astekaria 2019/11/08
arrowItzuli

iritzia

Burdina goriak

Nerea Ibarzabal Salegi eta Mariñe Arbeo Astigarraga

Burdina goriak

Jaieguna. Harlauza beltz, zuri eta gris distiratsuak, familia-panteoiak, izen-abizenak, karneteko argazkiak borobil obalatutan —zelan jakin zer argazki izango den aterako dizuten azkena?—, pertsonak zutik pertsona etzanen aurrean, eta loreen usain min hori; hilak gurtzeko tradizio honen ondorioz, edozein loreren usaina «kanposantuko usaina» iruditzen zait. Ezin jakin zehazki bizitza edo heriotza usaintzen ari zaren, edo bien arteko nahaste bat den, heriotza estaltzen saiatzen den bizitzarena, dutxatu ez denak botatako desodorantea bezala.

Konturatu al zara zure urte kopurua beste aldiz igaro duzula hilko zaren eguna? Gaur ezer esaten ez dizuten egunak, azaroaren 2a, apirilaren 13a, abuztuaren 21a, abenduaren 17a, noizbait zure hilarrian zizelkatuko ditu norbaitek, eta ingurukoek oroituko dute egun hori, zapore mikatzez edo gozoz, nork daki. Eta bitartean, zu egun horren gainetik patxadaz igarotzen zara urtez urte, beharbada trago batzuk hartzen lagunekin, edo supermerkatuan zein zereal erosi aukeratzen, sumatu ere egin barik noizbait zure azala betirako markatuko duen burdina gori bat pasatu zaizula paretik, oraingoan ukitu ez zaituena. Hala behar du, gainera; heriotzaren etengabeko kontzientziak bizitza ukatuko liguke. Edo, kontrakoa, bizitzaren kontzientzia areagotu eta zentzumenak findu? Agian.

Heriotzak berdintzen gaitu. Gezurra. Zenbateraino berdintzen gaitu? Organikoki akaso, gure materia desegingo da lehenago edo beranduago, baina hiltzea hori baino gehiago da gizakien begietan. Bizi garen moduan hiltzen gara: ondo edo txarto. Eta halakoxea izango da oroituko gaituen memoria ere, ona edo txarra. Bizialdian indartu ditugun desberdinkeria guztiek gure bizitzek baino gehiago irauten dute denboran. Ez ziren alferrik diseinatu zerua eta infernua; mailaketa sozialak iraun zezan, lurrean bezala zeruan ere.

Asteguna. Lesbos. Ez dago harlauzarik hilkutxen gainean, lur hezea baino ez. Izen-abizentzat «Gazte ezezaguna, afganiarra, 2008» edo «Emakume ezezaguna eta semea, 2010». Dozenaka, ehunka, milaka gehiago, gorpurik bakoak eta lurperatu ezin izan direnak. Norbaitek oroituko ditu norbanako gisara, baina historiak masa baten parte bilakatuko ditu errefuxiatuak, eta irudipena dut prestasun gehiago duela Europak 30 urte barru nazioarteko omenaldi ponpoxo eta sonatu bat egiteko, propio diseinatutako marmolezko eskultura baten aurrean, orainean neurriak hartzeko baino.

Asteartea. Gizon etxegabe bat agertu da hilik Tarragonan, uholdeen ondorioz. Ez ziren gorpu horren bila ari, beste lauren desagerpena salatu baitzuten, baina ez gizon honena. Titularrek eta kazetariek lasaitzeko deia zabaltzen dute inplizituki albistea ematerakoan, oraindik lau desagertuak aurkitzeko esperantza ez baita galdu.

Zure heriotzan inork ez bazaitu oroitzen, ez zara nor. Eta oroitzen zaituztenak ere ez badira nor, ez zara inor. Bizirik zaudenean bezala. Heriotzak ez du inor berdintzen. Burdina gori asko saihestu beharko dituzu urtero, ez bazara herrialde, etxe edo gorputz egokira sortu. Azaroaren 4a, martxoaren 16a, uztailaren 7a, denak arriskutsu.

Goiza. Emakume bat agertu da hilik Bartzelonako Mercadonan, bertako langilea. Kasu honetan, hedabideak enpresaren izena saiatu dira ezkutatzen. Gaua. Enegarren emakumea hil du urruntze agindua zeukan senar ohiak. Goiza. Beste preso bat agertu da hilik bere ziegan. Gaua. Aspaldi hil zen agure baten gorpua aurkitu dute bere pisuan. Goiza. Beste langile bat hil da eraikin batetik erorita. Gaua. Larriki gaixo zegoen preso bat hil da, irteteko baimena lortu eta denbora gutxira. Goiza. Ia bi pertsona hil dituzte meskita baten aurrean. Gaua. Geratu zaion pentsioarekin bizitzeko beste ez zeukanez, etxeak garbitzen jarraitzen duen emakumeak 80 urteko baten hezur minberatuak dauzka 67 urterekin. Goiza. Zorrak ordaindu ezin dituen bizilagun batek bere buruaz beste egin du. Gaua. Gaur ere janari prozesatu merkea afalduko dute etxe askotako umeek. Goiza. Franco hilobitik atera eta berriro lurperatu dute, eta mundu osoa behartu dute hori oroitzera, zazpi kameratara. Gaua. 36ko gerran hildakoen hilobi asko beharbada ez dira inoiz aurkituko.

Zerua eta infernua, eta batzuk beti infernutik gertuago, eta ahanzturara kondenatuago. Heriotza batzuk estrukturalki daudelako programatuta aurretiaz iristeko, hainbat ardatzen bitartez. Eta uste dut heriotza horiei ez diegula oroimena bakarrik zor, ez bakarrik harlauzak, ez bakarrik plakak izen-abizenekin, ez loreak azaroan, ez omenaldiak soilik. Hori ere bai, baina ez bakarrik hori, heriotza denak berdinak balira bezala, denok bizirik irauteko aukera berberak bagenitu bezala. Bizitzeko esperantza hutsak ez du bizi-itxaropenik luzatzen.

Zor zaizkie konpromisoa, bizitzen defentsa bat, horra kanpora irten eta munduari su ematea. Zor diegu, gutxienez, esnatzea.

BERRIAn argitaratua (2019/11/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA