mundua
XXI. mendeko protesten gidaliburua
Zigor Aldama
«Ekintza guztiak modu organikoan sortzen dira: jendeak proposamenak egiten ditu LIHKG foroan, eta, gero, jendea Telegrameko taldeetan antolatzen da», gehitu du Kenny Tai-k, 25 urteko manifestariak. «Bakoitzak ahal duena eskaintzen du». LIHKG foroa blokeatu egin nahi dute Txinaren aldeko zenbait diputatuk, eta manifestariek Telegram erabiltzen dute, enkriptatze sistema sendoa duelako.
Kazetaritza ikasleek eta komunikabide digitalek smartphone-en bidez zuzenean eskaintzen dituzte protestak, Poliziaren edozein gehiegikeria erregistratzeko eta atxilotuen izenak jasotzeko. Atxilotuek beren izenak oihukatzen dituzte, haien kasuen berri izan dadin eta desager ez daitezen. Abokatu taldeek doan eskaintzen diete legezko babesa, txat aplikazioen bidez.
HKMap.live webguneak markatzen du non dagoen Polizia eta non gertatzen ari diren istiluak —Apple-k betoa jarri dio aplikazioari—. Informatikari anonimo batek garatu du erreminta, herritarrek gatazka guneak saihesteko; baina gobernuarentzat mehatxu bat da, manifestari bortitzenei informazioa ematen dielako istiluen kontrako polizien mugimenduez.
Askok atzerriko potentzien esku sartzea ikusten dute manifestaririk erradikalenen bitartekoen sofistikazioan eta oparotasunean, eta Txina ezegonkortu nahi izatea egozten diete. Kaskoak dituzte buruan; gas maskarak; laser erakusle indartsuak, poliziak itsutzeko; trafiko seinaleekin edo erditik puskatutako maletekin egindako ezkutuak; baita rotaflexak ere, Txinako Gobernuari lotuta dauden dendetan sartzeko. «Errealitatea askoz ere sinpleagoa da: Hong Kongeko bizilagunak dirua ematen ari gara finantza kolektiboko kanpainen bidez», azaldu du Jessica Chen-ek, Hong Kongeko Unibertsitate Baptistako Ikasleen Batzordeko kideak.
Dirua biltzeko kanpaina horietako gehienek helburu gisa jarritako kopurua baino askoz ere gehiago biltzen dute. Gainera, diru bilketak egiten dituzte kalean, martxa baketsuetan. «Poliziari aurre egiten diogun gehienok eman egiten ditugu kaskoak eta gas maskarak», Chenen esanetan. «Hong Kongeko herritar gehienek bat egin dute mugimenduarekin, badakitelako huts eginez gero gaur egun dauzkagun askatasunak gal daitezkeela Txinak hiria goitik behera kontrolatzera iristen denean, 2047an».
Herritar askok egin duten bidearen erakusgarri da Chen bera: «Manifestazioetara joaten nintzen, baketsuak zirenean. Geroago, ordea, gurasoak nire segurtasunaz kezkatzen hasi ziren, eta, zenbait ika-mika izan eta gero, etxean giltzapetu ninduten, atera ez nendin. Aukeratu egin behar izan nuen: nire familia edo nire printzipio politikoak. Bietako inori uko ez egiteko bidea bilatu nuen: ez naiz protestetara joaten, baina lagundu egiten dut, atzealdetik».
Chenen eginbeharren artean dago gaur egungo garaiari egokitutako bat: atxilotutako ikasleek sare sozialetan argitaratu dituztenak ezabatzea. «Poliziak haien kontuak aztertzen ditu, eta, beraz, atxilotuta daudela jakin bezain laster, harremanetan jartzen gara familiarekin eta lagunekin, haien sare sozialetan esku hartzeko eta atxilotuen kontrako karguak ez gauzatzeko. Batzuek beren pasahitzak ere uzten dizkigute lan hori egiteko».
«Artea, funtsezkoa»
Borroka ez dagokie Hong Kongeko herritarrei bakarrik. Mundu guztiko ekintzaile txinatarrek laguntzen diete sormenaren arloan, protestetako bizienetakoa. Badiucao da, esaterako, Txinaren kontrako artista nabarmenenetakoa. Bere talentua baliatzen du manifestarien bost eskaeren alde zinta politiko garratzak marrazteko. Zenbait irudi ikoniko sortu ditu eta askotan ikus daitezke Hong Kongeko Lennonen hormetan itsatsita. Protesta margoketez eta posterrez betetzen dituzte bertako hormak eta pasabideak.
«Artea funtsezkoa izaten ari da protestei bizirik eusteko», dio Badiucaok berak. «Hiru modutara egiten du: jendea bat eginda mantentzen du; eskaerak berrritu egiten ditu, zentzu berriak eta dimentsio ezberdinak emanez; eta mugimenduarekin bat egiten duen jendea erakartzen laguntzen du. Nire arteak hizkuntza bisuala baliatzen du herria ahalduntzeko, mugimenduaren garairik ikonikoenak erregistratzeko eta mezua mundu osora zabal dadin errazteko. Albisteak abiadura bizian kontsumitzen dira, baina arteak iraun egiten du. Nire zinta bat biral bihurtzen baldin bada, munduak kasu egiten dio, eta kausarekin bat egiten du. Nire irudiak Lennongo hormetan itsatsita ikusteaz harro nago».
Biral bihurtu dira Txinako banderaren izar horiekin egindako svastikaren diseinuak. Gauza bera gertatu da irudi horiek laguntzeko sortutako hitzarekin eta traolarekin: #Chinazi.
Marrazkietan gorde eta mundura zabaldu dituzte manifestazioen garai klabeak: Yuen Longeko jipoiak; gomazko balen kolpeengatik begiak galdu dituzten manifestariak; eta istiluen kontrako polizien oldarraldia Prince Edward metro geltokian. Manifestariek eskuetan eusten diete marrazki horiei Poliziaren aurrean. Badiucaok Aintza Hong Kongi ereserkiaren arrakastaren adibidea gehitu du. Batzuek ereserki ofizial gisa jartzeko proposatu dute. Duela egun batzuk Hong Kong askatzeko bideo jokoa ere sortu zuten.
Askorentzat, hori guztia da XXI. mendeko gizarte zibilaren protestarako eskuliburu berria. Ez baita Hong Kongera mugatzen, Badiucaok nabarmendu duenez: «Munduko diktadurarik handienaren eta boteretsuenaren kontra protesta egiten ari dira Hong Kongeko herritarrak. Haien ereduak eragina du munduko beste mugimendu askotan». Hala jaso du Txinako prentsa ofizialak ere, Hong Kongeko mugimenduarekin kritikoena deank. Global Times egunkari ultranazionalistak, esaterako, Hong Kongeko, Txileko eta Kataluniako protesten hainbat parekotasun aipatu ditu.
Esteladak Hong Kongen
Kataluniako independentziaren aldeko mugimenduaren antzekotasunaz ari da, batez ere. Pekini interesatzen baitzaio azpimarratzea Hong Kongeko mugimenduak ez duela demokrazia nahi, sezesioa baizik. Eta ez dela baketsua, biolentoa baizik. Hong Kongeko herritarrek Kataluniaren aldeko martxa bat egin berri dute, esteladez betea. Stand with Catalonia (babestu Katalunia) leloa ohiko bihurtu da, beste batzuekin batera, manifestarien oihuetan eta hiriko pintaketetan.
Hu Xijin Global Times-eko editore nagusiak bi mugimenduen arteko antzekotasuna ikusi zuen, lehen aldiz, Bartzelonan Prateko aireportua ixten saiatu zirenean. Hong Kongeko manifestariek lortu zuten hango aireportua bi egunez jarraian ixtea. Xijinen egunkarian azpimarratu egin dute Hong Kongeko Poliziaren neurritasuna, Kataluniakoekin eta Txilekoekin alderatuta.
«Gure eskaeren artean, oraingoz, ez dago independentzia, nahiz eta gutako askoren azken helburua hori den. Baina Kataluniarekin bat egiten dugu, estatuaren errepresioagatik, Poliziaren bortizkeriagatik eta oinarrizko askatasunengatik. Eta preso politikoak egotearen kontra gaude». Lucia Tse ingeniari gaztea izan zen iragan astean manifestazioetan esteladekin parte hartu zutenetako bat. «Espainian batzuek esaten dute zer gertatzen ari den jakin gabe hitz egiten dugula, baina informatu gara. Pertsona batzuk espetxeratu dituzte autodeterminazio galdeketa bat proposatzeagatik. Guk galdeketa babesten dugu». Lelo batekin amaitu du azalpena: «Guztiok espetxeratu gaitzakezue, baina ez gure ideiak».
Jason Leungek ere uste du Hong Kongen independentzia dela irtenbidea Txinako Eskualde Autonomo Berezi horrentzat. Bere testigantza deigarria da, gobernuarentzat lan egiten baitu: «Hasieran, lehen lerrora joaten nintzen, baina, orain ez, beldurra baitut agian ezagutu egingo nautela eta horrek nire ibilbide profesionala kaltetuko duela. Dena den, uste dut independentziak azken urratsa izan behar duela eta ezin dugula oraindik proposatu. Oraingo ahalegin guztiak izan behar du sufragio unibertsala lortzeko, eta eskualdeko parlamentuan demokraziaren aldeko gehiengoa lortzeko».
Leungek azaroaren 24ko hauteskundeak kudeatzen dituen bulegoan lan egiten du —hemezortzi barrutietako 452 ordezkari aukeratuko dituzte—. Txinaren aldeko alderdien hondamena eta demokraziaren aldekoen igoera espero du. «Horrek handitu egingo du gobernuaren kontrako presioa, eta uste dut prest egongo dela amore emateko», jarraitu du. Amore eman, zertan? «Poliziaren jokabideari buruzko ikerketa independente bat onartzea. Gauzatuz gero, guztia abiatu zuen lege proposamena bertan behera uztea lortuta, erakutsiko dugu, Txilen gertatu bezala, mobilizazioak balio duela zerbaiterako».