mundua
MARIA SIRVENT
«Eragotzi beharra dugu goitik ixtea behetik ireki dena»
Igor Susaeta
Koalizio antikapitalista Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkeztuko da aurreneko aldiz. Sirventen esanetan, CUPek Madrilen eduki dezakeen «eragin politikoa» baloratu dute pausoa emateko orduan. Egungo testuinguruan oso beharrezkotzat jotzen du diskurtso «antikapitalista ezkerreko, feminista eta ekologista bat» plazaratzea estatuan.
Lider subiranisten kontrako epaiketaren sententzia atera eta zortzi egunera adostu dute JxC Junts Per Catalunyak, ERC Esquerra Republicanak eta CUPek Kataluniako Parlamentuan horri erantzuteko ebazpen bat tramitatzea. Zergatik behar izan dira hainbeste egun?
Aldagai askok baldintzatzen dute akordio bat lortzea. Hasteko, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren errekerimenduek; horren ondorioz, lan jakin bat egin behar izan da. Halere, adostu ahal izan dugu parlamentuan nahi denaz hitz egiteko aukera egon dadila, Konstituzionalaren mehatxuak gorabehera [penalki zigortu dezakeela ohartarazi dio Konstituzionalak Roger Torrent parlamentuko presidenteari]. Bestetik, logika alderdikoiek ere berea baldintzatu dute. Guk ahalegin handia egin dugu ikusarazteko herri gisa ditugun erronka kolektiboen alde egin behar dugula, eta ez uneotan agertokia baldintzatzen duten logika alderdikoien alde. Eta, beste aldetik, [Kataluniako] gobernuaren testuinguru politikoak baldintzatzen du. Aspalditik ari gara salatzen disidentzia politikoaren kriminalizazioaren kontrako jardun poliziala. Baina kontuan hartu behar da, bestalde, zein politika garatzen dituen gobernu honek: jendearen eskubideen eta beharren kontra doaz. Horrek ere baldintzatzen du akordio batera heltzea gobernu honi babesa ematen dioten talde parlamentarioekin. Errepresioaren konplize da gobernu hau.
Oraindik ez du onartu, baina zer balio du autodeterminazio eskubidearen alde parlamentuak onartutako ebazpen batek? Duela aste batzuk ere, sententziaren aurretik, onartu zuen. Zer iruditzen zaio CUPi?
Gutxieneko bat dela iruditzen zaigu. Ez du egoera konponduko, inondik ere.
Zerk emango dio irtenbidea?
Autodeterminazio eskubidearen ariketa konkretu eta eraginkorrak, errepresaliatuak izan diren pertsona guztiei amnistia ematearekin batera.
Hori da CUPek planteatzen duena errepublikaranzko bidean jarraitzeko?
Uste dugu irtenbide horrek mahai gainean egon behar duela, adostu behar dugula ahalik eta eragile politiko, sozial, kultural gehienekin, eta, gainera, nazioartean landu behar dugula. Baina, batez ere, herri mugimenduarekin lotuta joan behar du.
Quim Torra Generalitateko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernukoarekin hitz egin nahi du. Saiakera horrek ba al du zentzurik? Pere Aragones Kataluniako presidenteordea mintzatu da Carmen Calvo Espainiakoarekin...
Ziurrenik bai, baina ez da CUPen helburua. Estatu aparatuen solaskideekin hitz egiten ari zarenean, eta hain-hain nabaria denean estatuak autodeterminazio eskubideari ezetz esaten diola... Estatuarekin izandako edozein elkarrizketa ez da bideratuta egongo helburu politiko horretara; beste batzuetara bideratuta egon daiteke.
Susmo txarra hartzen diozue?
Eragotzi beharra dugu goitik ixtea behetik irekitzen dena: ez daitezela egin botereen arteko itunak 78ko erregimena mantendu ahal izateko; ez daitezela ahalegindu autodeterminazio eskubidea baztertzen, Espainiako Estatu barruan birkokatze bat bilatzeko. Izan ere, irtenbide horrek prekaritate eta miseria handiagoa eragingo luke herri klaseen artean.
Elkarrizketak bide hori hartu dezakeela sumatzen duzu?
Aragonesek herriari azaldu beharko lioke Carmen Calvorekin hitz egiten duela; zer helburu duen elkarrizketa horrek.
Torrak joan den ostegunean legebiltzarrean adierazi zuenez, erreferendum bat egin nahi du legegintzaldia amaitu aurretik.
Guri iruditzen zaigu gisa horretako proposamen batek lanketa handia behar duela izenburu batetik haratago joateko. Hilabeteak daramatzagu erretorika errepublikanoarekin, eskubide sozialak-eta aipatzen... Gobernuak guztiz kontrakoa egiten du gero.
Alderdi subiranistak ez daude bat eginda helburuari heltzeko moduari dagokionez, baina, lidergo argirik ez edukita ere, herritarrak erantzuten ari dira, eta, nolabait, alderdietatik urruntzen. Jokaleku horrek aurreikusi ezin den beste jokaleku batera eraman dezake prozesua?
Guk ez baldin baditugu gure eskubideak defendatzen, inork ez du hori gure ordez egingo. Demokrazia formal eta errepresentatiboak mugak dauzka. Hori guztia barneratzea positiboa da, oso interesgarria. Lidergoak modu transbertsalago batean landu daitezke.
Balizko beste jokaleku bat: Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak aurreratzea. Hori nahi du Esquerrak...
Iruditzen zaigu hauteskunde hauek izan daitezkeela lurreratze pista bat gatazka sozialeko egoera bat, protesta testuinguru bat birbideratzeko. Beraz, guretzat, uneotan, hori ez da agertoki onena. Guretzat idealena litzateke ez bideratzea arreta guztia hauteskunde autonomiko batzuetara. Eduki dadila ikuspegia herri gisa dugun erronka kolektiboaz.
CUPek 78ko erregimenarekin hautsi nahi du. Egungo esparru juridikoa gainditu behar da horretarako, eta horrek ondorio batzuk ditu.
Bai. Ondorio pertsonalak, kolektiboak eta politikoak, kalean errepresioa jasaten egoteak ondorio horiek dakartzan bezala. Espainiako Estatuak bere proiektu nazionalista espainiarrari eusteko, biolentziarekin soilik erantzun dezake, eta hala erantzungo du.
Ondorio horiei aurre egiteko egongo diren beste lider politiko batzuk falta dira?
Oso legitimoa da bakoitzak nahi duen bezala aurre egitea errepresioari. Ez dugu zalantzan jarriko ondorio jakin batzuk onartu nahi ez dituen inor. Hori bai, orduan ez dira lidergoan egon behar duten pertsonak. Honen lidergoan egon behar dutenek oso argi eduki behar dute eskubideen konkistak kostu pertsonal, kolektibo eta politiko batzuk dituela.