gizartea
Feminismoaren erraietan
Uxue Gutierrez Lorenzo
Mundua aldatu nahi dute; hankaz gora jarri, sistema irauli. Eta, horretarako, ezinbestean, oinarrietara jo behar dute, erraietara. Feminismoaren ertz guztiak mahai gainean jarri, gogoetatu eta ondorio komunak atera nahi dituzte; erradiografia bat egin eta adostasunak bilatu. Helburu horrekin bildu dira 3.000 emakumetik gora Durangon (Bizkaia). Salda Badago lelopean, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak abian dira atzotik. Hiru egunez batuko dira adin, arraza eta jatorri anitzetako andreak; nor bere ikuspuntutik, bere txokotik mintzatzeko prest. Feminismoaren inguruko hausnarketak ezagutarazi, elkarri entzun eta etorkizunera begira jarri dira. Indartsu dagoen mugimenduaren isla izan nahi dute, feminismoa gorpuztu nahi dute.
Bost ardatz zehaztu dituzte: bizitzak erdigunean jartzea, dekolonialitatea, gorputza eta sexualitatea, indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzea eta mugimendu feministaren erraiei begiratzea. Duela bi urte abiatu zuten topaketak martxan jartzeko bidea, eta eguna heldu denean lanez lepo daude antolatzaileak. «Errusiar mendi baten parekoa izan da prozesua; oso bizia. Estresak jota, baina oso hunkituta gaude», esan du Amaia Zufia Euskal Herriko mugimendu feministako kideak.
Goizean goizetik
Goizean goiz abiatu dira jardunaldiak: 08:00etan jarria zuten lehen hitzordua Landako gunean, atzo goizean. Emakume ilara luzeak erakustazokaren atarian lehen ordutik: «lo bai», «lo ez», «izena emanda berandu», «izena eman gabe». Bakoitza dagokion pankarta zatiaren azpian pilatu da, txanda noiz helduko zain. Izena eman ez dutenei dagokie azken lerroa, eta hor ere errenkada luze-luzea dago. Barrenean, antolatzaileak ere pozarren: «Bakarrik lo ez, bakarrik lo ez, bakarrik lo ez jardunaldietan», umorez ari dira kantari.
Zirrara nabari da giroan, batera egoteko gogoa, eta beharbada, beharra ere bai. Izan ere, 2008an egin zituzten Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak Portugaleten (Bizkaia), eta ordutik ez da berriz bildu mugimendua. «Lehen helburua da hamar urte pasatuta denok elkartzea eta erakustea mugimendu oso-oso bizia garela eta indartsu gaudela; hasi ginenean baino askoz ere gehiago gara», erantsi du Zufiak irriz.
Hasierako multzo horren parte da Begoña Zabala Emakume Internazionalistak elkarteko kidea. Bizkaiko Emakumeen Asanbladan hasi eta Nafarroako Koordinakunde Feministan gerora, bizitza osoa eman du feminismoaren bueltan. «1977ko jardunaldiak egin genituenean diktadura berantiar batean bizi ginen; gure eskaerak oso oinarrizkoak ziren». Dibortzio eskubidea, antisorgailuen despenalizazioa eta abortatzeko eskubidea aldarrikatzen zituzten. «Arrakastak hil gintuen nonbait; argi genuen irabaziko genuela». Begirada atzera bota du Zabalak, eta gauzak aldatu diren jakitun da.«Orain mugimendua askoz masiboagoa da; gazte pila bat batu dira borrokara, eta mugimendua berriro ere politizatzea lortu dugu».
1977an izan ziren lehen jardunaldiak Leioan (Bizkaia), eta ordutik antolatu diren guztietan egon da Zabala. «Pozgarria da mugimendua berriz politizatzen ari dela ikustea; gu hasi ginenean oso erradikala zen, eta garai gris baten ondoren berriz ere gogortzen ari da».
Olatu berri horretan kokatzen ditu gazteak, bera ez bezala ziur asko lehenengoz jardunaldi feminista batzuetan parte hartzen ari direnak. Horren adibide da Bego Beraza, Deustuko gazte talde feministako kidea. «Aurrekoetan gu nerabeak ginen, eta ez genituen ezagutu, ikastera, aliantzak sortzera eta salda badagoela erakustera etorri gara».
Aniztasunetik eraikitzen
«Indartsua eta plurala». Horrela aurkeztu dute mugimendu feminista jardunaldietan. Ongietorria hainbat hizkuntzatan egin ondoren, umorez ekin diote lehen egunari. Bea Egizabalek barrez lehertzen jarri ditu aurrean dituen 3.000 andreak. «40 tailer, hogei eztabaida... eta ni egunean jartzera nator, eta bi tailer entzunda egingo dut alde! Antsietatea sortzen dit honek», ironiaz egitaraua txantxa bihurtu du Egizabalek. Eta gorputzeko tentsioak askatuta, bete-betean sartu dira mamian. Lehen mahai ingurua Bizitza erdiguneratzeko agenda partekatua eta burujabetzak izenpean abiatu dute. Denak batera egon dira mahai inguruan, eta ondoren heldu da aukeratzeko unea.
Nora jo erabaki nahian dabil Beraza, baina zantzuren bat badu nondik jo. «Jardunaldiek aukera ematen didate nire eguneroko errealitatean eskura ez ditudan zenbait gai jorratzeko». Parte hartzaileen artean nola, tailer eta eztabaiden eskaintzan ere aniztasuna izan da nagusi: «Tailerrak aldi berean dira, eta aukerak zabaldu nahi izan ditugu; ardatz eta gai oso ezberdinetakoak dira», azaldu du Zufiak.
Tailerren ondoren berriz bat egin dute 3.000 emakumeek Landakon, aretoa jantoki bihurtuta. Eta, gosea ase ondoren, berriz ekin diote eztabaidari. Oraingoan bigarren ardatz estrategikoa izan dute hizpide: dekolonialitatea. Zabalak nabarmendu du gai hori berria bezain beharrezkoa dela. «Gu hasi ginenean ez genekin zer zen migrazioa; gu atzerriratzen ginen, baina ez genituen kanpotik jasotzen». Etengabe aldatzen ari den errealitatera egokitutako eztabaida dela uste du. Bigarren tailer sortara egin dute ondoren, eguna biribiltzeko. Nekatuta baina pozik, aisialdirako beta gau partean: Euskal Herriko emakume bertsolariek girotu dute gaua.