iritzia
Kontsentsuaren tranpa
Txema Ramirez de la Piscina
Har dezagun aste honetako adibide bat. Kataluniako bederatzi buruzagi subiranistek bederatzi eta hamahiru urte arteko kartzela zigorra jaso dute beren herriaren mandatua aurrera eramateagatik. Eskuin mediatikoarentzat nahiz Vox edota C´s-eko buruzagientzat zigor murritza da. Haiek sutan ikusi nahiko lituzkete. 155.a, dagoeneko, motz geratu zaie. Independentistentzat, ordea, absoluzioa zen ebazpen justu bakarra. Non dago justizia orduan, erdian?
Zentro ideologiko eta politikoaren inguruko teorizazio dezente dago. Askoren ustez, zentraltasun hori kimera hutsa da. George Lakoff hizkuntzalariarentzat adibidez, politika kontuetan, zentraltasuna ez da existitzen «gatazka gehienak ezin baitira eskala lineal batean jarri eta moderatuak beti erdigunean kokatu». Izan ere, kontu ugaritan galdera askok erantzun bakarra onartzen dute: bai edo ez. Ezin, beraz, eskalarik aplikatu. Bortxaketa giza duintasunaren aurkako delitu larria da. Kito. Ez dago «baina» posiblerik.
Zentro politikoa existitzen ez bada ere, badira Lakoffen esanetan, bikontzeptualak diren pertsonak; hau da, bizitzaren atal batzuetan kontserbadoreak eta beste batzuetan progresistak direnak. Nolanahi ere, aipatu pentsalariak garbi zuen zentro politikoranzko bidaia tranpa bat dela: «Progresista askok uste dute eskuinerantz biratuta boto gehiago lortuko dituztela. Izatez, errakuntza bat da. Eskuinerantz biratuta progresistek eskuinaren balioak indartu eta beren printzipioetatik urrundu egiten dira; baita beren baseengandik ere». Gogoan duzue apirilaren 28ko hauteskunde gauean PSOEko egoitza nagusiaren aurrean baseko militanteek oihukatzen zutena? «Riverarekin ez, Riverarekin ez!». Orduz geroztik, Sanchez okerretik okerrera ibili da: UPi bizkarra eman eta eskuinerantz biratu du diskurtsoa. «Ni naiz giltza; ni edo kaosa» da orain bere leloa. Azaroaren 10ean ikusiko dugu zertan gelditzen den bere apustu arriskutsu hori. Momentuz, katalanak ari dira bere itsutasunaren errua jasaten. Bitxia da. Francoren gorpua aterako duen gobernua ari da, aldi berean, Francok berak Kataluniarekin erabili zituen salbuespen neurri berberak aplikatzen. Inkestetan PSOE behera eta PP gora doaz. Azaroaren 11n PSOE-PP alderdien arteko estatu itunaren aukera, inoiz baino ageriagoa, inoiz baino errealagoa da. 1978ko erregimenaren birfundazioa litzateke. Testuinguru horretan, berriro ere kontsentsuaren beharra agertuko da; jakina soil-soilik elite politiko eta ekonomikoen arteko adostasuna.
Antonio García-Trevijano Espainiako trantsizio garaian protagonismo dezente izan zuen intelektuala izan zen. Hark diktadurarekiko haustura demokratikoa sutsuki defendatu zuen. Erreformaren aukera gailendu zenean, jokaleku politikotik erretiratu zen, baina jarraitu zuen pentsamendua lantzen eta arena politikoan tarteka-marteka eragiten. Bere ustez, kontsentsuaren ideia jainkotzen duen gizartea pentsamendu askatasuna hiltzen ari da. Horrela azaldu zuen2010ean kaleratu zuen Teoría pura de la República liburuan. Orduan egin zioten elkarrizketa batean, kontsentsuari egin zion kritika suntsitzailea izan zen: «Kontsentsua askatasunaren aurkakoa da. Berez, balio negatiboa da. Ezin da dosifikatu. Ezin da gutxienezko edo gehienezko kontsentsua administratu. Askatasunaren kontra doa. Izan ere, gaur egungo espainiar gizartean, zeinetan kontsentsua nagusi den, termino honek balio intelektual eta moralaren kategoria hartu du eta horrek pentsamendu askatasunaren amaiera ekarri du».
Joan den astean, eta Eusko Legebiltzarrean autogobernuaren inguruan lantzen ari den estatus berriaren inguruan, adierazpen mamitsuak egin zituen IƱigo Urkulluk. Berripaper honek jaso zuen bezala (2019-10-11), Jaurlaritzako lehendakariak ahal duen guztia egingo du «hitzartua eta legezkoa izango den galdeketa» bideratzeko (beraz, nahitaez Estatuko agintariek baimendutako kontsulta). Urkulluk garbi dauka «ibilbide bideragarriak» behar direla. Orobat, berak ez du Euskal Herria «kale itsu» batera eramango. Izan ere, eta horra hor harrigarriena, «galdeketa horrek ez du izango zerikusirik autodeterminazio eskubidearekin». Ez ninduen harritu, baina badaezpada ere berriro irakurri behar izan nuen. Nola? Autodeterminazioa helburu ez bada, zein da orduan, autonomismo gehiago?
Zentro politikoa elite politiko eta ekonomikoek beren pribilegioak autojustifikatzeko sortutako amets hutsa da; herritarrak espazio sinbolikoekin ilusionatzeko eskuin politikoak erabiltzen duen mozorro perfektua, alegiazko eremu bat non ustezko bertutea eta gozamen espirituala nagusi diren. Beste horrenbeste gertatzen da kontsentsuarekin. Mitifikatu egin da. Haren inguruan ardaztu behar da demokrazia. Sarritan erakutsi den bezala, kontsentsua ez da beti gatazkak konpontzeko biderik justuena. Egia eta justizia lortzea ez da zerbait mistiko edo matematikoa. Kontua ez da «bi muturren artean dagoen erdibidea hautatzea», baizik eta konponbide demokratikoa hautatzea. Eragile batek beto eskubidea badauka, orduan, ez dago demokraziarik. Demokrazian erreferendumak ezin dira delitu izan. Ikuspuntu kontrajarri bezain zilegiak daudenean, gehiengoak erabaki behar du libre eta demokratikoki (beti ere oinarrizko eskubideak errespetatuta, noski).
Katalunian jazotzen ari dena historian mugarri izango den gertaera da, haraindiko proiekzioa izango duen prozesua. Ez da soilik «kontu nazional» bat. Askoz gehiago da. Askatasun sozial eta demokratikoak daude jokoan. Katalunia faxismoaren hilobia ez bada denok galtzaile aterako gara. Gatazkan dauden aldeetako batek elkarrizketari uko egiten dionean, kontsentsuaren alternatiba tranpa hutsa da. Egoeraren larritasunak eskatzen ditu jarrera demokratikoak tinko defendatuko dituzten agintari eta eragile politikoak.