astekaria 2019/11/08
arrowItzuli

gizartea

Informazioa ez da sakelan gelditzen

Ion Orzaiz - Oihana Elduaien Uranga

Informazioa ez da sakelan gelditzen

Google, Facebook edota Apple kontu baten -edozeinen- ezarpenen atalean begiratzea aski da, auziaren tamainaz jabetzeko. Konpainia horiek, eta haiei lotutako beste askok, badakite, besteak beste, erabiltzaile bakoitza non bizi den, non ibili den egunez egun, bikotekiderik edota seme-alabarik duen ala ez, begiratu dituen bideoak, erosi dituen produktuak, bisitatu dituen jatetxeak, erreserbatu dituen hegaldiak, entzun dituen abestiak... Beste horrenbeste gertatzen da sakelakora jaitsitako joko eta aplikazio askorekin. Informazio hori guztia, minutuero sortzen diren milioika eta milioika datuak, diru iturri bihurtu dira multinazionalentzat. Big data esaten zaio informazio kopuru pantagrueliko horiek kudeatzeko zientziari, eta azken urteetan kezka iturri bihurtu da, enpresen opakutasunagatik eta nazioarteko legeek alor horretan duten abagune handiagatik.

Oraingoan, baina, erakunde publiko batek sortu du kalapita: INE Espainiako Estatistika Institutuak iragarri du mugikortasunari buruzko ikerketa bat eginen duela datozen hilabeteetan, eta horretarako Movistar, Vodafone eta Orange konpainietatik jasotako datu multzo masiboak erabiliko dituela. Horren truke, 185.000 euro jasoko ditu Orangek; 163.615 euro, Movistarrek; eta 150.000, Vodafonek. Milioi erdi bat, guztira.

Zehazki, hiru enpresa horiek erabiltzaileen sakelakoen arrastoari segituko diete zortzi egunez: azaroaren 18, 19, 20, 21 eta 24; abenduaren 25; heldu den urteko uztailaren 20; eta abuztuaren 15. INEk azaldu duenez, sakelako horien lokalizazioa atzituko dute, «herritarren desplazamendu joerak ezagutzeko».



Hala ere, erakunde publikoko arduradunek ohar batean adierazi dute informazioa «anonimizatua» izanen dela erabat: ez dituzte erabiltzaileen datu pertsonalak bilduko, ezta telefono zenbakia edota gailuaren serie zenbakia ere; «sakelakoen gaineko datu-taula erantsiak» jasoko dituzte soilik. Teorian, beraz, ezinezkoa izanen da, informazio horrekin, ezein pertsona identifikatzea. Besteak beste, garraio azpiegituren egoera aztertzeko edota turismoari buruzko ikerketak egiteko balio dezake ikerlanak.

Oraingo hau ez da INEk egiten duen big data bidezko lehen ikerketa: iaz, proiektu pilotu bat egin zuen Telefonicarekin elkarlanean, Espainiara joandako turisten soslaiari buruzko estatistikak osatzeko. Oraingo honetan, baina, kalapita handiagoa sortu da sare sozialetan.

BERRIAk zenbait adituren iritzia bildu du, eta denak bat datoz: Espainiako Estatistika Institutuaren lana «legezkoa da», eta ez du herritarren pribatutasuna kolokan jarriko, erakunde publikoen gaineko araudia gardenagoa eta zehatzagoa delako. Zalantza eta desadostasun gehiago azaleratu dira, baina, enpresa pribatuen jardunaz aritzean.

«INEren erabakiari ez diot arazo handirik ikusten», laburbildu du Unai Aberasturik, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide irakasle eta datuen babesari lotutako auzietan adituak: «Administrazio barruko erakunde bat da; legeak arautzen ditu horren antolakuntza nahiz funtzionamendua, eta nahiko kontrolatua dago. INE legez derrigortua dago sekretu estatistikoa gordetzera». Horrez gain, irakasleak esan du datuen babeserako arauek «bereziki» babesten dutela jardun estatistikoa. «Estatistikak egitea interes publikoko helburu bat da, eta guk, gizarteak, onartu egiten dugu hori».

Iritzi bertsua azaldu du Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak, Margarita Uria abokatuak. «Orain arte, estatistika institutuek erabili izan duten metodo nagusia izan da inkestak egitea, baina horien emaitzek badute zehaztugabetasun puntu bat. Orain, aurrerabide teknologikoari eta big data-ri esker, datu kuantitatibo zehatzagoak lor ditzakegu, interes publikoaren mesedetan». Izan ere, Uriaren arabera, informazio pribatuaren eta interes orokorraren arteko harremana «oreka kontua» da. «Argi dago herritarren pribatutasuna babestu behar dela, baina badira aintzat hartu beharreko beste interes batzuk ere».

Bi adibide jarri ditu: oroimen historikoa eta dosier klinikoak. «Behin, 1936an fusilamendu batean parte hartu zuen baten biloba saiatu zen datu hori ezabatzen, pribatutasun eskubidea argudio gisa erabilita, baina halakoetan gailentzen da interes orokorra. Eta gauza bera gertatzen da historia klinikoekin: eskubide osoa dugu informazio pribatua kontrolpean mantentzeko, baina, hainbat kasutan, gure datuak aprobetxa daitezke mediku arreta hobetzeko edota etorkizuneko gaitzei aurre egiteko. Aintzat hartu beharrekoa da».

Edonola ere, INEren ikerketan sekretu estatistikoa «bermatua» egonen dela uste du Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak, «inkesten bidez lortutako datuak sekretupean gordetzen diren bezalaxe».

Big data-ren inguruko lantalde bat osatu dute Eustat estatistika erakundean ere, eta horren partaide da zabalkunde eta marketineko arduradun Jose Jabier Zurikarai. «Harriduraz» hartu du sortu den kalapita: «Jende asko asaldatu egin da estatistika institutu batek sakelakoen inguruko informazioa jasoko duelako, baina lehendik ere komunikazio konpainia handien eskuetan zeuden datu horiek. Paradoxa da ez dugula arazorik Facebooken aurrean biluzteko, baina bai datu estatistikoak erakunde publiko bati emateko».

Zurikarairen irudiko, «gizartearentzat baliozko informazioa lortzea» da INEk iragarritakoaren gisako ikerketen xedea: «Erakunde publikoek hartuko dituzten erabaki askok dute oinarria halako estatistiketan, eta komeni da erabaki horiek informazio fidagarrian oinarrituta egotea».

Itzalak, enpresen aldean

Horrek ez du esan nahi, ordea, sare sozialen, webguneen, bilatzaileen edota sakelako app-en bidez jasotako datu pertsonal horien guztien kudeaketa gardena denik. Ezta hurrik eman ere. Aitzitik, adituek nabarmendu dute opakutasunez jarduten dutela erakunde ugarik, sektore horretako lege abaguneak baliatuta: «Gure datuak ematen dizkiegu komunikazio konpainiei, eta ez dakit ohartzen garen horrek dakartzan ondorioez», esan du Aberasturik. «Finean, guk zerbitzu bat kontratatzen dugu, izan Internet, telefono sarea, zuntz bidezko telebista edo dena delakoa. Baina konpainia hauek egun duten negoziorik oparoena big data azterketak dira. Gero eta diru gehiago irabazten dute hortik».

EHUko irakasleak aitortu du horrek «zalantza ugari» sortzen dizkiola: «Nik kontratu bat sinatu badut produktu edo zerbitzu zehatz bat jasotzeko, enpresak noraino daude ahalbidetuta, nire datuak erabiliz, negozioa egiteko eta aberasteko? Nik ez al daukat eskubiderik hortik zerbait jasotzeko, edo zuzenean horri uko egiteko? Hor desoreka bat dago».

Polemikak azaleratutako beste eztabaidagai bat da «anonimo izateko» prozesuarena. Movistar, Vodafone eta Orange enpresek ziurtatu dute Espainiako Estatistika Institutuari emanen dizkioten datuak anonimoak izanen direla, baina zenbait ertz ditu prozesu horrek ere: «Gaur egun, teknikoki oso zaila da erabateko anonimotasuna ziurtatzea», azaldu du Aberasturik. Hala ere, anonimotasunari lotuta, EHUko irakasleak beste arrisku bat antzeman du, «intimitate kolektiboari» eraginen liokeena: «Big data proiektu batean, bermatzen ahal digute zainduko dutela norbanakoen pribatutasuna, ez dutela inor identifikatuko. Ados. Baina nork ziurtatzen digu pertsonak ez dituztela multzotan sailkatuko, eta talde bakoitzari ez dizkiotela ezaugarri zehatz batzuk esleituko? Auzo txiroak eta aberatsak, atzerritarrak eta bertokoak...».

Adituaren ustez, horrek arazoak sor ditzake, besteak beste, gisa horretako sailkatzeak «helburu polizialekin» erabiltzen direnean. «Horregatik diot ez nauela kezkatzen INEren ikerketa estatistikoak. Askoz gehiago kezkatzen nau konpainiek datu horiekin egin dezaketenak. Nori saltzen ahal dioten, eta zertarako».

Eta nahi ez dutenek, zer?

Abokatu, irakasle eta gainerako adituen arabera, datozen hilabeteetan INEk eginen duen ikerketak betetzen ditu Datuak Babesteko Espainiako Lege Organikoan jasotako baldintzak. Hala ere, erabiltzaileek badute aukera estatistikan parte ez hartzeko: telefono zerbitzua Vodafone eta Orange konpainiekin kontratatuta dutenek zuzenean eska dezakete: Mi Vodafone izeneko aplikazioaren bidez, edo mezu elektroniko bat bidaliz orangeproteccion.datos@orange.com helbidera, hurrenez hurren. Movistarren bezeroek ez dute aukera hori -konpainiak azaldu du ez dagoela horretara behartuta-; hortaz, bi bide gelditzen zaizkie, ikerketari izkin egin nahi badiote: egun horietan telefonoa itzaltzea, edo hegaldirako moduan ipintzea.

Eustateko Jose Jabier Zurikarairen esanetan, legedian «hutsuneak» daude, baina horrek ez du esan nahi herritarrek babes juridikorik ez dutenik: «Aukerak baditugu geure datuak erabili ez ditzaten, baina askotan ez dugu ezer egiten, hainbesteko kezka ez dugun seinale».

Aberasturik ere uste du Europakoa dela «araudirik zorrotzenetakoa», baina gaineratu du legeak ez direla «panazea», eta jendeak formakuntza gutxieneko bat behar duela. «Aplikazio bat deskargatzean edota webgune batean sartzean, lasaitasun handiz onartzen ditugu baldintzak, birritan pentsatu gabe. Dena onartu botoia sakatu, eta kito. Hortaz, legeak lagungarri izan daitezke, baina zinez uste dut irtenbidea gugan dagoela».

BERRIAn argitaratua (2019/11/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA