astekaria 2019/10/25
arrowItzuli

iritzia

Krisantemoen ametsa

Mikel Elorza

Krisantemoen ametsa Mikel Elorza

Zalantzak neuzkan biharko ekintzak jendaurrekoa behar zuen, Franco dagoen tokitik atera eta eramatearena. Ezezkoan nengoen. Ordu txikitan eta inori esan gabe egin behar zela iruditzen zitzaidan, hainbesteko zalapartarik gabe, joan, hilkutxa atera eta di-da eraman eta gorde behar duten tokian gorde, eta kito. Egin, eta listo. Datozela gero oihuak, kexak eta deitoreak. Seguruenik beldur nintzelako zalapartarena, azkenean ez zela burutuko presio ultraeskuindar eta ultrakatolikoen ondorioz. Ilunpean eta ezkutuan Erorien Harana osorik Eroritako Harana bihurtu eta bereziki gurutze handi hori eraistea oraindik ere ametsa da, baina garbi izanik horretara ez direla iritsiko, sikiera ziurtatu nahi nuen caudillo-aren hezurrek beste nonbaiten elikatuko dituztela krisantemoak.

Baina orain egokiagoa iruditzen zait zuzenean telebistek emanda —kazetariak han ere kasko eta guzti, laster Pagozelain elurra ari duen zaintzera igorri aurretik— eta guztien bistan egitea. Exhumazioaren Festa urriaren 24an (biharamunean Gernikako Estatutuarena, oso ondo ematen du). Protestak eta zalaparta gogorrak baleude ere batere inporta ez; aitzitik, nahiago bronka. Desobedientzia zibilaren katalogoa hartuta priorea eta Tejeroren seme apaiza eta bestelako alkandora urdindunak han katea daitezela denak, eta errezo kolektibo sutsuan, gaubeila eternalean eusten badiote porlanez betetako hodiz hilobiari itsatsita, bada fenomeno. Haietako bat bonzo erara erretzea gailurra litzateke, segapotoak suzko bideoz josita dauzkagun egunotan, su humano horrek, mugikorretik izanda ere haragi errearen kerua nabarmentzen duen horrek, inor ez luke ekidistante utziko. Edo moje beneditar ora eta bereziki labora lemapeko batek soka batetik zintzilik bere burua urkatzea gurutzean, Cuelgamuros izena duen bailara horretan. Zezenlariak aspaldian kapotea arrastaka daramatela ari dira, folklorea Tele5eko platoetan alferrikaltzen ari da (gurean ondo asko dakigunez, ikusle fidel baikaituzte), eta urteak dira nazionalkatolizismo espainiarrak martiririk ez daukala. Alegia, ikusgarria litzatekeela eta Madrilgo Colon plazako banderak baino gorago eta gogorrago jarriko lituzkeela espíritu nacional-ak (hankartekoak eta besteak, besterik baldin badago).

Ikusgarria litzateke pentsatuz azkenean burutuko zutela exhumazioa eta zalaparta denborarekin isilduko zela. Baina izugarriak gertatu eta presioen eraginez Espainiako Gobernuak amore emango balu ere —ez dut pentsatu ere egin nahi Vatikanoari bere «adostasunaren» truke zer eskaini zaion, nahiz eta susmoa dudan eurotan eta zero askorekin neurtu litekeela—, alegia gobernuak etsi eta diktadorea han utziko balute ere, bada haien garaipena sikiera kontra egiteko sinbolo ere izango litzateke, esan dut ez lukeela gertaerak inor ekidistante utziko eta, hortaz, asuntoa caudillo-aren alde edo kontra egotea izango litzatekeenez, bada agian erraztuko luke guztiok ere arerioa zentratzea eta bat egitea borrokan...

Baina ez, hori ere ez. Francoren aurkakoak lubaki bakarrean gaudela aldarrikatzeko baliatuko lukete batzuek, kontsentsua eta elkarrizketa ikur nagusitzat aldarrikatu bai, baina egitura ukitu nahi denean marra gorriak Pollock eroak bailiran marrazten dituzten horiek, Espainiako Konstituzioa Poliziaren borretan haragiztatzen dela defenditzen duten horiek, estatua epaiz epai eraikitzen ari diren horiek demokrazia deitutako diktadura judizial honetan, eta beraz azkenean kalterako izan ez dakit baina ezer aldatuko ez lukeenez, bada barne poz eragingarri gisa, eraman ditzatela Ferrolgoaren hezurrak beste hilerri bateko harrak gizentzera.

(Hori bai, biolentzia pixka bat nik eskertuko nuke, sorginik gabeko su txiki batzuk gurutzetzarraren gerizpean).

BERRIAn argitaratua (2019/10/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA