bizigiro
Urre beltza urre berdearen aurka
June Prieto
Chiripuno ibaiaren ur uherretan platerak garbitzen dauden bitartean, neska nafar batek galdetu dio neska bizkaitar bati: «Nahia, zu bihar tximinoak ehizatzera joango zara?». Ezetz erantzun dio, normal-normal. Ekuadorko Amazonian daude Euskal Herriko hamar gazterekin batera. Herrialdearen errealitate konplexua ezagutzeko, hamazazpi eguneko bidaia egin dute uda honetan, besteak beste, indigenekin batera bizitzeko. Bertatik bertara ezagutu ahal izan dute petrolioaren ustiaketak nola eragiten duen haien egunerokoan. Alegia, haiekin egon direnean ez dutela tximinoez bakarrik hitz egin.
Mundukide Euskal Herriko gobernuz kanpoko erakundeak antolatu du bidaia, gazteak indigenen egoeraz kontzientziatzeko. Laboral Kutxaren laguntzarekin horrelako bidaia bat egiten duen bigarren aldia da. Euskal gazteek Quitotik Peruko mugaraino bidaiatu dute, eta gertutik ezagutu dituzte huaorani eta kitxua nazionalitateko pertsonak. «Euskaldunak, kitxuak eta huaoraniak, denak dira talde gutxietsiak munduan, eta zeinek bere hizkuntza eta kultura du. Horrek batzen gaitu», esan du Ainara Borjes 30 urteko abokatu arrasatearrak. «Indigenek borroketan eskatzen dutena oinarrizko gauzak izaten dira: ur edangarria, errepideak...».
Ekuadorko gatazka
Borroka horiek azalera atera dira Ekuadorren gertatu diren azken altxamenduetan. Are gehiago, indigenak izan dira Lenin Moreno presidentearen gobernuaren aurka lehenengo ilaran borrokatu direnak.
Mundukidek bidaiarako aukeratutako gazteak gatazka piztu baino astebete arinago joan ziren herrialdetik, baina egoera nola zegoen ikusi ahal izan zuten.
Erregaien diru laguntzak ezabatzeko dekretuak eragin zituen protestak, eta indigenen eta gobernuaren arteko akordio batekin amaitu dira istiluak. Baina hil hasieran borrokan ibili ziren beste askok ez dute hain argi, orain baretasuna nagusi den arren. Hamalau egun iraun zuten liskarrek. Ekuadorko Arartekoak zortzi hildako eta 1.192 atxilotu erregistratu ditu, eta Nazio Batuen Erakundea (NBE) bitartekari lanak egiten dabil. Indigenek eta gobernuak beste dekretu bat idatziko dutela adostu dute.
Ion Arruti euskalduna hogei urtez bizi izan da Orellanako probintzian, eta, azaldu duenez, Morenoren gobernu taldearekin mesfidati daude herritarrak. Sua piztu zuen azken txinparta izan zen erregaiaren neurria, baina arazoak aurretik datozela dio Arrutik: «Indigenen eta petrolio ekoizleen arteko arazoak aspaldikoak dira, eta dekretu berriak ez ditu konponduko».
Arrutik berak gidatu ditu euskal gazteak Ekuadorko bidaian. Dayumako parrokiara eraman ditu (Orellana), herritarren eta petrolio enpresen arteko gatazka erakusteko asmoz. Enpresen gehiegikeriak greba eta manifestaldiekin salatzen dituzte han, eta horregatik da ezaguna Amazonia osoan. Herrian, Toxi Tour izeneko ibilaldi antolatu bat eskaintzen dute, agerian uzteko nola eragiten duten petrolio plataformek herritarren bizimoduan.
Ioar de Guzmanek Biologia ikasi du, eta bere ikuspuntutik aztertu du bidaian ikusi duena: «Petrolioa garraiatzeko erabiltzen dituzten hodiak errepidearen ertzean ikusi ditugu; umeek etxetik eskolara joateko zeharkatu behar dituzte».
Isurketak ohikoak izaten dira Orellana eremuan, eta kaltetutako gune horietako bat ere bisitatu dute gazteek Ekuadorren egindako egonaldian. Guzmanek azaldu du ikusitakoa: «Petrolioak oihanean sortu zuen txikizioa konpondu barik utzi dute, edonork ikusteko moduan. Ez dago ez landarerik, ez animaliarik, petrolioz zikindutako 200 metro koadroko inguru batean». Han lan egiten dute Petroamazonas eta Repsol YPF enpresek, besteak beste. Ez dituzte ordaintzen ingurumenean sortzen dituzten kalteen konpentsazioak, eta langile indigenek lan baldintzarik txarrenak dauzkate enpresa horietan.
Hil ala biziko borroka
Washington Washo Huilca Dayumakoa da, eta Toxi tour horretan azaldu die gazteei nola antolatzen diren enpresen gehiegikerien kontra. Indigenen artean herri mugimendu antzeko bat sortzeko lanetan ibili da Huilca, eta horregatik egin behar izan du alde eskualdetik. Bere larruan bizi izan du enpresen errepresioa, eta haren bizitza arriskuan egon da behin baino gehiagotan. Ekuadorren ohikoa den erritmo lasaian kontatu die bere nondik norakoa: «Enpresa haiek gure eskulanarekin aberasten dira, baina guk aberastasuna banatzeko eskatzen diegu, herriarentzako lanak eta hobekuntzak ikusi nahi ditugu, ez soilik kalteak. Ordaindu gabeko zorrak dituzte herritarrekin».
Azken hiru hamarkadetan, petrolioa izan da Ekuadorko ekonomiaren motorra, eta herrialdeak esportatzen duen produkturik garrantzitsuena. Mapa batean, petrolio hobiak beltzez margotuko bagenitu, herrialdearen ipar-ekialdea guztiz estalita geldituko litzateke. Bi hutsune izan ezik: zona ukiezinak. Han bizi dira Sucunbios eta Orellanako herri indigenak. Han, beren kasa mugitzen dira beren borondatez bakartuta dauden herri indigenak. Latinoamerika osoan egoera berezi horretan dauden herri bakarrak dira, eta, egun, meatzariak eta petrolio ekoizle ilegalak dira haien mehatxurik handiena. Ekuadorko konstituzioak haien eskubideak biltzen dituen arren, petrolio enpresek, urre bilatzaileek eta egur ebakitzaileek arriskuan jartzen dute haien bizimodua. Huaoraniak dira adibiderik argiena.
Curaray eta Napo ibaien artean bizi dira, eta duela 50 urte izan zuten kanpotarrekin lehenengo harremana. Hain zuzen, huaoranien herri bat izan da bidaiarien beste geldialdi bat: Bameno. Hango bizipenek hunkitu dute oso Aritz Gorostidi: «Gizakiaren hastapenetara bueltatu gara bertan». Lau eguneko egonaldia egin dute bidaiariek 200 biztanle inguruko herri horretan. «Han geundela, erreka uherretik hartzen genuen janaria prestatzeko ura, errekan dutxatzen ginen, eta errekan garbitzen genituen platerak eta arropak. Ez genuen gehiagorik behar». Haien bizimodu lasaia kolokan jarri dute petrolio enpresek; herritarrak banatu eta garapenaren ideia ezarri dietela esaten dute huaoraniek. «Kontaktatuak» izan aurretik bizi izan direnek diote hori: «Kanpotarrekin harremana eduki genuenetik, askoz estresatuago bizi gara. Dirua lortzeko, herritik atera beharra daukagu». Esaterako, zona ukiezinaren erdialdean wifia dago. Izozkailurik ez, komunik ez.
Petrolio enpresek 10.000 milioiren irabaziak dituzte urtero Ekuadorren. Repsol fundazioak, adibidez, unibertsitaterako bekak eskaintzen dizkie indigenei, askok oinarrizko hezkuntzarako aukerarik ez badute ere. Horrela, aurretik ez zituzten beharrizanak sortzen dizkiete. Nekane Rivas, bidaian parte hartu duten gazteetako bat, herriko irakaslearekin egon da: «Irakasle bakar bat dago, gazteleraz zailtasunez hitz egiten duena. Ume eta nerabeen artean, 60 ikasle daude». Egoera zaila dela onartu du Rivasek: «Ez dugu ikusi inork laguntzen dituenik, ez gobernuak, ez GKE-ek, eta are gutxiago petrolio ekoizleek».
Zalantzazko etorkizuna
Urre beltza Amazoniako lurretatik desagertzen den arte legea betetzea baino ez dute eskatzen petrolio plataformetatik gertu dauden parrokiek eta herri indigenek. Turismoa da orain arte praktikan jarri duten alternatibarik eraginkorrena. Napo ibaiaren inguruan dagoen biodibertsitate handia erabiltzen dute lanerako tresna gisa. Beren ohiturak ere erakusten dizkiete etortzen zaizkien atzerritarrei. Hala bizi izan du De Guzmanek, adibidez: «Daukaten guztia eskaini digute, eta guk eskaini ahal diegun gauza bakarra haien egoera kontatzea da». Mezu politikoa helarazteko erabiltzen dute askotan turismoa, guztiek dakitelako petrolio plataformek sortzen duten kutsadura kaltegarria dela haien proiektuentzat. Dena dago lotuta: turismoa jasotzeko, ohiturei eutsi behar diete, eta ohiturei eusteko, ingurunea babestu behar dute. Eta petrolio hobi gehiago zabaltzea horren aurka doa.
«Petrolio hobirik ez gure lurraldean», esan du Pentibo Baihuairi Bamenoko tribuko buruzagiak. Izan ere, petrolioaren eta ingurumenaren arteko dikotomia aipatzeko metafora bat erabiltzen dute Latinoamerikan: urre beltzarena eta urre berdearena. Bi urre horien arteko talka da urrian gertatutako istiluen arrazoi nagusietako bat. Indigenak indartsu agertu dira azken protestetan, eta gobernua negoziatzera behartu dute lehenengoz. Esaera zahar bat dute herritarrek: «Gobernua jausten da indigenak Quitora heltzen direnean».