gizartea
Lehen urratsak, betirako urratsak
Jokin Sagarzazu
«Inork ez du imajinatzen 0 eta 3 urte arteko ume bat pediatrarik gabe, baina bai eskolarik gabe». Eragileen artean adostasun handia dago haur hezkuntzari buruz: hezkuntza prozesuan funtsezkoa izateaz gain, zaintzaren eremua gainditu egiten du, eta tresna bat da desberdintasun sozioekonomikoak saihesteko eta aukera berdintasuna bultzatzeko. Horiek azpimarratu ditu Save the Childreneko Sara Polok ere. Eta beste bat gaineratu du: haur pobrezia. Datu bat eman du: Euskal Herriko bost haurretik bat bizi du egoera horretan. Nabarmendu duenez, ume horiek eskolara joatea «funtsezkoa» da «pobreziaren zikloa hausteko». «Horregatik laguntzen du haurren etorkizunean, eta laguntzen du orainean ere; adibidez, amak lan merkatuan sartzeko».
Save the Childrenek azterketa bat kaleratu zuen urrian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 0 eta 3 urte bitarteko eskolei buruz. Oro har, Eusko Jaurlaritzak azken urteetan egindakoaren «balorazio ona» egin du. Nabarmendu du hezkuntza fase hori arautu dela, eta edukietan eta irakasleen etengabeko formakuntzan urrats garrantzitsuak egin direla: halaber, haur-irakasle ratioetan «Europa iparraldeko kopuruetatik gertu» daudela azpimarratu du. Horiek alde positiboak; baina badaude «hobetu» beharrekoak.
0 eta 3 urtekoen eskaintza «zatituta» dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 0 eta 2 urte arteko umeentzat bi aukera daude: udalen haur eskolak eta Haurreskolak partzuergoa -Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta hainbat udalek osatuta-. Ondoren, 2 eta 3 urte arteko umeek, publikoan jarrai dezakete, baina Lehen Hezkuntzako eskoletara joan behar dute. 0 eta 3 urte artekoen zikloa eskaintzen duten eskola pribatuak ere badaude.
Save the Childrenek datu batzuk azpimarratu ditu: 2 eta 3 urte arteko umeetan ia %99 da matrikulazioa; 0 eta 2urte artekoetan, %60. Alegia, hamarretik lau ez dira eskolara joaten. Horien artean, hiru familia soslai «zaurgarri» identifikatu ditu: estualdian daudenak, gurasoren bat langabezian dutenak eta atzerritik etorritakoak. Atzerritik etorrien kasua azpimarratu du: haurren matrikulazioa 10 puntu txikiagoa da euskal jatorria dutenekin konparatuta. Hori zergatik gertatzen den galdetuta, hainbat arrazoi eman ditu Polok: zailtasun ekonomikoak, traba burokratikoak, ideologia eta sinesmenekin loturikoak, eta antolakuntzakoak edo politikoak.
Jaurlaritzako Ikastetxe eta Plangintzako zuzendari Eugenio Jimenezek azaldu duenez, Hezkuntza Sailak ez du azterketa zehatzik egin horri buruz. Nabarmendu du, baina, aurten igo egin direla matrikulazio kopuruak 0 eta 2 urte artekoen eskoletan: «%5 gutxienez». Uste du haur horietako gehienak «beharrak dituzten familietakoak» direla, doakotasuna lortzeko baldintzak betetzen dituztenak -diru sarrerak urtean 18.000 euro baino apalagoak direnean-.
Jaurlaritzak iazko bigarren sei hilekoan abiatu zuen haur eskolen tarifikazio eredu berria, eta, «gutxika» bada ere, nabari dituzte emaitzak. «Etxean geratu» diren haurren %40en inguruan, Jimenezek uste du tarifa berriei buruzko informazio eskasa dutela familia horiek. «Ezagutu ahala, ziur gaude zifrek gora egingo dutela». Azpimarratu du bi zikloak kontuan hartuta, %70etik gorakoa dela matrikulazioa: «Hortaz, Europako batezbestekoan gaude».p>
PUBLIKOA-PRIBATUA
Segregazioaren auzia
Oso bestelako iritzia dauka Steilas sindikatuko Ariane Alberdik. Jaurlaritzak 0-2 eta 2-3 urte arteko zikloetan egiten duen bereizketa kritikatu du. Nabarmendu du horrek «mesede» egiten diola pribatizazioari, eta hori dela EAEko hezkuntza sisteman ematen den «segregazioren» arrazoi nagusia. «Lehen Hezkuntzara iristerako, banaketa eginda dago. Egoera zaurgarrian dauden haurrrak ikastetxe publiko jakin batzuetan, eta besteak, itunpekoetan edo pribatuetan».
Alberdiren ustez, «ezinbestekoa» da haur hezkuntzaren «birmoldaketa orokor» bat egitea, eta 0-3 etapa osorik sistema publikoan txertatzea. «0-3 etapa bakarra, publikoa eta doakoa izan behar da». Hala balitz, «gizarte kohesiorako tresna gisa» erabili ahalko litzatekeela dio: «Guztiz kontrakoa ahalbidetzen du egun».
Polorentzat ere ez da berria «arazoa». «Aspalditik ari gara ohartarazten segregazioa sortzen dutela Euskadiko hezkuntza sistemaren ezaugarri jakin batzuek, eta azterketa honetan ere agerian geratu da fenomeno hori». Haren ustez, hezkuntzarako sarbidea eta hezkuntza sistema hasieratik izan behar da «bidezkoa»: «Aukera berdintasunak sortzeko haurren artean, eta desberdintasun sozialak hausteko».
Jaurlaritza ez dator bat kritika horiekin. Segregazioari buruz Save the Childrenek egiten duen analisia «Espainiako egoeratik» eginda dagoela dio, eta uste du Hezkuntza Sailaren laguntzen sistemaren bidez «orekatzen» dela egoera. «Itunpekoetan, 2 eta 3 urte artekoetan, batez ere oso handiak dira laguntzak, eta horiei esker oso txikiak dira kuotak».
Save the Childreneko kideak aitortu du 2 eta 3 urte artekoen ikasgelak haur eskoletatik atera eta lehen hezkuntzako zentroetan jartzeak «alde positiboak» dituela: besteak beste, 3 eta 6 urte artekoen faserako trantsizioa errazten duelako. Baina berretsi du «segregaziorako bide bat» ere bihurtzen dela maiz, itunpeko ikastetxe «batzuetan», bereziki. Haren ustez, horren arrazoi nagusia da ikastetxe pribatu batzuek jartzen dituzten matrikulazio baldintzak. Poloren arabera, horrek galarazi egiten du «soslai jakin batzuk» dituzten haurrak sartzea.
Horrekin bat dator Steilaseko kidea, eta gaineratu du eskola pribatuek finantzaketa publikoa jasotzen dutela: «36 milioi euro, azkenengo urtean». «Dirua jasotzen dute, eta ez dute inolako azalpenik eman behar matrikulazio irizpideen inguruan». Alberdik azaldu duenez, puntuazio sistema bat dute askok; adibidez, aurretik horietan ibilitakoak badira gurasoak edo hango langileak badira, aukera gehiago dituzte euren haurrak han matrikulatzeko. «Hezkuntza Sailaren kontrola handiagoa izan beharko litzateke».
Save the Childreneko kidearentzat ere Jaurlaritzaren ardura da estrategiak eta legeak egitea haur guztiek aukera berberak izan ditzaten. «Itunpekoak aktore garrantzitsu bat dira Euskadiko hezkuntza sisteman, haurren erdia inguru hartzen dituztelako; gure ustez, erantzukizun batzuk hartu beharko lituzkete segregazioa eta gisako fenomenoak eman ez daitezen».
Jimenezek, baina, ukatu egin ditu kritikak, eta itunpekoek «besteen arau berberak» dituztela azpimarratu du. «2 eta 3 urte artekoen geletan indarrean dagoen araudia 16 urteko geletan dagoena da: dekretu bat dago matrikula horiek arautzen dituena -2 urtetik 18ra bitartekoak-, ikastetxe publikoentzat eta pribatuentzat».
Alberdiren iritzian, Jaurlaritza «ezkutatzen» ari da haur eskola pribatu batzuetan egiten ari direna. «0-3 arteko hezkuntza bihurtu da eskola pribatuetarako sarbidea. Adibidez, zentro batzuek jaio ez diren haurrak matrikulatzen dituzte: publikoan 0-3 etapa egin dutenei sarbidea ukatzen diete; ez da bidezkoa».p>
TARIFAK
Doakoa ala laguntzak
Beste aldagai garrantzitsu bat da prezioarena. Haur eskola publikoen tarifak zehazteko irizpideak aldatu zituen iaz Jaurlaritzak: familiei zuzeneko diru laguntzak ematen zizkien lehen, eta errenta estandarizatua baliatzen du orain. Steilaseko kideak, baina, azpimarratu du neurria «oso eragin urria» izaten ari dela, «oso gutxik» jaso dituztela laguntzak aurten: «%10 inguru».
Alberdik azaldu duenez, familia askok «zailtasun handiak» dituzte baldintzak betetzeko. Arrazoiak, «ugari»: «Adibidez, haietako asko iritsi berriak dira, eta eta erakutsi behar dute beren herrialdeetan lan egiten duten ala ez, eta askotan ezin dute dokumentazio hori lortu». Alberdik dio «haur asko» geratu direla kanpoan agiri horien edo beste batzuen faltan kuota garestiak jarri dizkietelako. Sindikatuan beste hainbat salaketa jaso dituzte: «euro gutxi batzuen diferentziagatik» kuota bat ala beste bat ezarri dieten familienak, adibidez.
Alor horretan ere badago zer aldatua, Save the Childrenen arabera. Polok azaldu duenez, egungo sistemak «mesede handigoa» egiten die bi gurasoak lanean dituztenei, gurasoren bat edo biak lanik gabe dituztenei baino: landunen haurrek lau puntu lortzen dituzte; langabeenek, bakarra. «Kontziliazioa da baremazioaren oinarria, baina haur eskolen helburua ez da hori izan behar soilik». Hezkuntza fase horrek haurrengan duen garrantzia kontuan hartuta, aukera berdintasuna lehenetsi beharko litzatekeela dio; bereziki, familia txiroenetako haurren sarbidea bultzatuz.
Jimenezek, berriz, babestu egin du Jaurlaritzaren neurria, eta azpimarratu du «inguruko» herrialdeetan ez dagoelako halakorik. «Haur eskoletatik kanpo geratu diren haurren familien arazo nagusia ez luke ekonomikoa izan behar». Aitortu du kostatu egin zaiela «jendearengana iristea». «Agian, ez dugu asmatu komunikazioan, baina lehen urtea izanda, pozik gaude emaitzarekin».
ESKAINTZA
Hirietan gainezka
Save the Childrenekoek beste puntu bat azpimarratu dute: eskaintza. Steilasen ustez,«leku batzuetan» zerbitzua indartu behar da; «baztertuago» geratu dira, eta administrazioaren ardura da «denera» iristea.
Hezkuntza Sailak ere detektatu ditu «gabeziak». Jimenezek azaldu duenez, orain arte landa eremuan eta herri txikietan egin dute ahaleginik handiena, «hango gurasoen kontziliazioan laguntzeko, hirietan aukera gehiago baitituzte». Urteetan, baina, eskaera handiena hirietan egon dela azpimarratu du. «Hirietako haur eskolak topera daude edo ia beteta».
Jimenezek gogoratu duenez, Haurreskolen partzuergoa sortu zenean -2002an-, 30 zentro zeuden, eta egun, 240. Guztira, 8.000 umerentzako lekua dute, baina herena gutxi gorabehera hutsik daude; bereziki, landa eremuetan.
Ordutegiak ere «birpentsatu» beharko liratekeela uste du Save the Childrenek. «Haur eskoletako ordutegiak egokitzen dira bulegoetan-eta lan egiten dutenentzat; ez dira kontuan hartzen gaur egungo lan prekarioak». Horri buruz, Steilaseko ordezkariak uste du haur eskolei exijitzen zaiela «beste batzuei» baino gehiago. «Arazoa ez da haur eskolena; arazoa da lan munduarena, gizarte kapitalistarena. Uste da gizarte honen antolaketaren beharrei erantzun behar dietela eskolek. Hausnarketa sakon bat egin beharko litzateke».
Jaurlaritzako ordezkariak ere uste du egungo eskaintza «egokia» dela. «Ordutegi zabalak dira: 07:30etik 18:30era. Gehienez zortzi orduz egon daitezke haurrak, baina umeen beharrei begira eta arrazoi pedagogikoengatik, ez da komeni gehiago egotea».
Familiak eskaintzara egokitu ala eskaintza familietara egokitu. Dilema hori planteatu du Polok. Berak uste du bigarrena sustatu beharko litzatekeela: ordutegiak zabaldu eta «hezkuntza ibilbide alternatiboak» eskainiz; behar gehien edo egoera zaurgarrian daudenentzat, bereziki. «Bateragarriak izan beharko lirateke etxeko zaintza eta eskola. Familia batzuen kasuan, gainera, ezinbestekoa da, haurrek har ditzaten higiene, elikadura eta osasun pautak; eta eredu alternatibo batzuk landu daitezke, gurasoak ere zentroetan egon daitezen, haiek ere har ditzaten».