bizigiro
Gazteak berriz dira herrian
Iñigo Satrustegi
Arrate Landaluze Itzultzailea
Itzulpen ikasketak Gasteizen egin ostean, Arrate Landaluze (Sopela,Bizkaia, 1989) Bartzelonara joan zen Ikus-entzunezko itzulpengintza masterra egitera. Lana eskaini zioten Bartzelonan, itzulpen proiektuen koordinatzaile modura, baina une horretan Euskal Herrira bueltatu behar izan zuen. Autonomo aritu zen hilabete batzuetan, baina bezeroetako batzuek ez zioten ordaindu; are gehiago, gaur- gaurkoz, 2.000 euroko zorra dute harekin. Ingeles irakasle ere aritu zen, baina ez zen hark nahi zuena. Azkenean, 2014ko urrian Londresera joatea erabaki zuen, lan aukera berrien bila. Esku hutsik ez joatearren, itzultzeko lana eraman zuen; hasierako asmoa, ordea, zerbitzari aritzea zen. Kosta egin zitzaion bere alorrean lana topatzea, atzerritarra izateak zailtasun gehiago baititu. Kasualitatez, bideo jokoen itzulpenean aritzeko aukera sortu zitzaion, eta, gaizki ordaintzen bazuten ere, «muturra sartzeko» balio izan zion. Enpresa horretatik beste multinazional batera aldatu zen, azpidatzien itzulpen proiektuak koordinatzeko. Bigarren lan horretan lan baldintzak hobeak ziren, baina adierazi du nabaria zela britainiarrekiko arrakala. Enpresako postuetan gora egiteko, adibidez, atzerritarrek askoz zailtasun gehiago dute. Ez du uste lan prekarioa zuenik, baina, ingelesen bizi mailarekin alderatuta, batez ere pisuetan nabari zuen aldea.
Enpresak erantzukizun gehiagoko postu bat eskaini zion, lan gehiagoren eta soldata altuagoaren truke. Landaluzek, ordea, 28 urterekin lanetik eta lanerako bizi zela kezkatuta, Euskal Herrira bueltatzea erabaki zuen. Gainera, hemengo enpresa batean eskaintza «on» bat egin zioten, eta, beraz, 2018ko uztailean, ia lau urteren ondoren, bukatutzat eman zuen bere Londresko etapa. Orain dela sei-zazpi urteko egoera baino hobea topatu zuen Euskal Herrian: ingurukoek lan egonkorragoak eta duinagoak zituzten, behintzat, eta krisi aurreko kontsumo ohitura batzuk berriz ikusi zituen Londrestik bueltatzean. Lanaz gain, tarteka, testu batzuk ere hartzen ditu bere kabuz itzultzeko, soldataren osagarri modura: «Herri honek badu prekaritate kutsu bat ez bazara funtzionarioa». Atzerrikoa esperientzia aberasgarria izan zela aitortu du: gaztea zen, mundua ikusi nahi zuen, ingelesa hobetu, eta, lanean gustura ez egoteko, nahiago zuen atzerrira joan. Esperientziak lanerako balio izan diola uste du: «Berriro atzera egin beharko banu, erabaki berbera hartuko nuke: berriz joango nintzateke Londresera».
«Euskal Herrian lanean ari nintzen Bruselako postuaren berri izan nuenean»
Andoni Medina Ingeniaria
Autogintza alorreko ingeniaria da Andoni Medina (Legazpi, Gipuzkoa, 1986). Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitateko Tecnun zentroan, eta automozioan espezializatu zen, Milanen. Karrera amaitzerakoan, unibertsitatean bertan hasi zen lanean, eta beste enpresa batean gero. 2012an, klasekide batek esan zion autogintzako enpresa ezagun batean postu bat zegoela, Bruselan. «Euskal Herrian lanean ari nintzen Bruselako postuaren berri izan nuenean. Proba egin nuen, eta hartu egin ninduten», esan du Medinak. Autozalea izanik, bere jakintza eremuan eta lanean garatzeko aukera «paregabea» ikusi zuen Belgikako hiriburuan. Sei hilabeteko probaldia pasata, postu finkoa lortu zuen. Lan baldintzei dagokienez, hemengoekin konparatuta aldea nabaria dela adierazi du, eta, horretan ez ezik, lansarietan ere desberdintasuna handia dela.
Esperientzia oso aberasgarria izan da zentzu askotan Legazpikoarentzat. Batetik, kultura desberdinetako jendearekin egoteko aukera izan duelako. Baina, bestetik, egiten zuena profesionalki oso «polita» zelako. Hara joateko arrazoietako bat ingeniaritzarekiko zuten ikuspegia izan zen. Izan ere, Espainian eta Euskal Herrian, autogintzako industriak ibilgailuak ekoitzi bakarrik egiten du maiz. Europan, aldiz, I+G eta diseinua lantzen dira gehiago, eta horrek asko erakartzen zuen. Lau urte pasatu zituen han. Hasieran, dena zen berria eta erakargarria, baina denboraren poderioz berritasunak gero eta gutxiago zirela aitortu du. Bestalde, Euskal Herriko klima eta bizi estiloa faltan sumatzen zituen, eta azaldu du Belgikako bizimodua «hotza, grisa eta garestiagoa» dela. Azkenik, 2016ko urrian bueltatu zen. «Lau urteren ondoren, gauza guztiak balantza batean jartzen dituzu, eta hausnarketa egiten duzu ea geratzea merezi ote duen». Hala ere, motibatuta itzuli zen Euskal Herrira, ikasitakoa hemengo enpresentzat ekarpena izan zitekeelakoan. Gainera, I+Garen norabidea hartzen ari zirela ikusita, arrazoi nahikoa izan zuen bere jarduna Euskal Herrian segitzeko.
Medinak uste du egoerak hobera egin duela azken hamar urteetan, eta industrian ematen ari diren pausoek hori bera adierazten dutela. Euskal Herrian eskulana merkea eta ona dela esan du. Baina arriskua dago markek eskulan merkeagoa duten herrietan inbertitzeko. I+Garen alde eginez gero, berriz, eragin positiboa izan lezakeela gaineratu du; elektrifikazioa, nolabait, jardun berria delako. Horretan ari da duela hiru urte bueltatu zenetik, hain zuzen ere: Tecnunen irakaslea da, eta autoen elektrifikazio eskolak ematen ditu; doktore tesia egiten ari da; eta hainbat enpresarekin ere lan egiten du. Lan faltarik ez du izan, beraz, eta atzerrian izandako esperientziak askorako balio izan diola nabarmendu du.
«Lana egon badago, baina adin batetik aurrera ez gaude edozertarako prest»
Olatz Lautre Turismo alorreko langilea
Olatz Lautre (Iruñea, 1992) aurtengo irailean bueltatu da Iruñeko Txantrea auzora, hiru urte Irlandan pasatu ondoren. Bidaia agentzietako goi mailako zikloa ikasi zuen aurrena, eta horren barruan egin beharreko praktikaldia Irlandan egin zuen, Waterford hiriko hotel batean. Bueltan, beste ziklo bat egin zuen turismo gidaritzaren inguruan, Gasteizen. Ikasketak bukatuta, zailtasunak izan zituen lana aurkitzeko. Aitzitik, Irlandan izandako esperientzia ona izan zenez, eta ingelesa hobetzea aitzakia hartuta, Waterforden lana bilatzea erabaki zuen. Ez zuen arazorik izan lanean hasteko; hiru aste baino ez zituen pasatu lehen lanarekin hasi arte. Hark dioenez, gaztelera menperatzen dutenek nahiko erraz aurkitzen dute postu bat. Askotariko lanak topatu ditu Iruñeko gazteak, errealitate eta baldintza oso desberdinekin.
Au pair etxeko garbitzaile eta umeen zaintzaz arduratu ohi diren langile gisa egon zen hilabete gutxi batzuetan. Soldatak eta lanean ematen zituen orduen arteko orekak ez zuela merezi iritzita, lana utzi zuen. Ezagun batzuen bitartez, fabrika batean hasi zen garbitzaile, urtebetez. Praktikak egin zituen hoteletik deitu zioten gero, harreran lan egiteko, eta jatetxe batean ere aritu zen, jangelako arduradun. Urte bana pasatu zuen postu bakoitzean. «Orokorrean, zorte handia izan dut lana aurkitzeko. Gainera, baldintza onetan lan egin dut, eta hori ez da gutxi», esan du Lautrek. Azken urtea, ordea, gogorra egin zitzaion; Irlandako bizimodua garestia dela azaldu du, eta soldatako dirurik gehiena mantenurako erabiltzen zuen. Jatetxeko kontratua bukatu zitzaionean, beste hiri batera joatea planteatu zuen. Hala ere, lana topatzeko eta logela merke bat aurkitzeko bermerik gabe, etxera bueltatu zen.
Gurasoen etxean dago orain, eta curriculumak bidaltzen dabil. Ez daki luzerako geratuko den edo aurki beste nonbaitera joan beharko duen. «Lana egon badago, baina adin batetik aurrera ez gaude edozertarako prest». Kanpoan eman dituen urteetan nabaritu du bere inguruan egoera ekonomikoak hobera egin duela; hala igarri du, behintzat. Hala ere, oraingo lanpostuetako baldintzak nahiko prekarioak direla onartu du: «Zain nago. Pentsatzen dut egoerak, ustez, hobera egin duenez, zer edo zer aterako dela». Lan egonkorra eta emantzipatzeko nahikoa emango diona nahi du, eta bere jakintza alorrekoa: turismo arlokoa, alegia. Uste du kanpoan ibili izanak askorako balio izan diola lanerako, baina baita beretzat ere.