mundua
CLARA PONSATI
«Kaleko indarra artikulatuko duen klase politiko bat behar da»
Gurutze Izagirre Intxauspe
Sententziatik astebete igaro da. Zer nabarmenduko zenuke?
Sententzia pertsona jakin batzuen kontrakoa da, eta horiek sufrituko dituzte ondorioak zuzenean orain, baina uste dut suizidio bat dela Espainiako demokraziarentzat.
Zertan oinarritzen zara hori esateko?
Oinarrizko askatasunen erabilera aitzakia bihurtzen denean jendea espetxeratzeko, oinarrizko askatasunak ja ez dira askatasunak. Ikusten ari gara nola manifestarien aurka jazartzen ari diren modu erabat biolentoan, ez bakarrik Bartzelonan, baita Madrilen ere.
Sententzia jakinarazi zenetik Kataluniako herritar asko atera dira kalera, egunero. Nola bizi izan duzu hori?
Uste dut argi geratu dela jendeak ez duela hau irensten. Kataluniar gehien-gehienak demokratak direla, eta oso suminduta daudela, eta kalean adierazten ari dira modu esplizituan, modu baketsuan eta sendo. Honek jarraituko du, ezin da-eta onartu.
Nolako eragina izan dezake kale istiluen gaiak?
Egon dira gorabehera batzuk, batzuek poliziak berak bultzatutakoak; atzo, adibidez, -igandean- polizia etxean geratu zen, eta ez zen ezer gertatu. Beraz, agerian geratu da indarkeria nondik datorren. Badago jende gaztea, oso suminduta dagoena, eta adierazten duena sumin hori finenak ez diren moduekin, hori egia da, baina bereizi egin behar da. Mossoak Espainiako Barne Ministerioaren mende daude, eta Barne kontseilaria ere beraien esanetara ari da.
Zer deritzozu polizien arteko elkarlan horri?
Herrialde okupatu bat gara, eta hori inoiz baino argiago geratzen ari da. Katalunia kolonia matxinoa bihurtu da.
Zer iruditu zaizu Generalitateak sententziari emandako erantzuna?
Ez dago erreakziorik. Erkidegoko erakundeak paralizatuta daude. Okupatzen dituzten pertsonek errespetu osoa merezi dute, noski, baina esan dezagun duintasun maila aldakorrak daudela. Badirudi Torra ahal duena egiten ari dela, baina oso bakarrik dago, eta ematen du zaila izango dela erakundeek babes politikoa ematea manifestazioei. Uste dut herritarrak bakarrik daudela Espainiaren aurrean, Kataluniako erakundeen bitartekaritzarik gabe.
Zer dela-eta erreakzio hori?
Uste dut beldurtuta daudela. Oso ulergarria da zirkunstantziak ikusita, baina uste dut 155.a ariman sartu zaiela. Ziurrenik ikuspegi politikoetan ere aldeak daude, baina orain hori ez da garrantzitsuena. Hau aurrera aterako da mobilizazioen pultsua mantenduta, eta lehen lerroan egonda. Erkidegoetako erakundeetatik ezin da aurrera egin arriskatu gabe, eta badirudi ez daudela prest.
Zer deritzozu Espainiako Gobernuaren erantzunari?
Historikoki eman duen erantzun bera da, betikoa. Ikusiko dugu noraino iristeko gai diren. Lortu dute Espainiako hedabideen kontrol osoa izatea, gezurra lotsagabeki esaten dute, eta Espainiako boto emaile gehienek erosi egiten dute.
Uste duzu badagoela ateren bat irekitzerik nazioartean?
Litekeena da, baina uste dut ez dela segituan gertatuko. Europako estabilishment-ak erabaki du Espainia babestea modu esplizituan, eta uste dut hori aldatuko dela modu zuzenean ondorioak pairatzen hasten direnean alde ekonomikotik, logistikotik... Baina agian nahastuta nago.
Oinarrizko akordio baterako hiru puntu proposatu zenituen, eta Errepublikarako Kontseiluak bere egin ditu. Bakea, amnistia eta autodeterminazioa. Zergatik?
Kalera ateratzeko arrazoiak sintetizatzen ditu, nolabait. Demokrazia berriz ezartzeko eta arazo politikoa modu politikoan kudeatzeko, beharrezkoa da Polizia joatea eta mossoak polizia zibiko bihurtzea, Kataluniako Gobernuaren esanetara. Manifestatzen ari den jendeak eskubidea izan behar du hori bakean egiteko. Uste dut faxistak ez diren katalan guztiak horrekin ados daudela.
Eskaera horiek betetzeko modukoak iruditzen zaizkizu?
Ez badira betetzeko modukoak, trabatuta egongo gara horiek bete arte. Badakit beste aldean ez dutela esango, ondo, ados. Baina kezkatzen nauena zera da, ezin adieraztea gure eskaerak publikoki. Eta iruditzen zitzaidan beharrezkoa zela kalean zegoen jendearentzat ordenatzea. Kalean, noiz arte? Hiru gauza horiek gertatu arte. Uste dut oso garrantzitsua dela esplikatzea munduari zergatik ari garen hau egiten, esplikatzen ez den iraultza batek ez duelako etorkizunik.
Diskurtsoa artikulatzeko premia sumatu zenuen?
Etengabe nago eztabaida politikoan Bartzelonako jendearekin, eta hori ondorioztatu dut pertsona askorekin eztabaidatu ondoren. Ez da nik bakarrik etxeko sukaldean ondutako zerbait. Kalean dagoen mugimendu hori oso boteretsua da. Katalanek daukagun energia izugarria da. Iragan astelehenean shock bikoitza izan nuen: sententziarena bata, baina, handik bi ordura, kalearena: kontxo, baina zer indar handia daukagun! Indar hori administratuko duen klase politiko bat behar da, gidatu egin behar da. Hori oraingoz ez denez alderdi politikoetatik etorriko, uste dut garrantzitsua dela adieraztea zer nahi dugun. Estatu polizial bat da, eta onartezina da.
Bi urte daramatzazu erbestean. Zer eragin dizu distantziak?
Ohituta nengoen lanean bolada luzeak pasatzera etxetik kanpo. Baina ez da gauza bera kanpoan egotea jakinda itzul zaitezkeela, edo jakinda ezin duzula itzuli. Oso gogorra da alde horretatik, baina baikorra naiz orain. Duela hilabete batzuk ematen zuen etsipena politikari independentisten bihotzetan sartuta zegoela, eta herritarrenean ere bai. Baina orain jendea prest dago kalera ateratzeko, eta horrek asko animatzen nau. Uste dut baikorrak izan behar dugula. Indar handia daukagu. Eta politika katalanak gai izan behar du hau gidatzeko, bestela ez du gizartearen barkamenik izango. Urriaren 1ean kale egin zen arrazoi politikoengatik.
Politikoengatik?
Kataluniako politikariengatik. Ikusten ari garen kaleko indar hau bageneukan duela bi urte. Agian orain indartsuagoak gara, oinarria sendoagoa da. Ikusi besterik ez dago gazte jendea nola gehitu den. Horrek sekulako indarra eta etorkizuna erakusten ditu. Ardura handia da orain hori dena kanalizatzea.
Zer eskatu behar zaio klase politikoari?
Ez molestatzeko. Isiltzeko. Oraintxe eman dezaketena ikusita, batzuk isiltzea hobe dute.
Distantziak edo kartzelak eragin ahal dezake Katalunian benetan gertatzen ari denaren begirada distortsionatzea?
Ez dakit, benetan. Mentalki egiten dut ez gehiegi ilusionatzeko ariketa; neure buruari esaten diot agian erbestean hilko naizela, eta hala izan behar badu, hala izango da. Ez zait gustatzen espektatiba faltsuak sortzea. Baina orain ikusten ari garena oso larria da. Ikusi nuenean ikasleak berriz ere greban zeudela... Etorkizuna dago gazteak parte hartzen dutenean. Bi urte igaro dituzte itzalirik; ez zeuden prest kartzeletara joateko kandelak jartzera. Eta orain berriro kalean daude. Halere, onartzen dut erbestetik muga handiak dauzkagula. Egingo dut ekarpena zintzoki ahal dudan heinean.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Kupula politikoak desorientatuta daude, eta ez dira orientatuko hurrengo asteetan. Pentsatzen dut oinarriak mugitu egingo direla, eta honek guztiak aurrera egingo duela. Ez dakit zer abiaduran, baina kontua ez da abiadura, baizik eta ez atzera egitea. Uste dut 2017ko urriaren ostean mobilizazioa geratu egin zela; pena kolektiboa hedatu zen. Eta orain ez. Ezin dute gurekin. Gazterian sekulako itxaropena daukat. Azkenean, klase politikoa ere azaltzea espero dut. Jakingo dute lokatzetatik ateratzen. Oso jende baliotsua dago, baina oraintxe bertan oso harrapatuta daude. Gazteak oso indartsu daude, eta horrek sortzen du indar geraezin bat.