astekaria 2019/11/22
arrowItzuli

bizigiro

Bazkari bat aniztasunaren alde

Iñigo Satrustegi

Bazkari bat aniztasunaren alde

Urte batzuk igaro dira Euskal Herriko hainbat txokotan Bizilagunak egitasmoa egiten denetik. CEAR eta SOS Arrazakeria eragileek ekarri zuten formatua Europatik. Hain zuzen ere, Txekiar Errepublikan egin zuten lehenengo aldiz egitasmoa duela hamabost urte, 2004an. Harrezkero, kontinente zaharreko herrialdeetan zabalduz joan da, Euskal Herrira iritsi arte.

Bertako lagun taldeak, familiak, elkarteak eta beste hainbat jatorriz kanpotarrak diren talde batekin bazkaltzeko elkartzen dira. Hori da Bizilagunak-en oinarrietako bat. Denek prestatzen dute jateko zerbait, eta parte hartzeko hiru modu daude: anfitrioi, gonbidatu edo bien arteko bitartekaritza lana egiten duen dinamizatzaile gisa. Aurreiritziak alde batera utzi, eta kultura desberdinetako jendea ezagutzeko aukera izaten da, otordu baten bueltan.

Euskal Herrira duela zortzi urte iritsi zen ekinaldia; hain justu, 2012an, Gipuzkoara. Besteak beste, honako herri hauetan egingo dute aurten: Araban, Dulantzin eta Amurrion; Gipuzkoan, Arrasaten eta Ordizian; eta, Bizkaian, Portugaleten. Horiek izango dira egitasmoaren lekuko izango diren herrietako batzuk. Iaz 58 nazionalitatetako 2.500 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten. Aurrera begira, ordea, antolatzaileek espero dute urteek aurrera egin ahala, herrien zerrenda geroz eta luzeago izatea; areago, partaidetza handitzea ere espero dute.

Diskurtso arrazisten kontra

Hain zuzen ere, ekitaldiaren aurkezpenean, azkenaldiko diskurtso arrazista eta xenofoboen gorakada salatu dute. Horien aurrean Bizilagunak proiektuaren moduko espazioek duten garrantziaz mintzatu ziren antolatzaileak: «Keinu politikoa ere bada, kulturak nahastearen alde, eta diskriminazioaren kontra herritarrek duten jarrera islatzen duelako», esan du Virginia Cid CEAR-eko kideak. Halaber, goraipatu du gizarteak egunerokoan espazio pluralak sortzeko ere keinu kolektiboa egin duela.

Angelines Ortiz de Arrizabaletak (Agurain, Araba, 1957) esperientzia handia du egitasmoan; aurten laugarren aldiz parte hartuko du. Aniztasunean sinesten duela adierazi du, eta horrek bultzaturik erabaki zuela parte hartzea. Aitortu du hasieran ez zuela «gogo bizirik», baina urteekin eta izandako esperientzia onekin, geroz eta «gusturago» doala otorduetara. Gonbidatu eta anfitrioi izandakoa da, eta azpimarratu du sentsazio desberdinak izan dituela roletako bakoitzean: «Gonbidatu moduan zoazenean, lasaiago zaude; integratzera, entzutera, ezagutzera zoaz. Funtsean, egotera zoaz. Aldiz, anfitrioia zarenean, haiek gustura egon daitezen, kasu egiten saiatzen zara; urduriago zaude». Parte hartzen hasi zenetik aldaketa sumatu du aguraindarrak, lehen familia giroan ospatu ohi zelako, eta orain, berriz, talde handiagoetan: «Lehengo eredua intimoagoa zen, eta azken urteetakoa, berriz, herrikoiagoa. Biek dute euren alde ona». Agurainen, eta herrietan, beharrezkotzat jo ditu halako ekinaldiak, «bizilagunak izatea funtsezkoa eta sinplea baita», eta konbentzituta dago zurrumurruen aurka egiteko eta errealitateak ezagutzeko aukera «paregabea» dela.

Etxean kulturartekotasuna oso presente izan du Eneko Arberasek (Getxo, Bizkaia, 1988). Ama atzerritarrekin aritzen den elkarte bateko kidea da, eta bost aldiz hartu du parte amak egitasmo horretan, bitartekari moduan. Izan ere, orain bost urte, amak Filipinetako hiru emakume etxean bazkaltzera gonbidatu zituenean, Arberasek ere parte hartu zuen. «Kultura berriak ezagutzeko ate bat zabaldu zidan, eta, hein handi batean, horregatik joan nintzen atzerrira bi urtez bizitzera; Guatemalara», esan du getxoztarrak. Lehen esperientziak aukera eman zion ezagutu zituen emakumeen bizitza nolakoa zen jakiteko, eta gaineratu du «gogoz» dagoela aurten ere berriz parte hartzeko; horrez gain, igandean ezagutuko dituen bizilagun berrien bizimoduak ezagutzeko nahia ere badu.

Arberasek azaldu duenez, norbanako guztiei kostatzen zaie gizartean eraikita dauden mugak apurtzea, baina batez ere jatorriz euskal herritarrak direnei. «Egitasmo honek izotza apurtzeko balio du», nabarmendu du. Esate baterako, Bizilagunak egitasmoari esker, etxekoek harremana mantendu dute orain arteko aldietan mahaikide izan diren parte hartzaileekin.

Etorkinen ikuspegia

Bergaran (Gipuzkoa) hiru urte daramatza Karla Sanchezek (Matagalpa, Nikaragua, 1985), eta adierazi du iganderako «gogotsu» dagoela. Lehenengo aldia du egitasmoan, eta anfitrioi izango da. Nikaraguako eta Venezuelako emakume talde batekin bazkaria prestatzeaz arduratuko da, eta ohikoa den moduan, euren herrialdeetako jaki tipikoak kozinatuko dituzte.

Lagun batek eman zien Bizilagunak egitasmoaren berri, eta zalantzarik egin gabe izena eman zuten beste emakume batzuen bizipenak eta errealitateak ezagutzeko helburuarekin; hain zuzen ere, emakumeak bakarrik bilduko ditu bere etxean egitekoa duten bazkarian. «Hori da gehien gustatzen zaidan gauzetako bat: partekatzea. Uste dut motibazio nahikoa dela hori parte hartzeko», adierazi du Sanchezek. Kanpotar gisa, gaineratu du zailtasunak izan ditzakeela batzuetan integratzeko, eta, beraz, esan du halako egitasmoek pertsonak gertuagotik ezagutzeko aukera ematen dutela: «Hesiak gainditzeko modu ona da», azaldu du.

Iazko bazkariko oroitzapen polita dauka Afolabi Olokok (Lagos, Nigeria, 1983). Orain dela bost urte iritsi zen Gasteizera, eta etorri zenetik, hainbat erakunde eta elkartetan parte hartzen du. Elkarte baten bitartez, preseski, ezagutu zuen iaz Bizilagunak proiektua, eta lagun batekin batera animatu zen. «Erretiratutako bikote batekin bazkaldu genuen; oso atseginak izan ziren gurekin, eta asko hitz egin genuen», esan du Olokok. Asko ikasi zuen, tartean, Euskal Herriari buruz: «Euskal Herriaren beste kontzeptu bat ezagutzeko balio izan zigun. Nik uste nuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrialdeak baino ez zituela hartzen; ez nekien zazpi herrialdek osatzen zutenik».

Bikote horrekin harremana mantendu du urte honetan, eta «pozik» bazkalduko luke haiekin berriro ere aurten. Hala ere, beste familia edo lagun talde bat ezagutzeko prest ere azaldu da. «Euskal Herrira etorri nintzenean, ez nuke inolaz ere pentsatuko ezezagun baten etxean bazkalduko nuenik, eta hain modu naturalean. Baina oso positiboa izan da, eta horregatik errepikatuko dut aurten», adierazi du. Bestalde, gehitu du bertakoekin harremana izateak lagundu dezakeela etorkinak integratzen.

Bazkaria «aitzakia»

Bat datoz partaideak bazkariak lerro artean duen mezuarekin; izan ere, bazkaria bera aitzakiatzat hartzen dute; urte osoan, arrazakeriaren kontra lan egitera bultzatuko dituena. Ortiz de Arrizabaletaren ustez, «erreminta bat da bazkaria». Indarrak biltzen dituzte urtean behin, eta sortutako harremanekin, esaterako, dinamika ugari prestatu dituzte Agurainen. Antzera mintzatu da Sanchez ere: «Bidea ez da bazkarian bukatzen, baizik eta hor hasten da. Behin elkar ezagututa, gauza asko egin nahiko nituzke». Aliantzak sortzeko espazio bat dela gaineratu du. Arberasek, berriz, azaldu du «itxurakeria» litzakeela bazkaritik harago ezer ez egitea edo harremanik ez izatea: «Hori da otorduen helburua, eta harremana hasteko, oso ongi dago».

Era berean, oso baikor begiratu diote lau kideek Bizilagunak proiektuak ekar dezakeenari. Olokok azaldu duenez, egitasmoak balio du egunerokoan kalean topatzen diren pertsonak «ezagutzen hasteko, behintzat». Agurainekoak, berriz, nabarmendu du bazkariek aurreiritzien aurka egiteko balio dezaketela: «Bazkarietan ezagutzen diren errealitateei esker, argudio gehiago daude etorkinen inguruko gezurren aurka egiteko». Arberasek baikor esan du kulturak batzeko ekinaldi ona dela: «Ikus dezatela badagoela kanpotarrekiko interesa duenik, ez dugula denek beste aldera begiratzen. Gainera, gure kulturak elkar elikatu ditzakegu». Sanchezek gaineratu du igandean egingo duten bazkaria «ikasteko» eta «entzuteko» aprobetxatuko duela: «Jende berria ezagutzea asko gustatzen zait, eta ideia berriak jasoko ditudalakoan nago. Aliantzak sortzea asko gustatuko litzaidake».

Aurtengoari amaiera emateko, hilaren 30ean, larunbata, parte hartzaile guztiak bilduko dituzte; esaterako, Arabakoak Gasteizko letren fakultatean; eta Gipuzkoakoak Hernaniko Orona auditoriumean. Musika, antzerkiak eta ikuskizunak izango dira. Jatekoa ere egongo da, baita aurtengo argazkiak ikusteko eta bizipenen berri jasotzeko aukera ere. Festa horren bitartez, esker ona adierazi nahi diete CEAR eta SOS Arrazakeria elkarteek egitasmoan arituko diren guztiei.

BERRIAn argitaratua (2019/11/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA