astekaria 2019/11/22
arrowItzuli

bizigiro

Askatasun mina

Iker Tubia

Askatasun mina

Euskal Herrian luzaz ahantzia izan den arren, Mexikon heroi nazional euskaldun bat dute: Xavier Mina (Otao, Nafarroa, 1789 - Cerro del Borrego, Mexiko, 1817). Mexikoren independentziaren alde borrokatzeagatik fusilatu zuten soldadu espainiar kolonialistek, herenegun 202 urte. Gerrillari liberala zen, eta askatasunaren alde borrokatu zen. Ideia horiei jarraikiz borrokatu zen Napoleonen aurka eta altxatu zen Fernando VII.aren aurka, eta, azkenik, Mexikora abiatu zen, lurralde haren independentziaren alde borrokatzera. Larunbatean omenaldia egin zioten bere sorterrian, haren omenezko oroitarriaren bueltan.

Mexikon ez bezala, Minaren historia ahantzi egin da Euskal Herrian. Azken urteetan, baina, izen horri hautsa kendu eta argitara ematen saiatu dira historialari batzuk. Horren adierazle, duela bi urte Otaon haren omenez paratu zuten oroitarria. Bestela, duela hamar urtetik Xavier Minaren izena irakur liteke Noaingo (Nafarroa) kale izendegian, eta, iaz, Iruñeko plaza bati izen hori eman zioten.

Mexikon aireportu bat eta zenbait eskola eta kale izendatzeko erabili izan da gerrillariaren izena. Gainera, ohorezko tokia du Mexiko Hirian: Erreformaren pasealekuan dagoen Independentziaren zutabean independentziaren heroitzat jotzen dituztenen eskulturak ageri dira; tartean Xavier Minarena. 1823an izendatu zuten Mexikoko heroi, eta hiriburuko katedralean lurperatu zuten.

Kepa Larrea historialariak hiru liburu argitaratu ditu Xavier Minaren inguruan. Haren ustez, Euskal Herrian, «oraintsu arte», Espainiako historiaren bide beretik ibili dira; beraz, ez da harritzekoa Minaz ahantzi izana. «Bekatu handiak egin zituen; besteak beste, garai hartako [Espainiako] inperioaren batasunari eraso egin zion. Historia liburuetan zeharka azaltzen dute Napoleonen aurka egin zuela, eta Mexikokoa nahiago dute ahaztu. Beraz, aipatzen denean, traidoretzat dauka XIX. mendetik aurrera ofizial egin zen Espainiako historiak».

Napoleon erori ondoren Espainiako liberalak erregearen alde makurtu zirela dio Larreak. «Konstituzio monarkikoa egin zuten. Ikuspegi horretatik, Xavier Mina etsaia izan da beti, berak argi defendatzen zuelako errepublika. Garai hartakoak dira ideia errepublikanoak, eta bera ideia progresisten aldekoa izan zen».

Moztutako katea

Tomas Urzainki historialaria da Nafarroan Xavier Minaren omenaldiak sustatu dituenetako bat. Mina du bigarren abizena, haren arbasoa baita gerrillaria: urrutiko arrailoba. Urzainkiren aburuz, Mina «moztutako katebegi bat» da. «Hark ordezkatzen zuena eta haren jarduna moztu zuten, erreakzioaren indarrak boteretsuago izan zirelako. Katebegia moztu zuten, baina gure esperoan dagoela dirudi. Oraindik ez da lortu norbanakoen eta kolektibitatearen eskubideak errespetatzea».

Euskalduna zen Mina, eta Nafarroan hezi zen. «Bere garaiko semea da», Urzainkiren aburuz. «Gerora, euskaldunak atzerakoiak garela saldu dute, baina hori gezurra da». Haren heziketa laikoa izan zela nabarmendu du Larreak: «Garai hartan, Nafarroara ere barreiatu ziren Frantziako eta Europako ideiak». Independentziaren eta askatasunaren alde agertu zen bere idazkietan, monarkia eta absolutismoaren kontra. Bere gutunetan osasuna eta libertatea leloa idazten zuen.

Iruñetik Zaragozara (Espainia) joan zen, matematika eta filosofia ikasteko. Fernando VII.a errege izendatu zutenean, Godoyren kontra protesta egin zuen ikasle taldearen buru izan zen. Aurrerago, Napoleonen kontra borrokatu zen. Aragoin (Espainia) lehenbizi, Nafarroara ondoren. Nafarroako Lehorreko Kortsarioak gerrillari taldearen buru aritu zen, harik eta 1809ko martxoan Labion (Nafarroa) preso hartu zuten arte. Orduan, haren osaba Francisco Espoz Ilundainek hartu zuen ardura. Hark Mina abizena paratu zuen ilobarengatik, eta, egun, Francisco Espoz Mina gisa ezagunagoa da.

Mina Frantziako Vincennes gazteluan izan zuten preso, heriotzara kondenaturik. Kartzela hartan Napoleonen etsairik handienak zituzten preso, eta gerrillaria lau urtez egon zen han. «Urte horietan, militar handiekin eta politikariekin egonda, espetxea unibertsitate bilakatu zitzaion: Europako pertsona batzuk ezagutu zituen, eta frantsesa hobeto ikasi zuen. Nafarroara ideologikoki bizkortuagoa itzuli behar izan zuen, harrapatu zutenean 20 urte baino ez baitzituen». Han ezagutu zuenVictor Fanneau de Lahorie jeneral frantsesa, askatasun liberalaren defendatzailea.

Etxera bueltan, Iruñeko altxamendua antolatu zuen. Fernando VII.ak 1812ko Espainiako Konstituzioa bertan behera utzita, bere osaba eta gerrillarekin batera, Iruñeko gotorlekua eta hiria hartzea zuen helburu. «Iruñea askatzaileentzako esparru libre bilakatu nahi zuela esan zuen Minak. Zer esan nahi du horrek? Erregearen agindupetik eta, beraz, Espainiatik kanpo dagoen esparru bat. Berak independentzia baino ez duenean esaten, hori ulertu behar da; bestela, nola lortuko zuen Nafarroan esparru libre bat askatasunaren alde borrokatu zirenentzat?», azaldu du Larreak.

Mexikoko espedizioa

Baina porrot egin zuen, eta erbestera joan zen. Frantzia absolutistara lehenbizi,, eta handik Londresera. Han, Mexikoko askatasunaren alde borrokatzeko plana ondu zuen 1815. eta 1816. urteetan. Nazioarteko espedizio bat osatu zuen, eta berarekin batera borrokatutako soldadu nafarrak eraman zituen. «Espainian zereginik ez zela ikusita, pentsatu zuen Mexiko askatzeko talde armatuei lagunduta agian Espainiako Gobernua ere eroriko zela. Borboitarren iturri ekonomikoa Amerika baitzen». Horrekin batera, ideia errepublikanoak aipatu ditu Larreak: han dena egiteko egonen zenez, aukera gehiago izanen zen ideia horiek nagusitzeko.

Ingalaterran liberalen laguntza izan zuen espedizioa prestatzeko. Lord Holland bertako oposizioaren liderrarekin harreman estua izan zuen. Espedizioa egiteko, 300 ofizial, armak, dirua eta itsasontziak eskuratu zituen Minak. «Gazte honek gaitasuna zuen hori guztia antolatzeko. Zer-nolako nortasuna behar zuen halako pertsonen laguntza eta miresmena lortzeko», esan du Larreak.

1816ko maiatzaren 15ean, Ingalaterratik AEBetara abiatu ziren. Handik Haitira jo zuen Minak, eta Simon Bolivarrekin elkartu zen. Haiti Amerikan independentzia lortu zuen bigarren herrialdea izan zen, eta matxinoei babesa ematen zien. «Simon Bolivarrek aitortzen du bere eskutitzetan momentu batzuetan zalantzak izan zituela Venezuelara edo Minarekin Mexikora joan. Pentsa zer zirrara eragin zion Minak», kontatu du Larreak.

Nork bere bidea hartu zuen. «1817an, hiru espedizio askatzaile irten ziren: Bolivarrena, Venezuelara; Minarena, Mexikora; eta Jose Miguel Carrerarena, Argentinara. Hirurak hiru hilabetean, eta hirurek harremana izan zuten elkarrekin. Hiru espedizio horiek adostuta zeuden? Ez dago frogarik; ezin da baieztatu. Bakoitzak bere helburu eta konpromisoak zituen, baina ez da kasualitatea une berean hiru espedizio inportante abiatzea».

Kanpaina ona egin zuen Mexikon, baina 1817ko urriaren 27an atxilotu zuten soldadu kolonialek. Azaroaren 11n fusilatu egin zuten, 28 urte zituela. Bere bizitzaren azken urte horrek ezagun egin du Mexikon. Guadalupe Jimenez historialari eta ikerlari mexikarrak aski ongi ezagutzen du Minaren historia. Haren aburuz, ezjakintasunagatik ahantzi da gerrillaria ozeanoaren alde honetan. «Penintsulako eta erregeorderrietako agintarien propagandak traidoretzat eta munstrotzat jotzen dute, baina, hemen, Mexikon, eskuzabala eta adoretsua izan zen, eta bizia eman zuen independentziaren alde».

Fokua Minaren idatzietan jarri du: askatasuna, justizia, herrien duintasuna eta halako kontzeptuez mintzo zela azaldu du. «Fernando VII.aren absolutismoak eta liberalen kontrako jazarpenak bultzatu zuen independentziaren aldeko borrokan laguntzera». Belaunaldi berrientzat «eskuzabaltasun eredu» da Mina, eta horregatik uste du Euskal Herrian ere gerrillaria gogoratu beharra dagoela.

Larrearen arabera, Minaren ideologia desitxuratu dute zenbait historiagilek, baina harentzat «sekulako pertsonaia» da. «Jende idealista zen; uste zuten monarkia agortuta zegoela, eta askatasunaren alde borrokatu ziren». Orain arte «zokoratu» egin izan da, eta hori ez du begi onez ikusten, baina beldur da instituzioek Mina onartuz gero ez ote duten urardotuko. Urzainkiren arabera, «ezinbestekoa» zen Mina ezagutaraztea. «Eta lortu dugu». Gertatutakoa eta gertatzen dena ulertzeko gakoetako bat dela uste du. Izan ere, herriek beren historia kontatu behar dute: «Memoria historikoa ozta-ozta pasatu da biktima eta familiakoen artean».

BERRIAn argitaratua (2019/11/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA