ekonomia
Aparra, gero eta gorago
Xabier Martin
Sektorearen azterketa egin du estreinakoz Euskal Garagardo Elkarteak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eragile gehienen datuak aintzat hartuz (ekoizleen %92), eta plazaratutako txostenak dio 1.252.513 litro ekoitzi dituztela 2018. urtean: azken bi urteetan baino %30 gehiago, eta 2012ko lehen ekoizpena halako hamabost. Euskal Herri osoko ekoizpena kantitate hori baino handiagoa da, noski, Nafarroan oso bizia baita jarduera (Naparbier, Morlaco, Txikita, Queiles, La Vasconia....) eta Ipar Euskal Herrian ere, batik bat Lapurdin, ekoizten baitira artisau garagardo batzuk: adibidez, Etxeko Bob's Beer, Ekhi eta Akerbeltz. Hori dela eta, ekoizpen osoa 1,5 milioi litrotik gorakoa dela esan daiteke akats handirik egin gabe.
Kontua da sektore oso atomizatua dela oraindik, eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ez dagoela datu zehatzak biltzeko sektoreko elkarterik. Barcelona Beer Festivaleko zuzendari Mikel Riusek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan hartuta egindako txostenak dio urtero 62.625 litro ekoizten dituztela batez beste «Euskadiko fabrika bakoitzean», eta nabarmentzeko datua dela hori, «artisau garagardoaren ekoizpenean ibilbide luzeagoa duten beste herrialde batzuena baino kantitate handiagoa baita»; esaterako, Kataluniako fabrikek 51.300 litro ekoizten dituzte urtero batez beste.
Sektoreak uste du tarte handia duela hazteko, eta datozen urteetan hazkunde nabarmena izango duela. Gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan edaten diren ehun garagardotik bat da artisau garagardoa, hau da, bertan egindako artisau garagardoa; baina %2,1eko merkatu kuota dute jadanik, salmenta osoak kontuan hartuta, pisu handia baitauka salneurriak.
Eskaintza aberatsa
Kontsumitzaileak erakartzeko tresna garrantzitsu bat du artisau garagardoak: eskaintza aberatsa. Mikel Riusen azterketan parte hartutako hogei garagardotegiek 292 garagardo desberdin ekoitzi dituzte 2018an, horietatik 125 oinarrizko gama gisa, eta 167 edizio berezi gisa. «Erabilitako malten %26 eta lupuluaren %7 tokiko lehengaiak izan dira», dio txostenak.
Etxean afizioz egindako zerbait izateari aspaldian utzi zion artisau garagardoak, nahiz eta asko diren gaur egun zale partikularrak. Sektorea industria bat da dagoeneko, eta ia 80 enplegu zuzen ematen ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «balio katearen beste ogibide batzuk kontuan hartu gabe». Hamar fabrikatan langile bat edo bi daude; beste bostetan, hiru eta sei arteko lantaldea dago; eta, azken bostetan, sei langile baino gehiago aritzen dira, gehienez bederatzi. Behargin horietako bakoitzak 16.500 litro garagardo ekoizten ditu urtero batez beste; garagardo industrialaren sektorean, berriz, langile bakoitzak 550.000 litro ekoizten ditu. «Beraz, garagardo industrialak sortutako enplegua halako 33 sortzen du artisau garagardoak Euskadin ekoiztutako litro bakoitzeko».
Sektoreak, gainera, enplegu gehiago sortuko duela jaso du Euskal Garagardo Elkartearen txostenak. Garagardotegien herenek langile gehiago hartu zituzten 2018an. Hogeitik hemezortzik antolatzen dituzte bisita gidatuak, dastatzeak, tailerrak eta abar, eta 12.000 bisitari izan zituzten iaz.
Eta non saltzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako artisau garagardoa? Bada, gehiena ekoizten den eremu geografikoan, %54 hain zuzen. Izan ere, gertutasunak bultzatzen du kontsumora bezeroa, gehienetan. Horrek ez du esan nahi esportatzen ez denik. Ekoizpenaren %19 atzerrian saltzen dute, Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian, Errusian eta Finlandian, esaterako.
Euskal artisau garagardogileek egun duten egiturari esker, datozen hiru urteetan beste jauzi bat egingo dutela uste dute. Langile kopurua eta merkatu kuota handituko dituztela diote galdetutako eragile gehienek. Erdiek baino gehiagok aurreikusi dute, gainera, gehiago esportatuko dutela 2019tik 2021era doan epealdian, eta turismo jarduera handiagoa hartuko dutela.
Europako herrialdeak dira garagardo kontsumitzaile eta ekoizle handienak