bizigiro
ERAN EFRATI
«Lotsa dut egoeraz lehenago ez jabetua»
Ainhoa Larretxea Agirre
Eskola bukatu ondotik, Israelgo armadan sartu zinen. Zergatik?
Israelen ez da benetako aukera armadan sartzea; betebeharra da. Hala ere, ni gogotsu nengoen armadan sartzeko, tradizio militar handia zuen familia sionista batean jaio nintzelako. Amaren aldeko aitatxi -amatxiak Hungarian jaio ziren, eta Holokaustotik bizirik atera ziren. Ni hazi nintzen ikasiz armadan sartu behar nuela beste holokausto bat eragozteko.
Zein zen zuen egunerokoa?
Armadak zioen base militarrean ez zegoela inoiz nahikoa soldadu; beraz, beti lanean geunden. Uste dut hori gu nekatuta egoteko egiten zutela, pentsatzeko denborarik ez izateko. Gure egitekoa pertsonen eguneroko bizitza kontrolatzea zen, goizean ernatzen zirenetik lotaratu arte. Beti kontrolatuta zeuden.
Noiz konturatu zinen zein zen armadaren egitekoa Palestinan?
Uste dut nahiko azkar konturatu nintzela egiten ari nintzenaz, baina ez nekien nola izendatu. Handik aste gutxira jarri nion izena: apartheid. Juduak palestinarrengandik banandu, eta ezberdin tratatzen genituen. Kontrolatzen genituen modua izugarria zen. Hala ere, denbora gehiago kosta zitzaidan erresistentzian hastea. Benetan ez nekien zer egin; hori zen ezagutzen nuen errealitate bakarra. Bizitza guztian prestatzen zaituzte soldadu izateko. Behin Palestinan, denbora gutxian konturatu beharko zinateke egoeraz. Agerikoa da han ez zarela gerra batean borrokan ari, baizik eta herri bat okupatzen.
Zaila izan zen egoeraz jabetzea?
Egin beharrekoa egiten duzunean, zure gurasoek erraten dizutenean zutaz harro daudela, zure familia eta estatua zu babesten ari direnean, hagitz erraza da aginduak soilik betetzea. Hagitz lazgarria da egoeraz jabetzea, eta lotsa dut egoeraz lehenago ez jabetua.
Armada utzi, eta militarren istorioak biltzen hasi zinen.
Breaking the silence [isiltasuna hausten] erakundean hasi, eta ikerlari bihurtu nintzen. Benetan sinesten nuen egoera barrenetik konpon zitekeela. Uste nuen jendeak nik ikusitakoa ikusi eta egindakoa ulertu izan balu shock egoera nagusituko zela. Oroitzen naiz 2009an bulegoan geundela, Gazako okupazioan parte hartu zuten militarren testigantzak jasotzen, eta ezin genuela gertatutakoa sinetsi. Legez kanpoko armak erabili zituzten Palestinako herritarren kontra. Benetan uste genuen jendeak hori jakinda okupazioa geldituko zela.
Erakundea utzi, eta atzerrira joan zinen. Zergatik?
Israelen familia guztietan dago armadan dagoen norbait, eta jendea ez zen konturatzen armadan egotearen onurak zituztela. Elkarte garrantzitsua da, baina hagitz sionista ere bai. Israel presionatzeko, kanpotik lan egitea erabaki nuen.
Nola deskubritu zenuen Israelek saltzen dituen armak Palestinan probatzen dituztela?
Betleemen botatako gas pote baten bidez hasi nintzen ikertzen. 1950eko hamarkada abiapuntu hartuta, konturatu nintzen 2001eko Dorre Bikien erasoen ondotik Israel bihurtu zela munduko arma laborategi handiena. Hagitz indartsua da. Ez dago munduan lurralderik Israelekin tratu komertzialik ez duenik. Saltzen dituen arma guztietan ziurtatzen dute gerran probatuta daudela; okupazioa jasaten duen gizarte zibil batean frogatzen dituzte.
Mundu osoko poliziak Israelen entrenatzen dituztela diozu. Zein da horren helburua?
Ameriketako Polizia, adibidez, arrazista izan da 200 urtez. Ez dute Israelen beharrik biolentoak eta arrazistak izateko. Israelek lortu du munduak estatu demokratiko gisa ikustea, historian izan den apartheid gogorrena ezartzen ari denean. Milaka pertsonari egiten ari zaiona izugarrikeria da, baina munduak demokrazia gisa onartzen du. Hori da Israel. Milaka pertsona okupatzen dituen sistema bat da mundu guztiko poliziei erakusten diena. Israelgo Poliziak jendea arrazagatik ezberdintzen du. Hori da haien sistema, eta guk balezkotzat jotzen dugu, normala balitz bezala.
Mundu osoko polizien «ispilu» da Israel. Zer ondorio ditu horrek?
Poliziak mundu osoan protestak erreprimitzeko erabiltzen dituen teknika guztiak Israelek lehenago probatuak ditu. Horrelako jarrera antidemokratikoek zentzua dute Israelgo biztanleentzat, palestinarrak etsai gisa hartzen baitituzte. Baina, mundu osoko poliziak etxera itzultzen direnean eta Israelgo metodoak erabiltzen dituztenean, palestinarrak ez dira etsaiak; zu zara etsaia.