iritzia
Euskararen fosilak
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Gure Otsagabiko amabortze-ari —hau da, amaren amari— halaxe gertatzen zitzaion: dena gazteleraz egiten zuela uste zuen arren, noiznahi erranen zigun, gazteleraz, joateko sabaiau-ra trasto-ren baten bila, aztaria-n zegoen txistor puska bat ekartzeko hamarretako-rako, patata xorra-tzera zihoala osaba (ataka-ren ondora), txerriaren birika-k genituela bazkaltzeko. Noiznahi ibiliko zen paseatzen bidezarra-tik edo karrikamiarra-n barrena; nekez igoko zuen llapa, haren 80 eta gehiago urterekin.
Txikitan euskaraz ez omen zekien nire ama ere txirrista-ka ibiltzen zen lagunekin, zartako-ak emanen zizkion tarteka agian aita-k, etxekarte-etan gordeko zen lagunekin ezkutaketetan ari zela (asun-en batek zizt egiteko beldurrez), eta ondotik kuluxka bat eginen zuen supazter-aren beroki-an. Gauetan, zorterik bazen, maxela eta (onddo) beltza-k afalduko zituzten, platera zikin-ik gabe utzi arte zurrupa-tuta. Mozkor-en bat ibiliko zen karrikatik gero, zarratrako jantzita, xinxorga. Eta amak bidali didan hitz zerrenda osoa testu honetan sartuko banu egunkariko orri osoa beteko nuke akaso.
Bertze leku batzuetan ere entzun izan dut, ustez gazteleraz, mailuari mallo deitzen; sugandilari sangordilla. Euskararen aztarnak, beraz, nonahi.
Pena da leku horietan fosilak baino mantendu ez izana; baina halakoak entzunez mendeku irribarre betegarri bat ateratzen zait euskarari gorrotoa dioten horiengan pentsatuz. Fosil gisa bada ere, halakoek erakusten baitute, nahi luketenaren aurka, leku horietan euskara bazela. Eta badela.