astekaria 2019/11/08
arrowItzuli

ekonomia

ONDARE ZERGA, JOMUGAN

Irune Lasa

ONDARE ZERGA, JOMUGAN

Asier Atutxa izan zen ondarearen gaineko zerga kentzeari buruz hitz egin zuen lehen ahotsetako bat, El Correo egunkariari joan den ekainean emandako elkarrizketa batean. Dagoeneko apaldutako sozietate zergaren onurak aipatu ostean, PricewaterhouseCooperseko Hego Euskal Herriko arduraduna guztiz ados agertu zen ondarearen gaineko zerga zama handia zela. «Zerga bidegabea da, jada zergapetutako aurrezki batengatik berriz ordaintzera behartzen zaituelako».

Beste argudio bat ere bazuen: «Begira, pertsonek errotzen dituzte enpresak, erabakiguneak. Eta enpresa bateko kontseilari ordezkariak sentitzen badu Madrilen fiskalki hobeto tratatzen dutela, Madrilera joango da. Gero, zuzendaritzako kide gehiagoren leku aldaketa bultzatuko du, eta akabo. Hori da egiazko arriskua», azaldu zuen Atutxak. «Kendu egingo zenuke [zerga]?», galdetu zion kazetariak. «Bihar bertan. Gainera konbentzituta nago, dakarren zerga bilketa askoz txikiagoa dela, errenta handiko zergadun gehiagori eutsiko bagenio jasoko genuena baino. Ez du gehitzen, kendu egiten du. Fiskalitateak herrialdearen ekonomiaren zerbitzura egon behar du».

Hori esan eta hilabete gutxira, antzeko argudio batzuk iritsi dira Arabako eta Bizkaiko aldundien ordezkarien ahotara. Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak bota zuen lehen harria urriaren 14an: «Zergadun batzuk beste erkidegoetara joaten ari dira oinordetzen zergan gutxiago pagatzeko, eta araudia berrikusi behar dugu gure ingurunera egokitzeko». Hurrengo egunean Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak hartu zuen lekukoa, eta «gogoeta» egin zuen ondarearen gaineko zerga kentzeari buruz, «lurraldearen erakargarritasunaren» ikuspegitik.

Zergadun aberatsak Madrilera joaten direla diote. Madrilek %100eko hobaria egiten dio ondarearen gaineko zergari, eta oinordetzen eta dohaintzen zerga txikiagoa du salbuespenei esker. Andaluziako eta Gaztela eta Leongo eskuineko gobernuek ere salbuespen kopuruak handitu dituzte oinordetzen zergetan, eta, ondorioz, horiek askoz jende gutxiagok ordainduko ditu.

Kopururik ez

Baina zenbat ondare handi joan dira Euskal Herritik Madrilera ondarearen zerga edo oinordekotzaren zergaren erruz? Gipuzkoako Aldundiaren arabera, ez dira halakorik nabaritzen ari, ez zerga batean, ezta bestean ere. Arabako diputatu nagusiaren arabera, oinordetzen zergan ez da ihesaldirik izan.

Bizkaia izan da «joaten ari diren» zergadunak aipatu dituena, eta Unai Rementeria diputatu nagusia joandako zergadunak «berreskuratu» beharraz hitz egin duena. Baina Bizkaiak, oraingoz, ez du kopururik eman, ez du daturik eskaini oraindik, ez lekuz aldatutako zergadunen zenbatekoaz, ezta ogasunak arrazoi horrengatik diru sarreretan nozitutako galeraz ere.

Enpresaburuen ordezkariak izan dira ondarearen eta oinordekotzen gaineko zergak kentzearen alde agertu diren beste ahotsak. Confebaskeko presidenteak, Eduardo Zubiaurrek, aste honetan bertan ondare zerga deuseztea eskatu du, inbertsioari, ekintzailetzari, eta talentuak erakartzeko gaitasunari kalte egiten dien «anomalia» bat delako.

Eta PFEZa ere bai

Cebek-eko idazkari nagusiak ere «zentzugabeak» ikusten ditu ondare zerga eta halako «figurak». Francisco Javier Azpiazuren arabera, Bizkaiko patronalak «sekula ez du zalantzan jarri geure buruari emandako ongizate estatua», eta gastu sozialak Jaurlaritzaren aurrekontuaren %75 hartzea «herrialdearentzat ona da», enpresaburuek ulertzen dutelako «premia handien dutenei lagundu behar zaiela». Baina hori bai, Azpiazuren ustez, «politika sozialek bateragarri izan behar dute enpresa jardueren sustapenarekin».

Bizkaiko patronaleko buruak esan du fiskalitatea birpentsatu behar dela, «enpresentzat eta zuzendari taldekoentzat herrialde erakargarria egiteko», eta ondare zerga ez ezik, pertsona fisikoen errentaren gaineko egungo tasa marjinala (%49) ere auzitan jarri du. «Ondarearen gaineko zergak osagarri ideologiko bat du, birritan zergapetzen ditu lehendik ere zergak ordaindu dituzten errentak; eta ondare zerga edukitzeari gehitzen badiogu PFEZeko tasa marjinaletan diferentzial handia izatea, biak desberdintasun negatiborako elementuak dira gurekin lehiatzen diren beste erkidegoekiko, adibidez, Madrilekiko».

BERRIAn argitaratua (2019/11/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA