bizigiro
Plastiko amaigabe bat, plastikoa amai dadin
Edu Lartzanguren
EHUko kimikariak harremanetan jarri ziren AEBetako zientzialariekin, eta doktore tesia egiten ari den Ainara Sangroniz bidali zuten Ameriketara. «Lau hilabete pasatu nituen Coloradon, plastiko berria egiteko katalizatzaile egokiak lortzen», esan du Sangronizek. Doktoregaia misioa beteta itzuli zen Donostiara. PETen ezaugarriak dituen plastiko bat lortu zuen, baina abantaila handi batekin: guztiz birzikla daiteke, «merke eta ingurumena errespetatuz, energia gutxi erabilita, alegia».
Baina ez al dira gaur plastikozko botilak birziklatzen? Zertarako bota behar dira, bestela, edukiontzi horira? PET plastikoa birzikla daiteke, bai, baina beti beherantz. Hau da, gaur, botila birziklatuekin arropa egin daiteke, esaterako, baina ezin da berriz elikagaiak gordetzeko ontzirik egin. PETak kalitatea galtzen du, beraz, birziklatzen denean.
Horretan datza Sangronizek sintetizaturiko plastikoaren ezaugarririk interesgarriena: behin eta berriz birzikla daiteke, mugarik gabe. Berriro monomero bihurtzen denez, polimero plastiko berria egin daiteke horrekin, besteak beste, botila zenarekin berriz botila egiteko. «Berotuta, edo beste osagarri bat botata disolbatzen da, birziklatzeko».
Ozeanoak kutsatzen ari diren plastikoen arazoa konponduko duen material miraria lortu dela esan aurretik, ordea, arnasa hartu behar da. «Material hau ekoiztea PET egitea baino 100-1.000 aldiz garestiagoa da orain», esan du Sangronizek. Baina EHUko taldeak laborategian egin du lan, eta ez da, berez, material merkea lortzen edo merkatzen saiatu. «Material berria egin daitekeela ikusi dugu guk. Orain, aukera polita dute enpresek materiala garatzeko eta merkatzeko», adierazi du Sardon kimikariak.
Izan ere, taldeak lehenengo harremanak izan ditu enpresekin, baina oraindik hastapenetan dago prozesua. «Zaila da enpresa bakar batek dena egitea», esan du Agustin Etxeberria kimika irakasleak. Baina, azkenean, uste du polimeroa PETarekin lehiatuko dela, «gizarteak bultzatzen badu».
Beira bezalakoa
EHUko kimikariek argi dute: plastikoa ez da gizartetik desagertuko. «Etxean pinaburu osoa erosten dugu, baina, bakarrik biziko banintz, puska bat erosi beharko nuke, plastikoan bilduta», esan du Etxeberriak. Oso material erabilgarria eta merkea da plastikoa. Gutxiago erabili ahalko da, eta gehiegizko paketatzea saihestu, baina konponbidea hondakinik ez sortzean datza, birziklatzearen bidez, esaterako. Eta hor gako izan daiteke EHUko kimikarion polimeroa. «Plastikoaren birziklatzea orain arte paperarena bezalakoa izan da», azaldu du Etxeberriak. Hau da, mugak ditu, eta beherantz egiten da: paperarekin azkenean kartoia baino ezin da egin. «Plastiko hau birziklatzeko prozesua, ordea, beirarena eta metalarena bezalakoa da. Polimero horrek arazo oro konpontzen du». Sangronizek ez dio izenik jarri oraindik materialari. «Izen tekniko oso konplexua du orain, baina ez gara jarri beste bat pentsatzen». Gaurko plastikoa ordezkatzera hel daiteke? Ez litzateke lehen aldia. Duela urte gutxi arte, PVCa erabiltzen zen botilak eta egiteko, eta PETarekin ordezkatu zuten. «Emaitza on batzuk ditugu orain, eta etorkizuna hori da».