ekonomia
USO PASEA, BELATZ ETA TIRO ARTEAN
Irune Lasa
Presioa EBZko lehendakaritza hartu eta gutxira hasi zen nozitzen Draghi. Euroguneko hegoaldeko herrialdeak estutasun larrian zeudela, banku zentralak dirutza injektatu zuen merkatuetan, Bundesbank Alemaniako banku zentrala eta haren ingurukoak gero eta deserosoago zeudela. Denborarekin, urte oparoagoekin, ahots kritiko horiek apalduz joan ziren. Baina motelaldiaren itzala luzatzen hasitakoan, Mario Draghik atzera berriz ere zorra erosten hasi nahi izan duenean, belatzak atzera hegan agertu dira.
Italiarrak bere helburua lortu zuen iraileko gobernu kontseiluan, zorraren erosketa programa abian jarri zuen, azalduz kontseiluaren gehiengoaren babesa zuela. Baina ez zuen bilkura erraza izan, ahots kritikoak bertan izan zituelako, batez ere Alemaniako eta Frantziako banku zentraletako ordezkariekin.
Tiro gehiago etorri ziren ondoren, aurrekaririk gabeko mugimenduan, euroguneko banku zentraletako buruzagi ohien talde batek agiria plazaratu zuenean, esanez zorra erosteko erabakiak okerreko diagnosi bat zuela oinarri. Sinatzaileen artean zeuden Austriako Banku Zentraleko burua izandako Klaus Liebscher, Frantziako Bankuko presidente ohi Herve Hannoun, Bundesbankeko presidente ohi Helmut Schlesinger, eta Herbehereetako Bankuko buru izandako Nout Wellink. Guztiak belatz ezagunak.
Gerora jakin da ere, aurretik, diru politikako batzordea —zeinak kontseiluari aholku ematen baition eta EBZko teknokratak eta euroguneko banku zentraletako ordezkariak biltzen baititu—, zorraren erosketa programaren kontra azaldu zen Draghiri bidalitako gutun batean.
Frankfurten nahiko argi dute gutun horren filtrazioaren jomuga: hurrengo usoa. Osteguneko kontseilua Draghiren azkena izango da, eta ez da espero erabaki esanguratsurik. Hortik aurrera —azaroaren lehenetik aurrera ofizialki— Christine Lagarde frantziarrak hartuko du EBZren lema. Lagarde uso izateko borondatearekin iritsi da bankura; hori ondorioztatu daiteke orain arte egindako adierazpenetatik.
Baina Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari izandakoarentzako iradokizunak ez dira falta azken egunetan. Alemaniako, Austriako eta Frantziako banku zentraleko egungo buruek, Bundesbankeko Jens Weidmann buru, esan dute EBZren estrategia berrikusteko garaia iritsi dela. Klaas Knot Herbehereetako banku zentraleko presidenteak AEBetan esan du zuzenean %2ko inflazio helburua jaitsi egin beharko litzatekeela. Horrek esan nahi du diru politikak gogortzeko dirua garestitzeko atalasea jaistea.