kirola
AINHOA SANZ
«Errepidekoarekin alderatuz, giro jatorragoa aurkitu dut mendian»
Unai Ugartemendia
Bizi guztia daramazu korrika, baina noiz hasi zinen lehiatzen?
10 urte nituela. Anaia atletismoan hasi zen, eta, oso gustura zebilela ikusita, nik ere probatzea erabaki nuen. Ezustean izan zen. Atletismoan hasi bezain pronto ekin nion lehiatzeari ere. Jada hogei urte egitear noa atletismoan.
Zumarraga-Urretxu zonak beti izan du atletismorako joera. Zer dela eta?
Zumarragan atletismoko pista izan dugu betidanik, eta horrek zaletasuna ekarri izan du. Horrez gain, herri lasterketak ere egiten dira inguruan, eta betidanik ibili izan da jendea korrika.
Nolatan egin dituzu orain arte zure lasterketarik onenak krosean?
Oso txikitatik hasi nintzen krosean, pistan hasi baino lehenago. Behin pistan hasteko hautua egitean, denek krosa egiten dugu, baina, ondoren, diziplina ezberdinetan banatuz joaten gara. Ni beti ibili izan naiz korrika; ez nuen ikusten neure burua beste ezein modalitatetan. Izan ere, atletismoko diziplinen artean, beti distantzia luzeetakoa izan naiz, ez abiadurakoa. Abiadura ez da inoiz izan nire dohainik aipagarriena [barrez].
Oso txikitatik hasi omen zinen nabarmentzen korrika.
Bai, oso txikitatik ikusi nuen ez nuela arazorik gelako mutilen pare ibiltzeko. Garai hartan ikastolan egiten ziguten Cooperren testean onenen parean ibiltzen nintzen. Denboraren poderioz, distantzia igoz joan nintzen. Kimuetan, esaterako, kilometro batean lehiatzen nuen. Ondoren, mailak igoz joan nintzen.
Urte askotan Euskal Herriko txapeldun izan zinen krosean.
Bai. Oso gustuko diziplina izan dut beti krosa. Urte asko eman ditut bertan lehiatzen, eta oraindik ere asko gozatzen dut.
Zerk erakartzen zintuen gehien?
Lokatzak eta aldapek. Horiek dira krosaren ezaugarri nagusiak. Berezia da oso: desnibelak saihestu behar dira, oinak beti ezberdin botatzen dira, zapaltzeko zailtasunak... Zenbat gozatzen dudan oraindik ere krosean!
Pistan ere kilometro batzuk egindakoa izango zara, ezta?
Pistan denetik egin dut: 5.000 metrokoa, 10.000 metrokoa, 3.000 metroko oztopokoa... Azken hori izaten nuen gustukoen. Jauzia egin eta berriro ere laster batean korrika egin behar horrek asko motibatzen ninduen. Hala ere, oztopoak saihesteko teknika falta zitzaidan.
Gerora etorri zen errepidean korrika egiteko hautua. Zergatik?
Distantziak handituz nindoan heinean, 18 urterekin, errepideko lasterketetan hasi nintzen. Normalean, krosa eta pista egiten nituen, baina urte pare batez errepidean ibili nintzen pistan ibili beharrean. Maratoi erdi bat prestatzen hasi nintzen. 2012an, Azkoitia-Azpeitian egin nuen debuta. Gipuzkoako Txapelketa zen, eta irabazi egin nuen. Urte batzuetan probatu nuen arren, askoz nahiago izan dut beti krosa.
Azken bi urteetan mendi lasterketetan ere murgildu zara. Baina lehenagotik ere mendi lasterketaren bat egina zenuen, ezta?
Bai, hala da. 2012an, Espainiako Atletismo Federazioak Espainiako Mendi Lasterketetako Txapelketa antolatu zuen Tineon [Asturias, Espainia], eta hara joan nintzen. Hamar kilometroko ibilbidea zen, eta oso desnibel gutxi zeukan. Ondo moldatu nintzen, eta asko gustatu zitzaidan. Handik itzultzean, gutxinaka pista utziz joan nintzen, eta mendira gerturatuz.
Azkenean pista utzi zenuen. Zergatik?
Ikusten nuelako ez nuela abiadura nahikoa. Gainera, gorputzarentzat askoz ere hauskorragoa da, oso kirol exijentea delako. Pistan ibiltzea oso gogorra da, eta kalitate handia behar da. Egun, ez zoaz inora ez baduzu egiten 3.000 metrokoa bederatzi minututan.
Mendirako jauzia orain bi urte egin zenuen, telebistako programa batean ibili eta gero. Nola duzu gogoan?
Gailurra Xtreme saiotik deitu zidaten, bertan parte hartu nahi nuen galdetuz. Baietz esan, eta han ibili nintzen zazpi-zortzi egunez. Ikusi nuen ez nintzela batere gaizki moldatzen. Oso ondo pasatu nuen, eta fisikoki ere oso ondo moldatu nintzen. Izugarrizko giroa izan genuen programan, eta ni horrekin gelditzen naiz.
Zer alde nabarmenduko zenituzke errepideko lasterketen eta mendikoen artean?
Mendian, lasterketa baten ondoren inor ez dela luzaketak egiten hasten. Hori atletismoan pentsaezina da. Bestalde, mendiko lasterketetako giroa askoz ere sanoagoa da. Errepidean eta pistan, lehiakortasuna muturreraino eramaten da. Atletismoan ez dut imajinatzen mendi lasterketa baten ostean izaten den giroa. Askoz ere kirol indibidualagoa da.
Gogoan al duzu mendian egindako lehen lasterketa?
Bai, Gabiriko [Gipuzkoa] Leharrei lasterketa izan zen. Oso oroitzapen polita daukat; irabazi ere egin nuen. Nahiko gogorra egin zitzaidan, gehienbat kroseko denboraldia amaitu ondoren izan zelako, eta inoiz ez nituelako hainbeste kilometro egin mendian.
Hala ere, mendi lasterkarien artean iaz egin zinen ezagun, Zegama-Aizkorriko bertikalean laugarren egin eta gero. Nolatan bertikal batean?
BeƱat Katarain lagunak konbentzituta atera nintzen. Ondo ibiliko nintzela esaten zidan, nire ezaugarrietarako egokia zela. Inoiz ibili gabea nintzen lasterketa bertikaletan, baina, aldapan gora ondo moldatzen naizenez, joatea erabaki nuen. Lasterketaren aurretik, hiru aldiz-edo joan nintzen ibilbidea ikustera. Ordura arte, esku batekin konta nitzakeen Aizkorrira egindako irteerak.
Iazko sasoia ondo amaitu ondoren, aurten erakustaldi handiak egin dituzu. Nola antolatu zenuen aurtengo denboraldia?
Ez nuen egutegi finkorik. Nire kasa ibili nahi nuen. Lehen mendi lasterketa Beran [Nafarroa] izan zen. Aste batzuk lehenago, eta ohitura dudan moduan, ibilbidea ikustera joan nintzen. Gauza horietan oso metodikoa naiz; agian krosetik datorkit zorroztasun hori. Sasoi onean joan nintzen Berara, eta, aurkari gogorrak izan nituen arren, irabazi egin nuen.
Gero etorri zen euskal selekzioarekin Espainiako Txapelketara joateko deia. Espero zenuen?
Ez nuen pentsatu ere egiten txapelketetan. Pentsa, orduan federatu gabe nintzen oraindik... Deia jaso ondoren, gertuko askok berotu egin ninduten, eta joatea erabaki nuen. Beldur handiz joan nintzen. Ordura arte, hogei kilometro inguruko probatan ibiltzen nintzen, baina hura 34koa zen.
Joan bakarrik ez, irabazi ere egin zenuen. Zer oroitzapen duzu?
Ez nuen inondik inola espero irabaztea. Askoz ere maila handiagoa espero nuen, eta niretzat ere ezusteko handia izan zen. Lehen bosten artean sartzearekin amesten nuen. Gehienek zioten Azara Garcia de los Salmonesek irabaziko zuela, are gehiago etxekoa izanik. Baina hura gainditu nuen. Hala ere, Sheila Aviles edo besteren bat izan balitz, ez nuen irabaziko. Espainiako Txapelketa irabazi ondoren, ezezagun izateari utzi, eta ezagun bihurtu nintzen.
Aurten, berriro Zegamako bertikalean aritu zinen, baita irabazi ere. Maratoian, berriz, ez zinen lehiatu. Zergatik?
Argi neukan aurten ez zela urtea. Neure burua ez nuen gai ikusten. Horrekin ez dut esan nahi ez nuela neure burua gai ikusten hura amaitzeko. Niri ondo entrenatzea gustatzen zait. Dortsala jartzeko, argi eduki behar dut beti ondo egiteko gai naizela; bestela, ez naiz ateratzen. Aurten hori gertatu da, ez nuela neure burua ondo prestatuta ikusten.
Lasterketa ikusten egon zinen. Ez al zenuen inbidiarik pasa?
Lasterketarekin ez, bi egun lehenago bertikala eginda nengoelako, eta egiten zuen beroak ez zuelako asko laguntzen korrikarako. Baina giroarekin bai. Aizkorrin ikusi nuena izugarria izan zen.
Esan dezakegu datorren urtean izango zarela?
Pentsatzen dut baietz. Baina, hala ere, argi daukat ez dela ibilbiderik onena nire ezaugarrietarako. Aldapa behera kilometro asko ditu, eta, gainera, ibilbide oso teknikoa da. Gauzak gutxinaka egin behar direla iruditzen zait, eta, alde horretatik, uste dut ibilbide logikoa egiten ari naizela.
Ez zara itsutu.
Hori oso argi dut. Atletismotik nator, eta badakit gorputzak errekuperazio ona behar duela, hurrengo lasterketan ondo ibiltzeko. Ez dit merezi asteburuero lehiatzen ibiltzeak, ez dudalako gorputza ondo errekuperatzen, eta badakidalako ez dudala ehuneko ehuna emango.
Salomon etxeak ere deitu zizun Espainiako Txapelketa eta gero. Zer konpromiso duzu haiekin?
Laguntza eskaini zidaten. Ez nuen babeslerik, eta baiezkoa eman nien. Haien arropa eramango dut, eta edozein lasterketara joateko aukera eman didate. Edozein txapelketa edo zirkuitu jokatzeko ateak ireki dizkidate. Datorren urterako egutegia eskatzen ari zaizkit, eta badut nahiko buruhauste.
Zerbait pentsatu al duzu?
Nire baldintzetara gehien moldatzen diren lasterketak egingo ditut. Salomonek ere bere zirkuitua du, eta ziur haietakoren batean aterako naizela. Hiru egiten saiatuko naiz, ahal badut, behintzat, gero finalean egoteko.
Irailean Europako Txapelketetan ere izan zinen Espainiako selekzioarekin, Italian. Hirugarren amaitu zenuen. Gustura?
Espainiako txapeldun izanda, aukera eskaini zidaten. Pentsatzeko esan zidaten. Aukera polita zen niretzat jendearekin harremana egiteko, bidaiatzeko eta orokorrean leku ezberdinak ezagutzeko. Italiako mendiak beste mundu bat dira; izugarriak dira. Lasterketa ederki hasi nuen; lehen postuan ere joan nintzen, aldapa behera hasi ziren arte. A zer nolako komeriak! Inoiz ez naiz lehiatu halako zirkuitu batean. Harri asko zeuden, elurra ere bota zuen bezperan... Lehen postutik laugarrenera pasatu nintzen, eta azken kilometroetan hirugarren postua lortu nuen. Lehen aldian hirugarren amaitzea izugarria izan zen.
Munduko Kopan ere garaipen handia lortu zenuen Ultra Pirineu lasterketan.
Udan gonbidatu ninduten, eta onartu egin nuen. Lehen asmoa maratoi erdian lehiatzea zen, baina ingurukoek esan zidaten Munduko Kopakoa lehiatzeko, 27 kilometrokoa. Azkenean, aldatu, eta han irten nintzen. Oso gustura amaitu nuen, eta konturatu naiz orain askoz ere gehiago gordetzen dudala azken kilometroetarako. Entrenamendu ona izan zen Argentinako Munduko Txapelketarako. Hala ere, asko daukat ikasteko, eta oraindik ere asko kostatzen zait jatea eta edatea.
Zer asmorekin zoaz?
Espainiako eta Europako txapelketetara joan nintzen antzera noa. Ez dakit nortzuk doazen ere. Hori bai, profila ikusi dut, eta, behin hara iristean, ikusi nahiko nuke. Astebeterako goaz, eta lehen mendi maratoia izango dut. Bi igoera ditu, eta erdialdean korrika asko egin daitekeen eremu luze bat dago. Benetako lasterketa 34. kilometroan hasiko da. Hara ez banaiz ondo iristen, ez dut zer eginik izango. Ez dut bereziki proba entrenatu, baina oso gogotsu nago.
Zein da helburua?
Lehen hamarretan sartzea handia litzateke; podiuma lortzea, aldiz, gehiegizkoa. Oso polita litzateke emaitza on bat lortzea, mendi lasterketetako sasoia amaitzeko.
Ondoren, krosean ariko zara buru-belarri. Denboraldia osatzeko asmorik ba al duzu?
Bai, ordurako hasita egongo da sasoia. Nire asmoa zen Europako Txapelketaren ondoren atsedenaldi bat hartzea eta Ultra Pirineu lasterketa lasai antzera egitea. Baina, hura irabazi eta gero, aukera hau suertatu zait, eta ezin nion ezetz esan. Baina bai, gero, kroseko sasoia egiteko asmoa dut.