astekaria 2019/10/25
arrowItzuli

bizigiro

TXABI TXAKARTEGI

«Haur askok eskolan egiten dute ganorazko jatordu bakarra»

Zihara Jainaga Larrinaga

«Haur askok eskolan egiten dute ganorazko jatordu bakarra»

Kasualitatez hasi zen, eta ibilbide luzea egin du Txabi Txakartegi pediatrak (Lekeitio, Bizkaia, 1953). Urte gehienak Gernika-Lumoko (Bizkaia) osasun etxean egin ditu. Haurren gorputz masaren indizearen gorakada aztertu izan du, eta horri aurre egiteko neurriak aurkeztu zituen duela lau urte, unibertsitateko tesian. Haurrek elikadura osasuntsu eta neurrikoa egitea aldarrikatu du, eta, horretan eskolek garrantzi handia badute ere, gurasoen ardura dela azpimarratu du. Horrez gain, adimen arazoak dituzten haurrak ere artatu izan ditu. Sare-ko partaide ere bada Txakartegi, eta urruntze politika jasaten duten haurren osasun egoeraz ohartarazi du.

Zergatik erabaki zenuen medikuntza ikastea?

Etxean, sei neba-arrebetatik ni naiz adin handikoena; nagusiena ez, nagusiak beste batzuk dira. 10 urterekin Gasteizko eskola batera bidali ninduten, eta zazpi urte pasatu nituen barneko ikasle. Aita itsasgizona zen, eta, hark bezala, nautika egin nahi nuen, baina han egindako adimen proba batzuetan medikuntza egitea aholkatu zidaten, eta gustuko nuen hori ere.

Zure haurtzaroa nola oroitzen duzu?

Kuadrillek indar handia zuten Lekeition. Lotsatia nintzen, baina okerkeriak ere egiten genituen. Erre egiten genuen 10 urte izan aurretik. Bospasei lagunen artean zigarro bat erretzen genuen, kea irentsi gabe.

Hori orain zer irudituko litzaizuke pediatra moduan?

Pentsatu ere ezin daiteke egin. Garai haietan kalekumeak ginen. Aitak, itsasgizona izanik, Rubio zigarroak ekartzen zituen Ternuatik, eta, amak, etxera etortzen ziren beharginei banatzen zizkien. Nik kendu egiten nizkion, eskola ostean lagunekin erretzeko. Ostean, nerabe garaian, eskolako komunetan erretzen genuen. 17 urte nituenerako erretzaile nintzen jada. Egun, zorionez ez dago halakorik, nahiz eta intoxikazio eta koma etilikoen datuak beldurtzekoak diren. Gero eta gazteagoetan gertatzen dira, gainera. Iruditzen zait gazte lokalen erabilerak baduela nolabaiteko lotura horrekin. Baina, hein handi batean, gurasoena da errua. Zenbait ohitura aldatu behar dira.

Zure ibilbidearen zatirik handiena haurren gorputz masaren indizea nola hasi den aztertzen egin duzu. Gutxiegi hitz egiten al da arazo horretaz?

Gizartea bada arazoaren kontziente, baina ez dio aurre egiten, eta botere publikoek zeresan handia dute horretan. Diru asko gastatzen dute hedabideetako publizitatean, eta iragarkiak, batik bat, prozesatutako elikagaienak dira, energia aldetik kaltegarriak eta oxidante asko dituzten elikagaienak. Halaber, gozoak izanik, jendeak sarritan jaten ditu, eta horrek obesitatea areagotzen du. Jakiak zenbat eta merkeagoak izan, orduan eta eskasagoak dira gorputzarentzat. Obesitatearen ondorioz, bigarren diabetes mota garatzen da, besteak beste, eta, luzera begira, gaixotasun hori duen paziente batean iragarkietan baino diru gehiago xahutu beharko dute erakundeek. XXI. mendeko hirugarren hamarkada hastera goaz, eta oraindik ganorazko neurriak falta dira.

Plan bat egin zenuten haurren elikaduran eragiteko. Zertan oinarritzen zen?

Urte luzez aldamenean izan nuen Consuelo Alvarez erizainaren laguntzarekin, Gernika-Lumoko hainbat haurren datuak bildu, eta zenbait neurri prestatu genituen. Eskoletan jarri genuen fokua. Urtebetetzeak ez ospatzea gomendatzen genien, eta, ospatuz gero, jaki osasuntsuekin ospatzeko, litxarreriarik gabe. Eta hamaiketakoetan fruta sustatzen hasi ginen, bokadilloaren ordez. Horri eta kontsultako lanari esker lortu genuen gorputz masaren indizearen gorakada mantsotzea. Ikerketa hamabost urtez luzatu zen.

Plan hori oinarri hartuta, doktoretza tesia aurkeztu zenuen EHUn, duela lau urte.

Gorputz masaren indizearen gorakada arazo izaten hasi aurretik, hartua nion neurria. Kopuru handia nuen aztertua, eta Juan Carlos Vitoria Gurutzetako ospitaleko medikuak ere bultzatu ninduen tesia egitera. Prozesu luzea izan zen. Ez zen erraza pediatra lanarekin uztartzea, are gehiago, lehen mailako arretan.

Zer kendu behar da egungo haurren eguneroko elikaduran?

Kendu baino gehiago, mugatu egin behar da. Oro har, gomendatutako kantitatearen hirukoitza edo laukoitza jaten dugu. Proteina asko jaten dugu, adibidez. Haurrengan, karbohidratoak, azukreak eta olioak dira obesitatea gehien eragiten dutenak. Baina frogatuta dago txikitan proteina asko jateak ere bultzatzen duela gorputz masaren indizearen gorakada. Hala ere, animalietatik datorren proteina beharrezkoa da neurri batean. Bestela, B bitamina, adibidez, eskas gelditzen da.

Haur batek gutxi jatea arazo da?

Inolaz ere ez. Ez dago patologiarik horretan. Ume batek bost jatordu egin behar ditu, eta, gosaria %25 bada, hobeto. Gosaria, indartsua, eta afaria, ohituta gauden baino kaloria gutxiagokoa. Horrez gain, jatordu denak goizago egin beharko genituzke.

Eskoletako jantokien eredua aldatzen ari da. Zer iruditzen zaizu?

Aldatzen ari dira, baina badute oraindik zer hobetu. Batik bat, kontuan hartuta haur askok ganorazko jatordu bakarra eskolan egiten dutela. Gernika-Lumon bertan, Allende Salazar ikastetxe publikoak abiatu duen jantoki eredua txalotzekoa da. Larrabetzuko [Bizkaia] eskolan egin zuten proba. Umearen osasunean nabarituko dute familiek, eta, horrez gain, bertako produktoreak zorteko daude. Eredu hori ikastetxe guztietara zabaltzea ederra litzake.

Zer garrantzi du autonomiak haurretan? Beharrezkoa da mugak jartzea?

Ematen du orain haurrak autonomoak direla, baina inoiz baino lotuago daude. Kontraesana bada ere, autonomia bat izateko, umeak bere mugak eduki behar ditu, eta muga horiek eskolaren eta gurasoen artean koordinatu behar dira. Malgutasunarekin, baina mugak beharrezkoak dira. Kontsultan ikusi izan dugu haurrak etxeko errege-erreginak direla, eta ezin da hala izan. Norbait izatekotan, gurasoak dira etxeko errege-erreginak.

Hasi zinenetik nola aldatu da zure lana? Berdin artatzen da?

Sasoi batean 1.300 ume edukitzera ere iritsi nintzen, baina hemen ez da beste leku batzuetan bezainbeste joaten medikuarenera, eta ez nuen gainsaturaziorik. Hala ere, 2010. urtean beste pediatra bat jarri zuten Gernika-Lumon, hirugarrena, eta nabaritu nuen. Baita eskertu ere. Erretiratu ostean pentsatu izan dut zenbat gauza egingo nituzkeen beste modu batera. Jendearekin haserretu izan naiz, eta badakit zeinekin ez dudan arrazoia eduki. Momentu gogorrak hainbat izan dira; hutsak ere egin ditut, eta asko sufritu dut egindako huts bakoitzagatik. Baina onak ere badaude; jendeak eskertu egiten du, eta kalean nabari dut.

Nola ikusten duzu egungo medikuntza?

Hemen dugun osasun publikoa eredugarria da: emaitzek hala erakusten dute. Baina iruditzen zait familia medikuen lana ez dela baloratzen, eta oso familia mediku onak daude, pediatra batzuk baino askoz hobeto lan egiten dutenak. Bestalde, jendeak medikuen falta salatzen du, eta hala da. Duela hogei urte ikusten zen gertatuko zela, eta politikariek, iturria zabaldu ordez, itxi egin zuten. Unibertsitatean plaza gehiago jarri behar ziren. Sendagile asko erretiratuko gara denbora gutxian, eta badirudi ez dutela aurreikusi. Ez du balio orain unibertsitatean plaza gehiago jartzea, mediku batek hamar urte behar ditu lanean hasteko, eta hutsunea sortuko da. Hego Euskal Herriko probintziak beti izan dira onenak medikuntzan, baina egun badaude aurre hartzen ari diren beste toki batzuk ere. Oraintxe ez gaude ezer ospatzeko moduan.

Sareko partaide zara. Euskal presoen urruntze politikak seme-alabak gaixotzen ditu?

Batetik, euskal presoen umeek babes falta dute. Urrun dagoen babesgune bat dute; are gehiago kartzelan dagoena ama bada. Haur batek zerbait ondo egiten ez duenean, hurbileko norbait behar du ateratzen zaizkion mamuak lasaitzeko, normalean ama izaten da, baina biak izatea askoz hobe da; eta alde horretatik hankamotz daude. Bestetik, asteburuero edo bi asteburuan behin bisitan joan behar izaten dute, eta aisialdian sozialki hilda daude; hau da, lagunekin dituzten harreman guztiak etenda gelditzen dira. Horrez gain, haurrek euskal presoen inguruan hedabideetan entzuten dutena ere ez da onuragarria: horrek depresioak eragin ditzake haiengan, eta gaixotasun psikosomatikoak gehitzen dira. Haur batek egoera egonkor bat behar du bere hazkuntzan.

BERRIAn argitaratua (2019/10/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA