astekaria 2019/11/08
arrowItzuli

bizigiro

Tsunami bat sortzeko teknologiak

Iker Tubia

Tsunami bat sortzeko teknologiak

Kalean ez ezik, plaza birtualean ere jokatzen ari da Kataluniako borroka politikoa. Erantzuteko eta mobilizatzeko gaitasun handia erakutsi dute independentziaren aldekoek, eta, plaza fisikoa horrela hartzeko, plaza birtuala menperatzea izan da gakoetako bat. Ez da tresna bakarra, ez da toki bakarra, baina teknologiak eginkizun garrantzitsua du gaur egun herri mugimenduetan.

Twitter eta Telegram mezuekin abiatu zen Tsunami Demokratikoa esaten dioten mugimendua. Prozesu independentistagatik kondenatutako politikari eta ekintzaile sozialen sententzia ofizialki argitaratu zen egunean bertan piztu zen metxa: sare sozialen bidez bat-batean zabaldutako mezuei jarraikiz, milaka lagunek Bartzelonako aireportua kolapsatu zuten sententziaren kontra protesta egiteko. Orduan ezagutarazi zuen Tsunamiak aurrerantzean erabiliko zuen tresna: sakelako telefonoetarako aplikazioa.

Telegram taldearen bidez, mobilizazioen berri ematen dute. Dagoeneko, 390.000 jarraitzaile baino gehiago dituzte, eta hori da modurik errazena informazioa jasotzeko eta haien aplikazioa jaisteko. Izan ere, ezin da aplikazio gehienak jaisten diren tokietatik eskuratu: Googlen Play Store eta iPhoneren App Store. Hasieran webgune bat ireki zuten aplikazioa jaisteko, baina Guardia Zibilak itxi zuen egun batzuen buruan.

Espainiaren erantzunak argi uzten du zer-nolako garrantzia duen teknologia berrien erabilerak mobilizazio fase honetan. Lehenik eta behin, Tsunami Demokratikoaren webgunea itxi zuen, eta, hala, aplikazioa jaisteko bide bat oztopatu. Ondoren, aplikazioa igota zegoen zerbitzariari agindu zion hura bertan behera uzteko: GitHub enpresak argitara eman zuen Guardia Zibilak bidalitako mezua. Aplikazioa bertan behera uzteko eskatzen zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, Tsunami Demokratikoa «talde kriminaltzat» daukalako, eta «ekintza terroristak» bultzatzeagatik ikertzen ari delako. Hala ere, zentsura soilik Espainiak kontrolatzen duen eremuan dago indarrean.

Aplikazioaren barruan

Baina nola funtzionatzen du aplikazio horrek, eta zergatik du Espainiak jopuntuan? Marc Solerrek Tsunamiaren ekintzetan parte hartu du lehenbiziko egunetik. Izen hori asmatua da. Mugimendua terroristatzat jo du Espainiako justiziak, eta, beraz, nahiago du izena ez eman: «Nire ingurukoei Tsunamiaren ekintzetan parte hartzen dudala esateak ez dit beldurrik ematen, baina publikoki ezin dut esan, zer gerta ere. Tristea da, egia esan». Aireportuaren ekintzaren egunean jaitsi zuen aplikazioa Solerrek; astelehena zen. Kontua da tresna martxan jartzeko QR kode bat beharrezkoa dela. Hori ez zuen asteazkenera arte lortu.

«Ez da erraza, Tsunamiko jendeak baizik ez dituelako QR kodeak, eta kode bakoitzak soilik hamar erabiltzaileri sarrera emateko balio duelako. Nire inguruko jendeari kostatu egin zitzaion QRa aurkitzea», azaldu du gazte independentistak. Hala ere, ez da ezinezko misioa; CDRetan edo beste mugimendu sozialetan ibiltzen den jendearentzat ez, behinik behin: «Inguruan galdetzen duzu, eta ailegatzen zaizkizu kodeak, gutxika».

Unai Gorrotxategi informatikariak azaldu duenez, konfiantza sarea antolatzeko pasahitza gako sistema da QR-ena. Informazio batzuen arabera, kodea pasatzen duenak eta eskuratzen duenak gertu egon behar dute. Baina, Solerrek dioenez, Telegram bidez pasatu zioten kodea, eta hark bere bikotekideari utzi zion.

Aditu asko mintzatu dira aplikazioari buruz, baina, haren hezurdura ez da publikoa; beraz, ezin da azterketa zehatzik egin. Kataluniako Piratak alderdiak aplikazioaren azterketa bat argitaratu du bere blogean. Diotenez, aplikazioaren nukleoa, mezuen bidezko komunikazioa, askea da. «Telegram edo Twitter baino hobea da, lehenbizikoan erabiltzailea baizik ez baita askea, eta bigarrena erabat pribatua baita».

Aplikazioak Retroshare erabiltzen du: lagunen artean komunikatzeko eta artxiboak trukatzeko sare zifratuak egiteko tresna. «Konfiantzazko sarearen printzipioan oinarritua dago, gako asimetrikoak trukatuz», azaldu dute. Gako simetrikoa litzateke A-k eta B-k gako bera partekatuko balute. Ez da horrela. B-ren gako publikoa erabiliko du A-k testu bat kodetzeko, baina B-k bere gako pribatuarekin deszifratuko du testu hori. Horratx asimetrikotasuna.

Kodea lortuta, aplikazioa erabiltzen has liteke. Solerrek hiru informazio eman behar izan zituen: zer egunetan duen libre ekintzetan parte hartzeko, egun bakoitzean zer ordutegitan dagoen libre, eta ibilgailurik ba ote duen ekintzetan erabiltzeko. Aplikazioari geolokalizatzailearen informazioa eskuratzeko baimena eman behar zaio; horrela, badakite ekintza bat egiteko zenbat jende izan dezaketen inguru bakoitzean.

Gorrotxategiren aburuz, «elementu interesgarriak» eskaintzen dizkio antolaketa eta protestaren eremuari: «Informazio guztia zifratuta doa, eta badirudi geoposizioaren arabera soilik eskuratu dezakezula informazioa. Horrek esan nahi du nodo bakar batetik ezingo duzula sare guztian barreiatzen ari den informazioa eskuratu; soilik zure inguruko protestak ikusi ahal izango dituzu». Une honetan, Solerren inguruan ez bada ekintzarik, sakelakoan ez zaio deus agertuko. Hala, webguneak ixtea baino zailagoa izanen da sare hori botatzea.

Tsunamirekin, itsu-itsuan

Blockchain teknologia erabili du Tsunamiak; puzzle handi baten modukoa da ekintzen diseinua: parte hartzaile bakoitzak bere pieza du, baina ez daki zenbat pieza dauden, nolakoak diren, ezta beste piezak nork dituen ere. Pieza guziak batzerakoan ezagutzen da ekintza. Hori izan zen 2017ko urriaren 1ean erreferenduma egiteko erabilitako estrategia: rolak ongi banatu zituzten, konfiantza sareak sortu, eta informazioa zehatz-mehatz sakabanatu zuten. Piezaren batek huts eginda, ez zen egitura guzia erortzen.

Oraingoz, protesta ekintzak egiteko datak argitaratu ditu Tsunamiak. Hurrengoa larunbatean eginen dute, Espainiako hauteskundeen atarian.

Erabilitako tresnak eta antolaketa ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Denborarekin prestatutako erantzuna izan da sententziari emandakoa. Baina plaza birtualarekin ez da aski. Bi munduak uztartzea ezinbestekoa da: aplikazioa edo sare sozialak, eta kalea. Kasu honetan, Tsunamiak lortu du konexioa egitea.

Solerrek argi zuen: protestetan parte hartu nahi zuen. Ez zekien nor ziren Tsunamikoak, baina hori ez zen oztopo izan. Astelehen hartan, sententzia atera ondotik, Katalunia plazan zegoen, zain. Halako batean, denak aireportura joateko deia egin zuten. «Ez genekien hamar, 10.000 edo milioi erdia izanen ginen, baina zure helburu bera duten pertsonak direla pentsatzen duzu», azaldu du Solerrek. «CDRen atzean nor dagoen badakizu, baina nik uste dut mugimendu honen atzean daudenak lehen lerroan dauden berak direla».

Mugimenduak bururik ez duenez, zailagoa da mugimenduari burua moztea. Modu horretan aritu dira Hong Kongeko protestetan ere. Katalunian fede itsua dute Tsunamian. «Ez denez liderrik, zu zeu zara aurrean geratzen dena, eta unean unekoa da afera: aireportura joan ginen, bana inork ez zuen esaten zer egin behar zen. Guk erabaki genuen zer egin, zein zen helburua. Zuk erabakitzen duzu mugimendua nora doan eta zein den aukerarik onena», azaldu du gazte independentistak.

Aireportuarena «erokeria» iruditu zitzaion Solerri, baina hara joan zen. «Hiru ordu genituen oinez, komunikazioak moztuak ziren. Eroturik zeudela pentsatu genuen, baina, hala ere, hara joan ginen, ea zer zen ikustera». Aurreko estrategia baino erakargarriagoa zaio oraingoa: «Zirrara sentitzen duzu, eta bi orduz kalean egoten ginenean baino partaideago sentitzen gara orain».

Katalunian ez ezik, Euskal Herrian ere eragina izan dezakete tresna horiek. Ainhoa Narbaiza Josemi Zumalabe fundazioko kideak onartu du teknologia berriena egiteko duten gogoeta bat dela. «Hedabideetan errealitate bat ezkutatu nahi dute, eta tresna informatikoak horri aurre egiteko espazio bat badira, bere argi-ilun eta zalantza guztiekin. Zirrikitu bat ireki da gauza batzuk kontatzeko», esan du. Kataluniatik zer ikasia badela onartu du; adibidez, Telegramen erabilera: «Sare sozial askeago bat dute erreferente. Hemengo herri mugimenduetan ez da hainbeste erabiltzen». Ez soilik Katalunia: M-15 mugimenduak erabilitako N-1 plataforma aipatu du: «Esperientzia oso interesgarria izan zen: baliabideak partekatzeko eta herri mugimenduen artean eztabaidatzeko gunea zen».

Teknologiaz hitz egiterakoan zalantza handiak dituela nabarmena da. Kezka horien iturria denboretan dago: «Bat-batekotasunerako oso tresna interesgarriak dira, jendea gauza masiboetara bideratzeko eta zuzenean kontatzeko zer gertatzen ari den, baina dena ez da bat-batekoa. Estrategia eta diskurtsoak pentsatu behar dira». Sare sozialek askotan herri mugimenduetan eragiten dutela ere nabarmendu du: «Bat-batekotasunak gai bat lantzera behartzen zaitu, baina, agian, beste gai batekin gabiltza. Erritmo geldoagoa da herri mugimenduena».

Dena den, herri mugimenduentzat aukera ona izan daiteke teknologia berriak erabiltzea. Gorrotxategik uste du «berebiziko garrantzia» izan dutela Kataluniako kasuan. Ez soilik deialdiak egiteko: «Internet ez balego, informazio asko ezingo litzateke horren erraz eta azkar barreiatu». Informazioren kontrola botere handia baita, teknologiak aurrera egin ahala, tresna berriak sortuko dira. Eta aukera berriak zirrikituak baliatzeko. Ur tantak tsunami bihurtzeko.

BERRIAn argitaratua (2019/11/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA