politika
Epaile bat auzitegietatik kanpo
Edurne Begiristain
Azken hilabete luzeetan Katalunian jarria izan du arreta, hango erakunde, buruzagi politiko eta komunikabide publikoei debekuak ezarri baitizkie: Kataluniako instituzioei kolore horia erabiltzea debekatu die, preso politikoen egoerari erreferentzia egiten dieten pankartak eta xingola horiak kentzeko agindu die, bertako hedabide publikoei preso politikoak edota erbesteratuak hitzak erabiltzea galarazi die...
Batzordeak hartutako zenbait deliberamenduk oihartzuna izan dute Espainiako Gorteetarako hauteskunde berrien testuinguruan ere; joan den astean, esaterako, espediente bat ireki zion Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari, La Sexta telebista katearekin elkarrizketa bat egiteagatik Moncloako jauregian. Presidentearen bizilekuaren «erabilera elektoralista» bat egitea egotzi zion batzordeak PSOEko hautagaiari. Isabel Zelaa gobernuko jarduneko bozeramaileari ere beste espediente bat ireki zion, antzeko arrazoi batengatik.
Batzordean osaketan ikus daiteke, neurri handi batean, haren kutsu politikoa. Hamabost kidek osatzen dute: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatutako Auzitegi Goreneko zortzi magistratu daude, eta horiekin elkarlanean aritzen dira Zuzenbideko edo Zientzia Politikoetako eta Soziologiako bost katedradun, kongresuko talde parlamentarioek proposatuak. Idazkari batek eta Espainiako Estatistika Institutuko presidenteak ere parte hartzen dute batzordean. Legegintzaldi bakoitzean berritzen dituzte kideak, eta, taldea osatutakoan, legealdi osoan lan egiten dute, organo iraunkorra baita.
Alderdien interesen menpe
Irailean aukeratu zituzten igandeko hauteskunde prozesuaz arduratuko diren kide berriak. Antonio Jesus Fonseca-Herrero epailea da batzordearen presidente, eta, beste zazpi magistraturekin batera, PSOEk, PPk, Unidas Podemosek eta Ciudadanosek proposatutako bost bokal ere berritu dituzte. Sozialistek bi bokal aukeratu dituzte: Consuelo Ramon eta Juan Montabes. PPren hautagaia da Carlos Vidal; Unidas Podemosena, Ines Olaizola, eta Ciudadanosena, Silvia del Saz.
Hauteskunde prozesuen gorabeherak aztertzeaz gainera, alderdi politikoek aurkeztutako helegiteei erantzuteko ardura dute Espainiako Hauteskunde Batzordeko kideek. «Argi dago edozein alderdik bere interesen alde erabili nahi izango duela erakunde bat, baldin badaki bere interesen edo ideologiaren alde egin dezakeela». Hala ohartarazi du Garbiñe Biurrun Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Aretoko presidenteak eta EHUko irakasleak. Biurrunek argi du alderdi politikoek proposatutako bokalek ematen diotela hauteskunde batzordeari «zama ideologikoa».
Hala ere, Biurrunek uste du benetako arazoa hauteskunde batzordeak alderdien eskaeren arabera hartzen dituen erabakietan dagoela. «Espainiako Hauteskunde Batzordeak oso argi izan beharko luke zeintzuk diren bere mugak, eta jakin beharko luke alderdien kexak lehia politikoaren barruan kokatzen eta horietatik aldentzen».
Hauteskunde Batzorde baten funtzionamendua ongi ezagutzen du Biurrunek. Birritan izan da EAEko Hauteskunde Batzordeko kide, eta bere esperientzian oinarrituta mintzatu da. Azkenaldian Espainiako Hauteskunde Batzordeak hartu dituen erabakiei erreparatuta, argibide bat egin nahi izan du: «Organo administratibo bat da, ez judiziala». Eta, hori esanda, honako hau gaineratu du: «Erabaki polemiko batzuk hartzen ditu, baina ulertu behar da batzuetan halako organo batek oso erabaki zailak hartu behar izaten dituela».
Eremu txikiagoan bada ere, Espainiakoaren antzeko osaketa dute probintzia, eskualde eta erkidegoetako hauteskunde batzordeek, eta, Biurrunek gogora ekarri duenez, hauteskundeei buruzko araudia «betetzea» eta «betearaztea» ere bada haien zeregin nagusia. Euskal Herrian, esaterako, ezker abertzalearen marka ezberdinak legez kanpo egon ziren garaian, lurralde bakoitzeko hauteskunde batzordeen esku egon zen hautagaien zerrendei buruzko erabakiak hartzea. Biurrunek azpimarratu du «oso konplexua» izan zela erabaki horiek hartzea, eta haiekin alderatu ditu Espainiako Hauteskunde Batzordeak hartzen dituen beste batzuk. «Egungo sistema juridikoan epaileengandik espero dugu nolabaiteko objektibotasun bat izatea, eta hala behar du. Ez da erraza asmatzea».
Debekua ala zentsura?
Jonatan Garcia politologoaren iritziz, berriz, alderdi politikoen errua da Espainiako Hauteskunde Batzordeak kutsu «partziala» izatea. «Erakundea berez inpartziala da, baina alderdi politikoek erabiltzen dute euren interesen alde», ohartarazi du. Azken hilabeteotan, Kataluniako egoera politiko nahasiak eta Espainian Gobernua osatzeko ezintasunak blokeo politikoan murgildu du estatua, eta alderdiek «tentsio politiko» hori baliatu dute Hauteskunde Batzordean helegiteak aurkezteko, Garciaren aburuz. Datuak horren isla dira: 2015eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, alderdiek bost helegite aurkeztu zituzten; 2016ko bozetan, hiru; aurten, berriz, 35 kexa baino gehiago.
EHUko politologoak ez du ikusten arrazoirik zalantzan jartzeko Espainiako Hauteskunde Batzordearen «sinesgarritasuna eta objektibotasuna», baina aitortu du hartu dituen zenbait erabaki debekuaren eta zentsuraren arteko mugan egon direla. Gogoratu behar da batzorde horrek debekatu egin diola Kataluniako TV3i erbesteko gobernua, preso politikoak eta antzeko esamoldeak erabiltzea hauteskunde kanpainatan, informazio neutraltasuna argudiatuta. Telebista saio batzuetan umorez saiatu dira debekuari erantzuten, eta prisis pilitics kontzeptua erabili izan dute. Baina PPk horren aurka aurkeztutako beste helegite bat aintzat hartu eta prisis pilitics erabiltzea ere debekatu egin zion batzordeak telebista kateari. Kataluniako Kazetarien Elkargoak «zentsuratzat» eta «abusutzat» jo ditu hauteskunde batzordeak ezarritako debekuak.
Batzordeak hartutako erabaki horiek «gehiegizkoak» izan dira Garciaren irudiko ere, baina uste du justifika daitezkeela, organo horren «inpartzialtasunaren» mesedetan bada. Biurrunen ustez, ordea, «zentzugabekeria» da Espainiako Hauteskunde Batzordeak preso politikoak edo antzeko adierazpenak kanpainan erabiltzea debekatzea. Alderdi politikoek hauteskunde kanpainetan esaten dituztenak adierazpen askatasunaren barruan kokatu ditu epaileak, eta gogoratu du Auzitegi Gorenak ere hala ebatzi izan duela eta badagoela gaiari buruzko jurisprudentzia zabala. «Ez du zentzurik urtean zehar preso politikoak bezalako adierazpenak egin ahal izatea, eta bat-batean, kanpaina baten barruan, hori debekatzea». Uste du komunikabideei debekua ezarrita «urrunegi» joan dela Espainiako Hauteskunde Batzordea.
Kritikak gorabehera, Biurrunek eta Garciak iritzi diote ezinbestekoa dela erakunde bat egotea hauteskunde prozesuen «gardentasuna eta objektibotasuna» bermatu nahi badira. Beste kontu bat da organo horren egungo osaketa egokiena den. «Hobetu liteke», Biurrunen iritziz. Nola, ordea, ez du argi. Uste du objektibotasuna bermatzeko ezinbestekoa dela alderdiak ordezkatuta egotea, baina zalantzak ditu epaileen parte hartzearen inguruan. Bestelako formulak bilatzearen aldekoa da, erabilera politikoak saihesteko.