iritzia
Amatasun feministaren bila
Amaia Nausia Pimoulier
Amatasunaren eredu tradizionala oraindik nagusia da gure artean. Egia bada ere joan den mendeko azken hamarkadetan ama neoliberalaren ereduak ere indarra hartu zuela; kontsumoan oinarritutako amatasuna. Amatasun tradizionalaren ereduaren eta neoliberalaren artean, ba al dago amatasun feministaren eredurik? Batetik, bizitzak eta zaintzak erdigunean jarri behar baditugu, haurren beharrak ere zentroan kokatu beharko genituzke, baina nola orekatu emakumea eta haurraren beharrak ikuspuntu feminista batetik? Arazoa ez da amatasuna, noski, ezta haurren beharrak edo emakume bakoitzaren beharrak ere. Arazoa da amatasunarekin prekaritatea, malgutasun falta eta bizi kalitatearen galera datozela gehienetan. Arazoa da esan zitzaigula emakumeon askapena lan munduan murgilduz etorriko zitzaigula. Erreproduzitzeaz gain, produzitu behar genuela. Orain biak egiten ditugu, eta askapena ez zaigu iritsi.
Joan den asteburuan Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egin ziren. Horietan biolentzia obstetrikoari buruzko tailer bat egon zen, baita «Café para madres» taldeak bultzatutako eztabaida bat ere. Baina mahai nagusietan amatasunaren gaia ez zen agertu. Mugimendu feministarentzat bigarren mailako gaia da oraindik? Kontraesan gehiegi sortzen digun gai bat delako agian? Egia da ugalketaren inguruan asko eztabaidatu dugula, sexualitatearen ikuspuntutik eta haurdunaldia eteteko eskubideen inguruan, adibidez. Baina feminismoak badu amatasunaren inguruan eztabaida bat pendiente oraindik. Amatasunaren gai zentralak errua jarraitzen du izaten. Juan Luis Vivesek leporatzen zigun bezala, oraindik sinisten dugu ama bezala ez dugula nahikoa egiten gure haurrengatik, ez garela ama perfektuak, ez gatozelako bat ama tradizionalaren ereduarekin. Baina, bestalde, errua ere badatorkigu ama garenoi eredu tradizional horretatik ez garenean nahikoa aldentzen, ez dakigunean nola apurtu eredu horrekin. Feministen karnetean puntuak galtzen ditugula dirudi. Zaintzaren ardura emakumeen gain kokatzen jarraitzen dugun bitartean, eta ardura hori erruz bustitzen dugun bitartean, zaila eginen zaigu bide berriak eraikitzea. Imajinatu dezagun, beraz, nola izango litzatekeen amatasun feminista bat, errurik gabekoa, parekidea eta bizitzak erdian kokatzen dituena. Nik ez daukat erantzuna. Nire amatasuna egunero kontraesanez beteta gauzatzen dut. Hausnarketa hau pendiente daukagu Mugimendu Feministan; saltsa badago, eta saltsa dentsoa dela esanen nuke.