ekonomia
PEDRO PASCUAL
«Zerga iruzurrak jarduera ekonomikoa desitxuratzen du»
Joxerra Senar
Euskal Herrian, erreferente da Ignacio Zubiri EHUko irakaslea. Bere ikerketa batean zioen oso zaila dela ezkutuan dagoena neurtzea. Zergatik da hain zaila?
Ekonomiaren alde ilun hori ezkutuan delako, eta, antzemateko, zeharkako bideak hartzen ditugu. Metodo zuzenak ere badaude, inkesten eta zerga ikuskatzaileen datuen bitartez. Hala ere, inkestak zuhurtziaz hartu behar dira, zergadunen pertzepzioaren ingurukoak baitira. Gainera, inkestetan galdetzen badiezu zergadunei ea euren betebeharrak betetzen dituzten edo zerga iruzurraren loteria jokatzen duten, zer erantzungo dizute? Ohiko metodoak zeharkakoak dira, makroekonomikoak: diru bolumena eta argindar kontsumoa aintzat hartuta, besteak beste.
Lau metodo erabili dituzue. Zein da egokiena, zehatzena?
Ignacio Zubirik dioen moduan, erabiltzen dituzun aldagaiaren eta informazioaren arabera, emaitza desberdina izango du metodo bakoitzak. Guk batezbesteko bat egin dugu, baina garrantzitsuena da 1986tik hona itzalpeko ekonomiaren bilakaerak patroi bat duela: U bat alderantziz.
Hain zuzen ere, 90eko hamarkadan gorantz egin zuen argi. Zeri erantzuten dio?
Euroa sartu zenean jo zuen goia itzalpeko ekonomiak, 2002ko urtarrilean.
500 euroko billeteek izan dezakete erlaziorik?
Bai, 500 euroko billeteekin balio handi bat gorde daiteke oso espazio txikian, eta Espainian kontzentrazio handi bat izan zuen. Mario Draghi EBZko presidenteak balio gordailu bat izan zitekeela argudiatu zuen, baina azkenean aurten utzi dio jaulkitzeari. Argi dago legez kanpoko jardueretarako erabili izan dela.
Krisian, itzalpeko ekonomia erori egin zen. Zergatik?
Burbuilaren eztandarekin bat egiten du. Azkenean, itzalpeko ekonomia izateko faktore nagusia zergak dira, zergarik ez balego jendeak ez bailuke iruzur egiteko pizgarririk. Kasu honetan, ordea, jaitsierak aditzera ematen du eraikuntzaren gainbehera dagoela atzean. Eraikuntzaren erorialdia islatzen du.
Itzalpeko ekonomiaren arrazoi nagusia zergak badira, zergatik da itzalpeko ekonomia txikiagoa zerga presio handieneko herrialdeetan?
Beste aldagai batzuk ere badirelako: instituzioen kalitatea, lan munduaren erregularizazioa edo zerga moral delakoa, hots, zergen betebeharra borondatez betetzea. Azken finean, kultura auzia ere bada. Europa iparraldeko herrialdeetan hegoaldean baino askoz ere handiagoa dute.
Azterketaren arabera, Hegoaldeko beste lurraldeetakoa eta Espainiakoa baino itzalpeko ekonomia txikiagoa du Nafarroak. Zeren ondorio dela uste duzu?
Espainian, zerga morala apala da, Italiaren eta Greziaren modura. Zergatik da txikiagoa autonomia erkidego batzuetan? Foraltasuna izan liteke arrazoi bat. Ogasuna gertuago izateak zergadunek ardura handiagoa izatea esan nahi izan dezake. Gertuago ikusten da ordaintzen denaren eta jasotako zerbitzuaren arteko lotura, eta horrek ardura partekatua eragiten du. Azterketaren batek aztertua du hori, eta ematen du eragina baduela. Dena dena, azken urteetako joera bateratzea da. Diferentziak gutxienekoak dira.
Itzalpeko ekonomiak zer eragin du jarduera ekonomikoan?
Oso auzi garrantzitsua da. Imajina dezagun iruzurrik ez legokeen ekonomia bat: bai kontsumitzaileek eta bai enpresek arau berekin jokatuko lukete. Batetik, zergak zorrotz eta zintzo ordaintzen dituzten enpresek bestelako jarrera duten enpresekiko desabantaila dute, eta horrek ekonomiaren jarduera desitxuratzen du. Bestetik, itzalpeko ekonomia badago, ordaintzen dutenek ordaintzen ez dutenen hutsunea estaltzeko zerga tasa handiagoa pagatu behar izaten dute. Horrek, halaber, eragileen jokabidean eta eraginkortasunean eragiten du: gehiago edo gutxiago aurreztu, inbertitu edo lan egin erabaki dezakete. Bestalde, desberdintasunak eragiten ditu ordaintzen dutenen eta ordaintzen ez dutenen artean.
Eta makroekonomiaren argazkia desitxuratzen du?
Bai. Azkenean, 2014tik Eurostatek esan zuen barne produktu gordinaren zati bat itzalpeko ekonomia dela eta legez kanpoko jarduerei erreparatu behar zaiela: prostituzioa, armen eta drogen trafikoa... Horrek ekar dezake BPGa handiagoa edo txikiagoa izatea. INEk itzalpeko ekonomiaren estimazio bat egin beharko du aurki. Nafarroak bere estatistika institutua du, eta, ematen dion portzentajearen arabera, BPGa handiagoa edo txikiagoa izango da.
Sozietate zergan kenkari ugari daude, eta ogasunak ahalegin bat egin beharko luke hori kontrolatzeko. Ez da eraginkorragoa zerga sinplifikatzea?
Zerga hori aldatu behar dela uste dut. Azkenean, batez besteko tasa Europako handienetakoa da, baina tasa erreala, apalenetakoa. Berriro aztertu behar da hori. Zerga guztiekin gertatzen da. Ekonomista estatubatuar batek zioen moduan, zergak etxe bateko garaje baten modukoak dira: erostean garbi dago, baina, gero, trastez betetzen da. Zerga erreforma bat egiten denean, ahalik eta zerga eraginkor eta sinpleena diseinatzen da, baina, gero, parlamentutik pasatu behar da, eta urtero aldaketak egiten zaizkio. Azkenean, ez dakizu zer den ere: eraginkorra ote den, bidezkoa ote den...
Ematen duzuen beste aholkuetako bat da ogasunaren komunikazioak hobetzea. Zertan lagun dezake?
Belgikan, azterlan bat egin zuten duela gutxi. Haren arabera, ematen du mezu zuzenak eta motzak erabiltzea eraginkorra dela. Era berean, ematen du eraginkorra dela errenta aitorpenean adierazpen bat egitea ere, esanez ez duzula gezurrik esan eta emandako datuak benetakoak direla.
Beste aukera bat da ikuskatzaile gehiago jartzea.
Bai, baina ez hori bakarrik. Baliabide materialak jarri behar dira, eta big data aztertzeko adituak ere behar dira. Gero eta garrantzitsuagoa da zerga iruzurtien profilak egitea, eta datu horiek aztertuko dituzten espezialistak behar dira.