eta erresistentzia egin ziezaioketen indar guztien porrotaren ispilua besterik ez da». Horren aurrean, «antolaketarik gabeko herritarren altxamendua» gertatzen da, politikoki «argia ez dena».

Jaka Horien aldarriak, hala ere, garatzen joan dira: ezantza zergaren kentzetik, demokrazia eredu berri baten beharrera etorri da. Ibilbide hori mobilizazio iraunkor batek ahalbidetu du, ekintza eta protesta mota berriak plantan ezarri dituztelako, besteak beste. Della Suddak dio maila lokalean garatu diren dinamikei esker iraun duela mugimenduak: «Lekuen arabera, kolektiborako joera nabarmena ikus daiteke eta lotura sozialak eraiki dira. Elkarlaguntza, baratze partekatuak edo merkatu herritarrak garatu dituzte maila lokalean». Erritualek ukan duten garrantzia azpimarratu du. Izan ere, larunbatero karrikara ateratzeaz gain, asanbladak ere egin dituzte, eta «elkar zaintza sustatu dute, leku batzuetan besta giroa ere bai».

Eskuinetik ezkerrera

Herri «batu» gisa agertu dira Jaka Horiak, baina ez adostasun politikoen gainetik. «Herritarren batasuna traditu duten eliteen aurka», Hayatek dioenez. Horrek eragin du, hain zuzen, normalean mugimendu sozialetan dagoen ezkerretik eskuinerako ardatza ez dela errepikatzen. Mugimendua ohiko eskema politikoan kokatzea zailtzen du horrek. Della Sudda: «Konposizioaren praktika deitzen zaio horri: mobilizazio garaietan elkarbizitza eraikitzea lortu dute ikusmolde ezberdinak bazterrera utziz».

Hedabideek ere mugimendua kategorizatzeko joera ukan dute. Hala, hasieran eskuin muturreko mugimendua zela esan zuten, orain anarkistak direla. Hayatek politikaren ikusmolde hori gainditu behar dela uste du: «Mugimendua ezin da ezkerretik eskuinerako ardatz batean kokatu; lehenik, elitea irauli nahi dute. Mugimenduaren hasieran, neo-nazietatik bloke beltzerainoko joerak baziren».

Pixkanaka, eskuin muturra mugimendutik atera da: «Eskuin muturrak ez du indar militanterik Frantzian; bozketan, bai, baina bozketan soilik. Gainera, iraultza nazionalista bat izango zela uste zuten, baina fite ohartu dira justizia soziala zela aldarri nagusia». Kontu handiz, baina honela mintzatu da aditua: «Orokorrean, Jaka Horiek ezkerrerantz egin dutela esan daiteke».

Halere, ez da bere baitarik ezkerrean kokatzen; beraz, ñabardurak gerta daitezke leku batetik bestera. Della Suddak adibideak eman ditu «ezkertze» hori azaltzeko: «Klimaren aldeko martxan hartu zuten parte, sindikatuek antolaturiko ekintzetara batu dira tokian-tokian, emakumeen eskubideen aldeko kolektiboarekin ere bat egin dute». Izan ere, abenduaren 5erako sindikatuek deitu duten greba orokorrera ere batu dira Jaka Horiak.

Hayaten ustez, jendeari justizia sozialaren aldeko borrokan sartzeko atea ireki dio mugimendu honek. Eta herritarrek politikan aktore izan nahi dutela ere erakutsi du. Adituaren ustez, sortu berri diren antolaketa modu berri horietatik ikasi beharko dute ondoko mugimenduek. Baina argi du gauza bat: «Oldarraldi hau ez da isilduko».

Errepresioak itoa

«Ez dute ulertu lortu arte segiko dugula; ez garela geldituko»

«Neoliberalismoak ez du promesa bete, eta erreakzio bortitzak eragin ditu»

Hurrengo borroka: pentsioak

Azaroan sartu da indarrean langabezia sari berritua

BERRIAn argitaratua (2019/11/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA