kirola
Onenekin lehiatu dira
Unai Ugartemendia
Limone sul Gardan (Italia) jokatutako Skymaster finalarekin bukatu zen 2019ko mendi lasterketetako Munduko Kopa, larunbatean. Apirilean Japonian hasi zenetik, korrikalariek luzera ezberdinetako hamasei lasterketa jokatu dituzte.
Gizonezkoetan, txapelketa irabazteko lehia azken lasterketako azken kilometroan erabaki zen, lehia oso estua izan eta gero, Ruy Ueda japoniarraren alde, Oriol Cardona kataluniarraren kaltetan. Uedak hamabi segundo besterik ez zion atera Cardonari 27 kilometroko eta 2.600 metroko desnibel positiboko lasterketa erabakigarrian. Nabarmentzekoa da helmugan elkarri eman zioten besarkada. Jonathan Albon ingelesa izan zuten bidelagun sailkapen orokorreko azken podiumean.
Euskaldunen artean, Ander Iñarra lezoarrak ezin izan zion sailkapen orokorreko zazpigarren postuari eutsi. Lasterketaren lehen aldapa gogorretan aurreko postuetan ibili bazen ere, aukera guztiak galdu zituen jaitsierak hasi orduko. Lasterketan lortutako hogeita zazpigarren postuak sailkapen orokorreko hamaikagarrenera eraman zuen. Julen Martinez de Estibarizek, berriz, hemezortzigarren postuan amaitu zuen lasterketa.
Emakumeetan ere bi ziren Munduko Kopa irabazteko hautagai nagusiak: Sheila Aviles kataluniarra eta Ragna Debats herbeheretarra. Azken lasterketara parekatuta iritsi ziren, baina Avilesek bigarren postua lortu zuen Limonen, eta horrek Munduko Kopako garaipena eman zion. Elisa Desco korrikalari italiar beteranoa izan dute lagun podiumean. Denisa Dragomir errumaniarrak irabazi zuen Limoneko lasterketa (3.36.55).
Oihana Azkorbebeitia izan zen euskaldunen artean onena (4.00.48). Denboraldiko lasterketa guztietan egin duen moduan, abadiñarrak lehen hamarretan amaitu zuen lasterketa: zazpigarren. Munduko Kopako sailkapen orokorrean hamargarrena izan da. Limonen atzetik izan zituen Sandra Sevillano (9. postuan) eta Maria Zorroza (10. postuan). Euskal Selekzioko beste korrikalariak, Mayi Mujikak, lasterketa bertan behera utzi behar izan zuen, lesio batengatik.
1. Munduko Kopako zein lasterketatan hartu duzu parte?
2. Zein izan da denetan gustukoena? Zergatik?
3. Zer gustatu zaizu gehien Munduko Kopatik?
4. Zein lasterkarik harritu zaitu gehien?
5. Nola ikusi duzu zeure burua?
6. Nola ikusi duzu Euskal Selekzioa?
OIHANA AZKORBEBEITIA (Abadiño, Bizkaia, 1981)
1. Denera, zortzitan: Mt. Awa Skyrace [33 km, Japonia], Skyrace Matheysins [27 km, Frantzia], Livigno Skymarathon [34 km, Italia], Buff Epic Trail [42 km, Herrialde Katalanak], Tromso Skyrace [55 km, Norvegia], Matterhorn Ultraks [24 km, Suitza], ZaCup Skyrace [27 km, Italia] eta Limone Skymasters [27 km, Italia].
2. Zermatt Matterhorn. Izugarrizko lasterketa izan zen. Ibilbide berria zuen aurtengo lasterketak. Igoerak eta jaitsierak oso leku gutxitan ikusi ditudan horietakoak ziren, oso teknikoak, goi mendikoak... Izugarri gozatu nuen.
3. Luzera ezberdinetako lasterketak egitea izan da gehien gustatu zaidana. Lasterkari osoena izateko aukera izan dugu lasterkariok. Gutxienez lau lasterketa egin behar dira, eta irabazteko ondo moldatu behar duzu edozein lekutan. Aurten, gainera, finala ere antolatu dute, eta horrek ere bere xarma eman dio.
4. Hillary Gerardi estatubatuarra eta Johanna Amstron suediarra. Amerikarra iaz ere ondo ibili zen, baina aurten, bai Tromson eta baita Zermatten ere, maila handia erakutsi du. Izugarri ondo jaisten den korrikalaria da. Jauzi handia egin du aurten, eta asko pozten naiz harengatik, laguna dudalako. Bestalde, finalean, suediarra egotea espero nuen. Orain arte lehiatu den lasterketetan oso indartsu ikusi dut; ez dakit zergatik ez den bertan egon. Oso gaztea da oraindik, eta uste dut hurrengo urteetan zer esan handia eman dezakeela.
5. Ondo. Agian lasterketa gehiegi egin ditut, eta egutegiaren amaieran asko nabaritu dut nekea, orkatila, behatza ere bai... Atsedena eskatzen ari zaizkit. Uste dut bete dudala aurten neukan helburua.
6. Oso ondo, baina denoi antzekoa pasatu zaigu: lasterketa batzuetan eta, orokorrean, denboraldia luze egin zaigula. Otsailean hasi ginen, eta azkenerako hilabete asko dira lehian. Pozik ibili gara, eta egindako bidearekin asko gozatu dugu.
MARIA ZORROZA (Gernika, Bizkaia, 1988)
1. Bederatzi izan dira: Mt. Awa Skyrace, Transvulcania Ultramarathon [74 km, Espainia], Livigno Skymarathon, Buff Epic Trail, Tromso Skyrace, Matterhorn Ultraks, ZaCup Skyrace eta Limone Skymasters.
2. Zac Up, Italiako Alpeetan jokatzen dena. Lasterketaren ezaugarriak, antolakuntza, giroa, anoa guneak hiru kilometroan behin... Konturatzen zara lasterketari garrantzi handia ematen diotela. Asko gustatu zitzaidan.
3. Giroak orokorrean. Leku ezberdinetako jendearekin munduko edozein lekutan elkartzeko aukera eman digu Munduko Kopak, eta, azkenerako, lagunak bihurtu gara denboraren poderioz.
4. Oihana Azkorbebeitiak. Hiru kopa ezberdinetan ibili da, eta denetan izugarrizko maila erakutsi du. Bi ume ditu, gainera; lana ere bai, eta hori dena aurrera eramateko duen umorea ez da diruarekin ordaintzen. Asko transmititzen duen laguna da Oihana.
5. Orokorrean ondo ikusi dut, askotan entrenatzea erraza ez bada ere, lanarekin eta eguneroko martxarekin uztartuz. Guretzat hau afizio bat besterik ez da. Niri ez zait asko kostatzen entrenatzera irtetea, baina, azkenean, lasterketa askotarako egun asko hartu behar izaten ditugu, eta, alde horretatik, nekatuta amaitu dut. Zaila da dena uztartzea.
6. Goi mailan ikusi dut Euskal Selekzioa. Ditugun baliabideak kontuan hartuta, ezin diezaiokegu gehiago eskatu geure buruari.
MAYI MUJIKA (Legazpia, Gipuzkoa, 1988)
1. Bostekin konformatu behar izan dut: Mt. Awa Skyrace, Transvulcania Ultramarathon, Livigno Skymarathon, Olympus Marathon [44 km, Grezia] eta Limone Skymasters.
2. Livigno Skymarathon. Ibilbidea izugarria da, nahiz eta aurten ez genuen aukerarik izan ibilbide osoa egiteko, zegoen elurrarengatik eta zati teknikoetako arriskuarengatik.
3. Laskerketak, esaterako. Iaz, Espainiako Kopan aritu nintzen, eta, aurtengo Munduko Kopakoekin alderatuta, ez dute zer ikusirik. Paraje eta ibilbide ikusgarrietan ibili gara, aurten behintzat; hau beste kontu bat da. Leku asko ezagutzeko aukera eman dit kopak, eta selekziokideen artean izan dugun giroa ere apartekoa izan da.
4. Egia esateko, ia ez nuen inor ezagutzen aurretik. Ez dut sare sozialik, eta horrela zailagoa izaten da gainerako korrikalariak ezagutzea. Orain hasi naiz beste korrikalariak gehiago ezagutzen.
5. Denboraldiaren erdira arte ondo ikusi nuen neure burua, lesionatu nintzen arte. Nire lehen denboraldia izan da aurten Munduko Kopan. Egutegiaren erdialdean konturatu nintzen oraindik onenak baino koska bat beherago nagoela; baina, hala ere, uste dut txukun xamar ibili naizela .
6. Iruditzen zait orokorrean oso ondo aritu garela. Denboraldi hasieran hautatzaileek argi esan zuten helburu nagusia: finalean gizonezko bat eta emakumezko bat sartzea. Azkenean, beste hiru gehiago ere sartu gara. Gauza polita izan da Munduko Kopan aritu garen bostok Limoneko finalean ikustea.
ANDER IÑARRA (Lezo, Gipuzkoa, 1991)
1. Zortzi izan dira. Mt. Awa Skyrace, Skyrace Matheysins, Livigno Skymarathon, Buff Epic Trail, Tromso Skyrace, Matterhorn Ultraks, Pirin Ultra [66 km, Bulgaria] eta Limone Skymasters.
2. Zaila da bat aukeratzea, baina bat esatekotan, Tromsokoa, Norvegian. Oso teknikoa eta goi mendikoa da, eta niri horrelako lasterketak gustatzen zaizkit. Erritmo apalagoan joaten gara, eta askoz ere gehiago gozatzen dut horrelakoetan. Oso leku basatia da Norvegiakoa.
3. Korrikalarien artean dugun giroa. Taldekoekin eta atzerritarrekin asko hitz egiten dugu, harremana ere badugu askorekin. Oso giro polita izan du orokorrean aurtengo Munduko Kopak.
4. Beñat Marmissolle baionarrak. Denboraldi hasieran oso apal hasi zen, baina egutegiaren amaieran izugarrizko maila erakutsi du. Behetik gorako denboraldi aparta egin du orokorrean, eta asko harritu nau.
5. Oso ondo. Denboraldi bikaina osatu dut, nahiz eta azken lasterketan ez nuen zapore gozoarekin amaitu. Oso sasoiko iritsi nintzen finalera, baina, hankeko lesio bat dela medio, ezin izan dut denboraldia nahi bezala amaitu. Jendeak ere esaten dit denboraldi ona egin dudala; beraz, lasai nago neure buruarekin.
6. Nik uste dut ondo aritu garela. Horren erakusgarri izan da azken lasterketa, finalekoa. Denera hirurogeita bost korrikalari ginen sailkatuta, eta horietatik bost Euskal Selekziokoak. Oihanak [Azkorbebeitia] hamargarren amaitu du; nik, hamaikagarren, azken lasterketan ere [Julen] Martinez de Estibarizek puntuak pilatu zituen, baita [Maria] Zorrozak ere... [Mayi] Mujika ere saiatu da bere onena ematen. Ezin dugu gehiago eskatu.
JULEN MARTINEZ DE ESTIBARIZ (Gasteiz, 1984)
1. Zazpi izan dira. Mt. Awa Skyrace, Transvulcania Ultramarathon, Olympus Marathon, Buff Epic Trail, Matterhorn Ultraks, Pirin Ultra eta Limone Skymasters.
2. Transvulcaniako ultra. Ez nuen ezagutzen, eta ibilbidea irla batean izateak badu bere xarma. Bertako naturak eta mendiek ez dute zer ikusirik gureekin. Inoiz ez nuen horrelako leku batean korrika egin.
3. Sailkapen bakarra dagoela, ez lehen bezala. Alde horretatik, askoz hobea iruditu zait Munduko Kopa. Lasterketa batzuetan puntuek balio bikoitza dute, eta izugarrizko maila izan da. Hala ere, nire proposamena lasterketa gutxiago egitea izango litzateke, maila altua bermatzeko.
4. Askok harritu naute, egia esan. Nire hirugarren urtea izan da Munduko Kopan, eta gaur egun oso zaila da lehen hogeien artean sartzea. Lasterketa hauetara ezin da erdizka etorri. Izenak esan beharko banitu, Ruy Ueda eta Oriol Cardona aipatuko nituzke. Besteak baino koska bat gorago ikusi ditut.
5. Erregulartasun handiagoa izatea espero nuen. Ondo nengoela uste nuenean, ez dut esperotako maila eman, eta gutxien espero nuenean, gustura ibili naiz. Nire kirol ibilbidean nahiko erregularra izan naiz, baina aurten ez dut lortu erregularra izatea.
6. Oihanaren [Azkorbebeitia] eta Anderren [Iñarra] maila oso altua izan da. Lasterketa guztietan lehen postuetan ibili dira, eta garaipenen bat ere oso gertu izan dute. Beste hirurok ere nahiko txukun ibili garela esan dezaket.