ekonomia
Itxaropenaren biltegia zaintzen
Imanol Magro Eizmendi
Araluceko biltegia irekia da, eta gauak ez dira samurrak bertan. Langileek egurrezko paletekin eta plastikoekin babes moduko bat eraiki dute euriari aurre egiteko. Herenegun gauean sei graduko tenperatura izan zuten, eta hamasei bat lagun bildu ziren. Barnean, bidoi batean eginiko suak lehortzen ditu hezur hezeak, eta haren epeletara mintzo dira Josu Uriarte (Dima, 44 urte) eta Javier Andres (Bilbo, 42 urte). «Herriko jendeak oso ondo tratatzen gaitu. Kafea ekartzen digu, ogia... Hona ekartzeko dela dakitenean, okela ere oparitu egiten digute». 22na urte daramatzate enpresan, bina seme-alaba dituzte, eta ELA sindikatuak langile batzordean dituen kideetako bi dira. Guztira 144 langile dira, eta guztiak ari dira parte hartzen erresistentzian. «Aldarteak gora eta behera egiten du. Lantegia hustea eragotzi genuenean gora egin zuen; gero, berriz, behera. Orain, dirudienez, Jaurlaritzako lan ikuskaritzak legez kanpotzat jo dezake itxiera patronala, eta horrek piztu egin du».
Lantegia itxita baitago. Batzek iragan ostiraleko saioaren ondoren itxi egin zuelako, eta, harrezkeroztik, langileak ezin izan dira sartu. Batz 700 langileko Igorreko (Bizkaia)kooperatiba bat da, Mondragon taldearen barnean dago, eta 2016an erosi zuen Araluce, egoera ekonomiko larrian zegoenean. Hiru urte geroago, iragan urriaren 3an, jakinarazi zuen hiru hilabeteko desegite prozesua hasiko zuela, haien ustez bideragarria ez delako. Langile batzordea iragan ostiralean bildu zen azkenekoz Batzeko abokatuekin, eta harrituta gelditu ziren erreakzioarekin. «Ez genuen horrelakorik espero», onartu dute Uriartek eta Andresek. «Formekin harrituta gaude. Batzartu eta bost ordura, 40 ertzain zeuden hemen. Orain ezin dugu Batzeko zuzendaritzarekin hitz egin, harreman guztia likidazioa daramaten abokatuekin egiten da». Batz lantegia Aralucetik 300 metrora dago.
Lantegiko sarreran auto pila bat dago aparkatuta. Batzek trokel bat ateratzeko premia du, Jaguar etxearentzako enkargua da, eta Araluceko langileek diotenez, bukatzeke dagoena. Trokelak, baina, 32 tonako pisua du, eta bi kamioi behar dira mugitzeko. Beraz, langileek atzera egin ezean, ez da erraza izango hura ateratzea. Arantxa Dieguezek (Bilbo, 47 urte) kostata ahaztuko du ateratzeko lehen saiakera egin zutenean pasatu zuen «beldurra», baina nahiago du etorkizunera begiratu. Hamabost urte daramatza Aralucen eta bi seme-alaba ditu. «Guk enpresak jarraitu dezan nahi dugu. Beste krisi batzuk egon dira, eta modu batera edo bestera konpondu dira, neurri ezberdinekin. Orain, aldiz, okerrena informazio falta da: ez dakigu zer etorriko den». Ez da Igorren bizi, baina ez luke nahiko inguruko giroa asko gaiztotzerik. «Nik oso argi dut Batzeko langileak ez direla ari gure aurka. Araluceren inguruko erabakia hartu dutenak ez daude lantokian». Beldur hori zabaldua dago Arratian. Araluceren etorkizunak Batzena baldintzatu dezake, eta asko dira bi enpresetako langileak lotzen dituzten hariak: familiak, kuadrillak, eskolak... «Guk gure lana defendatzeko eskubidea dugu, eta badakigu Batzen bideragarritasuna ere arriskuan egon daitekeela epe luzera. Baina ezin gara ezer egin gabe gelditu», azaldu dute batzordeko kideek.
47 urte batez beste
Badakite zaila dela Araluce bizirik mantentzea, eta salbatzen badute zaila izango dela gaur egungo langile kopuruari eustea. Itxaropena bizirik mantentzeko, baina, «denbora» behar dutela nabarmendu du Fernandezek. «Sektorean badaude enpresa indartsuak, eta ez hemendik urrun. Azken urteak ez dira onak izan autogintzan, eta 2020a ere ez da ona izango, baina, analistek diotenez, 2021ean lan karga handia espero da. Sektore ziklikoa da, hori badakigu. Beraz, eta makinak barruan dauden bitartean, bizitza egongo da. Muga epe horretatik gero eta gertuago egon, gure itxaropena handiagoa da».
Inbertsiogile bat agertzea da itxaropena, eta, langileek diotenez, tamaina horretako erosketa bat ez da bospasei astetan egiten. Sidenorrekin harremanetan jarri ziren, eta hark ezetz esan zuen. «Erosteko interesa duen norbait agertzen bada, denbora behar du bideragarritasuna aztertzeko. Badakigu ez dela erraza izango, trokelgintzak Europan ez duelako aro ona bizi. Autogintza enpresak geldirik daude; ez dute modelo berririk ekoizten. Hala ere, bitartean, itxiera ez diren beste neurri batzuk har daitezke», azaldu dute Uriartek eta Andresek.
Batzek herenegun egin zuen azken eskaintza, posta elektronikoz. Epe motzera, desegitea hiru hilabetez ateratzeko prest agertu da, betiere trokelak ateratzen badituzte. Epe luzera, berriz, eta inbertsiogile bat agertuko balitz, «baldintza jakin batzuetan» negoziatuko lukeela adierazi du. Batzordeko kideek aztertu egin behar dute. «Ez dugu beldurrik, baina bai ardura. Batez ere lankideengatik: hau ixten bada, lan gehiago egingo ez duen jendea dago». Langileen adina 47 urtekoa da batez beste. Agirrezabala ere oroitu da lankide zaharrenekin. «Nire amak 40 urtez egin zuen lan hemen. Orain, 50 urtetik gorako 30 bat langile ditugu, eta ezin ditugu miseriara kondenatu. Gure borroka zilegi da».