astekaria 2019/11/08
arrowItzuli

gizartea

Markel Irizar «Amodio froga baten moduan ikusten dut egin zuena»

Arantxa Iraola

Markel Irizar «Amodio froga baten moduan ikusten dut egin zuena»

Markel Irizar txirrindulari ohiak (OƱati, Gipuzkoa, 1980) aratz kontatzen du nerabezaroko oroitzapen asko aitaren alkohol mendekotasunak narriatu zituela beren etxean; argi mintzatu izan da, halaber, haren suizidioaz. Garbi du zenbait pertsonarentzat deserosoa izan daitekeen ikuskera duela, eta ongi neurtu nahi ditu hitzak: «Nik amodio froga baten moduan ikusten dut egin zuena. Hark esan zuen: 'Ez nabil ondo. Duda daukat egoera honi buelta ematea lortuko dudan, eta segurtasunik ez izate honek sortzen badu nire emazteari edo nire semeari arazoak sortzea, bada paretik kenduko naiz'. Nik uste dut berak horrela planteatu zuela. Nik horrela ikusten dut».

Badaki zer den besteren begietan ulertu ezinak sortzen duen dardara ikustea. «Bada jendea, hori entzunda, ea apologia egiten ari naizen galdetzen didana. Ez da apologia. Nik gai hau bizi izan dudan era da». Areago ere badoa: «Zein gara gu esateko gure sufrimendua ez areagotzeko pertsona horiek hemen jarraitu behar dutela? Zein naiz ni nire aitari esateko: 'Ez, jarraitu hemen niri pena hori ez emateko'». Ulertzen ditu berearekin bat ez datozen ikuskerak: denak. «Sentiberatasun handia eskatzen duen gaia da, bakoitzak era ezberdin batean bizi du. Kasu bakoitza, gainera, apartekoa da». Epaiak, era batekoak edo bestekoak, sobera daudela uste du. «Niri esan izan didate: 'Zelako koldarra izan zen'. Eta nik esaten dut: 'Edo zelako ausarta'».

Labirintoan

Prebentziorako urratsetan aurrera egitea egoki iruditzen zaio, baina iluntasuna gailentzen denean, bideak askotan labirinto direla ikusi du usu: «Kasu gehienetan, desoreka bat dago, eta, pertsona horri lagundu nahi izan arren, aurrena utzi egin behar dizu laguntzen, eta gero asmatu egin behar duzu laguntzen. Profesionaletara helduta ere, kontua da profesional horrek asmatzea».

Duela 21 urte izan zen, 18 urte zituen orduan Irizarrek. Aitarekiko miresmena ez du apaldu haren suizidioak, eta begiak busti egiten zaizkio oroitzen duenetan: maitasunez. «Kristoren gizona zen, niretzat eredu bat. Printzipioak zituen gizon bat zen: kontsekuentea». Usu sentitu du haren falta urteotan: semeak txirrindularitza profesionalean egindako bidea ikusi gabe hil zen, bilobak -hiru seme ditu Irizarrek- ezagutu gabe. Min emateraino sentitu du absentzia: «Zenbat gozatuko ote zuen horrekin guztiarekin! Pena hori dut». Sarri mintzatzen zaie aitonaz etxeko txikiei. 12, 9 eta 7 urte dituzte: «Dena dakite. Naturaltasunez hitz egin diet». Izan ere, argi du gaiaren inguruko «tabuak» mesederik ez dakarrela. Minbizia izana du, eta orduan ere hautu bera egin zuen: gaia ez zuen tapatu. Izan ere, trabatzat du, oro har, gizartean maiz gailentzen den joera, bizitzaren «alde ona bakarrik» erakustekoa. Sare sozialak ditu gogoan: «Dena da Seychelleetako uharteetan egotea, edo laku batean, edo azkazal gorriak erakustea... Zenbat aldiz ikusi dugu argazki bera? Inork ere ez dio: 'Gaizki nago'».



Edurne Pasabanen testigantza.

Aitziber Garmendiaren testigantza.

BERRIAn argitaratua (2019/11/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA