astekaria 2019/11/22
arrowItzuli

ekonomia

BURTSARATZE HISTORIKO BAT

Hodei Iruretagoiena

BURTSARATZE HISTORIKO BAT

Ehuneko txiki bat aterako du burtsara, %2 inguru, baina asko da, hala ere. Eztabaida dago: zenbat balio duen benetan Aramcok, Saudi Arabiako petrolio konpainiak. Mohamed Bin Salman printze oinordekoak 1,8 bilioi euroan kokatu zuen enpresaren balioa, baina atzerriko inbertsiogileek zalantzan jarri dute kopuru hori. 1,3 bilioi euro aipatzen ari dira, eta, azkenean, 1,5 bilioira jaitsi du Saudi Arabiak Aramcoren balioa. Petrolioaren prezioaren gorabeherak aurreikustea ere ez da erraza, eta burtsaratzearen baldintzen inguruko lehian ibili dira azken egunetan batzuk eta besteak. Edonola ere, nahiko segurua da historiako burtsaratze handiena izango dela, 2014an Alibaba txinatarrak egindakoa gaindituta.

Ekialde Hurbileko petrolio ekoizle handien egonkortasunik eza ere zalantza iturri da azkenaldian. Saudi Arabiaren aurkako iraileko erasoa izan da handiena, baina petroliontzien aurkako sabotajeak ugariak izan dira. Atzo bertan, Iranek salatu zuen drone atzerritar bat sartu zela Persiar golkotik, eta Ahvaz hiritik ehun bat kilometrora bota zutela, hego-ekialdean. Irango petrolio ekoizle nagusia da eskualde hori.

Burtsaratzea baieztatu ondoren, askok agertu dute Aramcoren akzioak erosteko interesa. Oraingoz, Txinako Estatuaren konpainia batzuen inguruan atera dira datu zehatzenak: 9.000 milioi jartzeko prest leudeke. Ostegunean, Aramcok baieztatu zuen akordioa egin dutela bost bezero txinatarrekin, 2020rako petrolio salmentak handitzeko. «Fedea dute gure egonkortasunean», nabarmendu zuen konpainia arabiarrak. Txinak inportatzen du petrolio gehien, eta Saudi Arabiak saltzen die gehien.

ZER DA ARAMCO?

Aramco Saudi Arabiako petrolio konpainia da, estatuarena, eta munduan etekin handienak dituen enpresa. Oraintsu eman ditu 2019ko irailera arteko datuak: 60.000 milioi euro irabazi ditu. Sektoreko beste enpresa handi askok batera baino gehiago, iazko datuekiko beherakada handia izan arren. Esate batera, Mendebaldeko lehiakide handienak elkartuta ere (Exxon Mobile, Shell, British Petroleum, Chevron eta Total), ez lirateke iritsiko haren negozio bolumenaren bi herenera. Burtsan, berriz, Applek, Amazonek, Googlek eta Microsoftek baino gehiago balioko du. Harena da munduko petrolio ekoizpenaren hamarren bat.

NOLA EGIN DA HAIN HANDI?

1932an herrialdea bateratu eta sei urtera, gordailu erraldoiak aurkitu zituzten Persiar golkoaren kostaldean, eta Saudi Arabiako Gobernuak diru sarreren %90 lortzen ditu hortik. Aurrez, Al-Saud errege dinastiaren agintepean gertatu zen bateratze prozesua, Britaniar Inperioaren babesarekin. Hark kontrolatzen zituen protektoratuaren mugak, eta gerora ere harreman onak izan ditu xaria lege islamiarra ezartzen duen monarkia absolutistarekin, beste potentzia askoren gisan.

1938an lehen petrolio putzu handiak aurkitzean, konpainia estatubatuarrei eman zieten esplotazio eskubidea, baina, pixkanaka, Saudi Arabiako Gobernuak eskuratu zuen konpainia, 1980an erabat erosi arte. Geroztik, urre beltzetik aberastu da Mohammed bin Salman printze oinordekoak kontrolatzen duen herrialdea.

ZERGATIK BURTSARA?

Estatuarena da Aramco. Mendekotasuna errentagarri izan zaio Saudi Arabiari, baina ez da arriskurik gabea. Erregaiaren prezioak aldakorrak direnez, gastuari eusteko modu bakarra zuen pilatutako diru eta erreserba handietatik hartzea.2030erako herrialdeko ekonomia modernizatzeko Riaden planaren gakoetako bat da operazioa. Urre beltzarekin aberastu dira, baina petrolio esportazioekiko dependentzia murriztu nahi dute. Hau da, petrolioak emandako dirutza beste sektore batzuetan ere inbertitu nahi dute, balizko ustekabeak aurreztu eta aberats izaten jarraitzeko.

NOLA EGINGO DUTE HORI?

Dibertsifikazioa bilatuz. Egin kontu: Saudi Arabiaren BPGaren %60 sektore publikotik ateratzen da, gehienbat, petrolioari lotuta. Beraz, horri buelta eman eta enpresa txiki eta ertainen sarea sustatzea da Bin Salmanen erronka. Bi ondorio lortu nahi ditu bereziki: petroliotik kanpoko diru sarrerak handitzea, eta gazteentzat lanpostu publiko berriak sortzea. Hori bai, burtsaratzearekin, orain arte ez bezala, Aramco behartuta egongo da kontuak hiru hilabetean behin argitaratzera. «Modernizazioa» sustatu nahi du, azken batean. Baina, noski, monarkia absolutista eta erlijioaren nagusitasuna zalantzan jarri gabe

ZERGATIK ORAIN?

2016an aipatu zuten lehenengoz burtsaratzea, eta New Yorkeko eta Londresko burtsetan ere agertu zuten interesa. Atzeratu egin zaie, ordea. Arrazoiak? Gorabehera batzuk izan dituzte azkenaldian. LPEEn, adibidez. 2016. urteaz geroztik, beste hamar aliatu biltzen dituen talde baten parte ere badira. LPEE hedatu horretan dago orain Errusia ere, eta erabakiak aldebakarrez hartzea egotzi die Iranek Saudi Arabiari eta biei.

Iazko urriko Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketak ere ekarri dizkio arazo batzuk Bin Salmani, eta eraso handi bat jasan zuen irailean. Abqaiq-eko findegiak (munduko handienak) eta Khurais putzuak (handienetan bigarrena) jo zituzten matxino huthi yemendarrek, droneen bidez. Ondorioak ez dira nolanahikoak izan: ekoizpena erdira jaitsi behar izan zuten, eta hamabi dolar garestitu zen Brent upela egun batetik bestera. Arabiarrek Abqaiq-eko putzutik ateratzen dute esportaziorako petrolioaren %70. Munduko armada handienetakoa duen herrialde batentzat, zaurgarritasun hori erakusgarri ona da negozioak dibertsifikatzeko beharra ulertzeko.

ZERGATIK DA HAIN GARRANTZITSUA PETROLIOA?

Munduko energiaren herena baino gehiago ematen du, eta plastikoetarako lehengai nagusia da. Baina, eta hau da garrantzitsua, ekonomia modernoaren oinarria da. Edwin Darkek aurkitu omen zuen lehen aldiz, Pennsylvanian (AEBak), 1864an. Balea olioa ordezkatu zuen pixkanaka, eta haren eskutik etorri zen, esaterako, garraioaren garapena. Eta, horrekin batera, egungo munduaren antolaketa modua. Ez da harritzekoa, beraz, petrolio upelena izatea mundu mailako ekonomiaren erreferentziazko prezioa.

1973ko krisia da, esaterako, horren adierazle. Arabiar estatu batzuek bahitu egin zituzten herrialde batzuetako salmentak, eta upelaren prezioa laukoiztu egin zen hilabete gutxitan. Gerra Handien ondorengo oparotasun garaiko lehen lurrikara ekonomikoak ekarri zituen horrek, eta mundu mailako dezelarazioa izan zen emaitza.

PETROLIOA, NOIZ ARTE?

Oraindik badaude erreserbak, eta askorako ematen du garapen teknologikoak. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen arabera, inoizko handiena da kontsumoa. Eguneko 99 milioi upel erabili ziren iaz, eta 100 milioira iristea da aurten aurreikuspena. Dena den, kontsumitzen dena baino azkarrago deskubritzen da oraindik. Fracking teknikarekin, esaterako, gehien ekoizten dutenen artean sartzea lortu dute AEBek. Eta, hala ere, Erreserba Estrategikoak dauzkate, larrialdi garairako.

Beste faktore batzuk ere badaude, ordea. LPEEren aurreikuspenen arabera, «petrolioak menperatuko du merkatua 2040an ere». Baina badago beste datu bat ere: munduak ezin ditu gaur egun dituen ikatz, petrolio eta gas erreserba guztiak erre kliman ondorio katastrofikoak eragin gabe. Hau da, ezagutzen diren erregai fosil erreserben %70 lur azpian gelditu behar liratekeela.

ZER DIRA AEB-EN ERRESERBA ESTRATEGIKOAK?

Mexikoko golkoan, itsas mailatik kilometro erditik gorako sakoneran, lau biltegi handi omen dituzte AEBek petrolioz beteta. Datu ofizialen arabera, 645 milioi upel inguru dauzkate han, eskasian geratuko balira ere. 1991n baliatu zituzten lehen aldiz, Iraki eraso ziotenean. Batez beste estatubatuarrek kontsumitzen dutena aintzat hartuta, kalkulatzen da hilabeterako erreserbak izango lituzketela.

ETA USTIATU GABEKO ERRESERBAK? NON DAUDE?

Ez da erraza jakiten, baina CIAk egina dauka zerrenda bat. Horra sailkapena: Venezuela, Saudi Arabia, Kanada, Iran, Irak, Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak, Errusia, Libia, Nigeria... Zerrenda horretan Ekialde Hurbileko herrien nagusitasuna ikusita, agian, hobeto uler daiteke hango egoera. Hara beste zerrenda bat, lagungarri gisa: nork inbertitzen du BPGaren zatirik handiena gastu militarrean? Saudi Arabiak (%8,8), Errusiak (%3,9) eta AEBek (%3,2).

Kontuan hartzekoa da, batez ere herrialde pobreenentzat, oso handia dela nazioarteko erregai merkatuen gorabeherekiko menpekotasuna. Gaitasun gutxi dute diru iturriak dibertsifikatzeko, eta aurrekontuen zati oso handia ordaintzen dute erregaietatik datorkien diruarekin. Nahiz eta halakoetan estatuaren konpainia bat izan ohi den erreserben jabea, arrisku gehiago hartu ohi dituzte konpainia pribatuen aldean. Haiek, lizentziak amaitzean, beti egin dezakete alde.

BERRIAn argitaratua (2019/11/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA