astekaria 2019/10/25
arrowItzuli

iritzia

Afaria

Samara Velte

Afaria Samara Velte

Batxilergotik graduatu berritan izango zen, ikasketa posibleen zerrenda artean galduta, kuadrillako norbaitek hondarretan etzanda proposamena airera bota zuenean: «Hemendik hamar urtera afari bat egin behar genuke, eta ikusi zertan ari den bakoitza lanean». Data ere jarri genuen: 2019ko abenduaren 28a, aurtengo Inuzente Eguna. «Eta bikotekideak ere ekarri ahalko dira», gehitu zuen, irriz, ordurako halakorik bazeukaten gutxietako batek.

Artikorako bidaia bat planifikatzea bezala zen orduan 2019ko abendua irudikatzea: fikzio hutsa. 18 urte bete berri geneuzkan; mundua, gutxi-asko, gurasoen jatorrizko herrian hasi eta Bilbon bukatzen zen, eta ilea mutilen antzera moztea zen bururatzen zitzaigun transgresio handiena. Erabakiak arin hartzen eta uzten ziren, biharamunik eta memoriarik existitzen ez zenez gero. Gure promesa infantil hartan, sinetsita geunden 2019rako izango genuela geure buruari harro erakusteko moduko zerbait: lana, bikotekidea, afaritarako lagunak.

Hamar urteak igaro dira orain: lehenbizikoz gidabaimena berritzerakoan ohartu gara horretaz. Ustez, hemen nonbait zegoen helduaroa. Eta harekin, egonkortasuna, ekonomikoa ez bada behintzat emozionala: egun bakoitza aurrekoaren antzeko samarra izango zen ustea; agian gorakada handiegirik ez, baina behintzat beherakadarik gabeko konstantzia goxo eta kontrolatuan.

Baina egonkortasunik ez da inon ageri. Praktiketako eta alokairuko kontratuak elkarren ondotik kateatzen jarraitzen dugu; gurasoak behar baino lehenago gaixotzen hasi zaizkigu; bikotekidea uste baino humanoagoa da bere akatsetan. Erabaki bakoitza astunagoa da, eta galeren zerrenda luzatuz doa: harrituta ohartzen gara gure bizitzatik irten diren izen batzuk ahazten hasi zaizkigula, absentzia berriei tokia egiteko. Gutxiagotan ikusten gara hondartzetan, eta sarriago ospitaleetan. Ziurtasunak geroz eta meheagoak dira, eta gu, hauskorragoak.

Gauza bat irabazi dugu, behinik behin: duela hamar urteko promesa haiei begiratzeko eta gogo onez barre egiteko gai gara. Afarirako aski arrazoi bada hori.

BERRIAn argitaratua (2019/10/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA