astekaria 2016/02/19
arrowItzuli

gizartea

«Lehentasun kontua da»

Eskeine Legorburu

«Lehentasun kontua da»

Bidaiatzeko, etorkizun oparoago bat izateko, teknologia berrietarako... horietarako da ona ingelesa; baina horren guztiaren aurretik egon behar da euskara maila on bat izatea». Hala uste du Felix Etxeberria EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Zientzietako katedradunak. Hezkuntzan euskarak bere lekua izan behar duela, eta «egungo sistemarekin ez euskara eta ez inglesa» ez direla indartzen pentsatzen du Jasone Zenoz EHUko hezkuntza zientzietako katedradunak. Biekin bat dator Sergio Iribarren Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzailea. PAI programak Nafarroan sortu duen anabasaren harira, nola ikusten dute ingelesa hezkuntzan txertatzeko gaur egun eskoletan erabiltzen duten metodologia?

Kritiko agertu dira ingelesa irakasteko moduarekin, eta euskara gehiago indartu behar dela uste dute. «Lehentasun kontua da», Iribarrenen arabera: «Arduradunen interesen arabera erabakitzen da euskarari edo ingelesari ematea garrantzia». Hego Euskal Herrian ingelesa irakaskuntzan txertatzeko garatu den sistemak «ez ditu emaitza onak eman», Etxeberriaren ustez. Arazoa metodologia dela dio, «kontrolik gabe, ebaluaziorik egin gabe, eta planifikazio kaskarrarekin» txertatu delako. Galdera egin du: «Euskara bermatuta ez dagoen gune batean hirugarren hizkuntza bat hain modu goiztiarrean txertatzeak, zein justifikazio du?». Etxeberriarentzat, «moda kontua» da: «Gizartean hezurretaraino barneratuta dago ingelesik gabe ez dagoela etorkizunik».

Zenozen ustez, arazoa «integrazio eta kohesio falta» da. «Hizkuntzen arteko curriculum integratu bat lortzea erronka izan behar da eskoletan, eta ikasgaien eta irakasleen artean koordinazioa egon behar da». Horrek, baina, «kultura aldaketa bat» eskatzen du, «gaur egun oraindik gertatu ez dena». Hizkuntzen artean «antolaketa bat» egotea ezinbestekotzat du Zenozek, hizkuntzen arteko loturak ez baitira nahikoa aprobetxatzen, haien artean «bakartuta» daudelako.

Iribarren ere iritzi berekoa da: «Nafarroan metodologia zehatzik gabe, ikastetxe bakoitza bere kasa utzita, eta baliabiderik eman gabe txertatu da ingelesa eskola askotan». Arazoa ez da ingelesa irakasten den edo ez, «baizik eta nola egiten den». Hizkuntza ezberdinak batera ikastearen aldekoa da Zenoz, baina argi edukita hizkuntza bakoitza zein esparrutan erabili behar den: «Horren arabera banatu behar da irakasgaien programazioa. Etxeberria, Zenoz eta Iribarren bat datoz: euskara izan behar da ardatza.

Adina eta kokalekua

Ikasle bakoitzak hizkuntza bakoitzean duen maila zein den zehazten duten azterketak hartu dituzte oinarri metodologia «kolokan» jartzeko; «hizkuntzak irakasteko dauden estrategiak trukatu behar dira, baliabideak aprobetxatu, baina beti euskarari lehentasuna emanda», zehaztu du Zenozek. «Ikerketa horiek erakutsi dute txikitatik hizkuntza bat ordu gutxiz ikasteak ez dituela emaitza onak bermatzen». Horregatik, haren ustez, kontua ez da noiz hasten den hizkuntza bat ikasten: «Baliteke beranduago hastea, baina intentsiboagoa izan delako emaitza hobeak lortzea».

Europa dute ispilu hirurek ingelesa irakaskuntzan nola txertatu proposatzeko. «3-4 urterekin has liteke, arin, eta gero 6-8 urterekin sakonago». Iribarrenentzat, adinaz gain kokalekua ere kontuan hartu behar da: «Nafarroan eta Iparraldean euskarak ez dauka ofizialtasun osoa; beraz, hainbat gunetan zero azpitik hasten gara; eremuaren arabera eta tokiko egoera soziolingustikoaren arabera hartu behar da erabakia».

Elebidunek, «abantaila»

Iribarrenentzat, ez da berdin Gipuzkoa edo Nafarroa hartzen den eredu; ezta Nafarroako edozein eremu ere. «Kontuan hartu behar da eremuan zein hizkuntza baliabide dauden kanpoko hizkuntza bati lekua egiteko, eta hizkuntza horren irakaskuntza ahalik eta eraginkorrena izateko». Horretarako, dauden aukerak aprobetxatu behar direla diote Zenozek eta Iribarrenek.

Zenozen ustez, argi eduki behar da hizkuntza bakoitza zein esparrutan edo espaziotan erabili behar den, eta «horren arabera banatu behar da programazioa». Hor, elebidunek «abantaila» dutela dio: «Azterketek erakutsi dute elebidunek hobeto ikasten dutela hirugarren hizkuntza bat». Zenozen arabera, «elebidunen gaitasun metalinguistikoa handiagoa da, eta, horregatik, hobeto ikasten dituzte beste hizkuntza batzuk». Maila komunikatiboan ere elebidunek garapenerako aukera handiagoa dutela zehaztu du Zenozek.

Iribarrenentzat garrantzitsua da euskara ikasgelatik kanpoko beste eremu batzuetara ere zabaltzea: «Jangelan, jolas garaian, edo eskolaz kanpoko ekintzetan, adibidez, euskara bermatuta egon dadin ahalegina egin behar da».

BERRIAn argitaratua (2016/02/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA