astekaria 2019/10/25
arrowItzuli

gizartea

MIKEL ARREGI

«Gobernuarentzat oinarrizkoa da euskarak meritu izaten segitzea»

Ion Orzaiz

«Gobernuarentzat oinarrizkoa da euskarak meritu izaten segitzea»

Euskara administrazioan arautzeko foru dekretuaren aurkako sententziaren ostean, «zurrunbiloaren erdian» ikusi du bere burua Mikel Arregik (Iruñea, 1961). Epaiak kolokan utzitakoa konpontzeko lanean da orain.

Euskararen dekretua garatzeko bidean zineten, baina prozesu hori eten du epaiak. Zein egoeratan gelditu da hori guztia?

Nik ez nuke esanen bidea eten duenik; bai, ordea, epaiaren zenbait puntuk jokoz kanpo utzi gaituztela, ez baitakigu ongi horiek nola interpretatu. Epaia ongi irakurrita, argi dago gobernuak aurreko legealdian onartu zuen dekretuaren zatirik handiena berretsia izan dela.

Baina sententziak baliogabetu egin ditu administrazioaren betebeharrak. Eremu mistoan eta ez-euskaldunean ele biz errotulatzeko beharra, adibidez.

Bai, badira bi kontu bertan behera utzi dituztenak, eta ez dira nolanahikoak. Batek erreferentzia egiten die zerbitzu zentraletan herritar guztiei zuzendutako informazioari (agiri ofizialak, errotulazioa, bide seinaleak...); eta besteak, lan deialdietan euskara merezimendu gisa baloratzeari. Lehen puntuari dagokionez, dekretuak ezarri zuen informazio hori guztia bi hizkuntzetan eman behar genuela, eta epaileek hartu duten erabakia da horrekin apurtu egiten dela zonifikazioaren filosofia. Alegia, administrazioak egin dezakeela hori, baina ezin dela betebeharra izan. Guk hori ezin dugu ulertu, eta ez dakigu nola jokatu behar dugun. Kontraesanezkoa da.

Zergatik?

Alde batetik, epaiak dio hizkuntz eskubideak herritarrei dagozkiela, eta aintzat hartu behar dela herritarra nondik datorren, mezua hizkuntza batean ala bestean emateko; baina, era berean, errotulazio guztiak ele biz jartzeak zonifikazioa urratzen duela diote. Horren arabera, nola idatzi behar ditugu Nafarroako Ospitaleko seinaleak, adibidez? Lehen baieztapenari jarraikiz, kartel elebidunak jartzea izanen litzateke herritar guztien eskubideak bermatzeko modu bakarra; baina epaileek beste pasarte batean diote ezin dela administrazioa horretara behartu. Hortaz, gobernuak kartel guztiak gaztelania hutsean jarriko balitu, epaiak ontzat joko luke, herritarren hizkuntz eskubideak urratu arren? Ez du zentzurik. Egia da, halaber, Euskararen Legeak berak horrelako inkoherentziak eta interpretazio aldrebesak ahalbidetzen dituela, baina hori da egun daukagun jokalekua.

Euskara meritu gisa aintzat hartzeko betebeharra ere indargabetu du auzitegiak...

Bai. Merezimendu lehiaketei bakarrik eragiten die —gainerako oposizioetan ez dira merituak aintzat hartzen, hautaproban lortutako emaitzak soilik—, eta errotulazioaren puntuan erabilitako argudio bera aplikatu dute, gainera: ezin dela halako agindu bat eman, era orokorrean. Hortaz, administrazioari ez zaio debekatzen euskara meritutzat hartzea, baina kasuan-kasuan egin behar du: deialdi edo lanpostu bakoitzean hizkuntz eskakizunak zehaztuz. Horrek ez lioke, dena den, euskarari bakarrik eraginen. Edozein merezimendu deialdi kolokan gera liteke. Nafarroako Gobernuak ingelesa edo alemana meritu gisa aintzat hartuko balitu, edozeinek helegitea aurkez lezake, irizpide bertsuekin.

Zer egoeratan uzten zaituzte horrek?

Erabateko ziurgabetasun juridikoan. Merezimendu lehiaketen eredua bera jarri du kolokan, 2009tik ezarria baitzegoen Funtzio Publikoaren Araudian. Aurrerantzean, norbaitek lehiaketa bati helegitea jarriko balio, administrazioak ezin izanen luke ziurtatu postua lortu dutenen segurtasun juridikoa. Eta lehenbailehen konpondu beharra dago hori. Uneotan, balizko aukerak aztertzen ari gara.

Kasazio helegitea da aukera horietako bat?

Bai, baina nik ez dakit zein izanen den gobernuak hartuko duen erabakia. Zerbitzu juridikoak ari dira auzia aztertzen, eta aurki esanen digute. Dena den, nahiz eta helegitearen bidea hartu, gure ardura da beste aukera batzuk ere aztertzea, dekretuan jasota zeuden neurriak babes juridikoarekin egiten segitzeko. Zerbitzu zentraletako informazioa bi hizkuntzatan emateari buruzkoa, adibidez, ezeren zain egon gabe arautu dezakegula uste dut.

Ollo kontseilariak aipatu du arau sorta bat prestatzen ari zaretela, epaiak eragindako kaltea konpontze aldera. Zertan datza?

Akordio programatikoan jasota dago urtebeteko epean eginen direla euskararen dekretuaren azterketa, diagnostikoa eta ebaluazioa. Lantalde bat eratu zen horretarako, baina dekretuaren aurkako helegitearen epaia etorriko zela jakinda, horren zain gelditu ginen. Orain, informazio guztia mahai gainean dugula, lanean hasi gara arau sorta berri bat ontzeko. Lehen bilera egin dugu, lan deialdien auziaren inguruan egon daitezkeen aukerak aztertzeko, presazko kontua baita. Euskarak merezimendu izaten segitzea oinarrizko kontua da gobernuarentzat, hizkuntza propioa den neurrian. Uste dut sintonia badagoela gobernu barruan, auzi hori bideratzeko.

Hala ere, PSNk askotan hitz egin du aurreko gobernuaren hizkuntza politiken kontra. Eraginen al du?

Bereizi beharko genuke alderdi baten posizio politikoa, eta gobernuak, ikuspegi teknikotik, zer-nolako proposamena egin dezakeen. Nik ez nuke ulertuko gobernuaren proposamena izatea merezimendu lehiaketetan euskara beste hizkuntzen azpitik jartzea. Euskararen Legeak berak ez du esaten eremu ez-euskalduna itxia denik, edo euskara aintzat hartu ezin denik. Hortaz, uste dut helduleku sendoak ditugula egoerari irtenbide egoki bat emateko.

Kontseiluak protesta egin zuen atzo Iruñean, eta «ausardia» eskatu zion gobernuari. Ausardiaz jokatuko duzue?

Ausardiaren kontzeptua subjektiboa da, baina esan dezaket arduraz heldu diogula auziari, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko norabidean. Zerbitzu zentraletatik informazioa herritar guztiei emateko garaian, gobernuak ezarri beharreko irizpide orokorrak adostuko ditugu egunotan, eta sententziak sortutako egoera konpontzen saiatu. Epaiak ez du debekurik ezartzen, eta gure asmoa da mezuak bi hizkuntzetan ematen segitzea, Nafarroa osoko herritarren eskubideak bermatzeko. Gerora, lan pedagogikoa ere egin beharko dugu, jendeak uler dezan bi hizkuntza elkarren ondoan ikusteak ez dituela inoren eskubideak urratzen, ezta minik ematen ere.

Legealdi honetan aukera izanen duzue hizkuntza politikan sakondu eta aurrera egiteko, ala orain artekoari eustea izanen da helburua?

Itun programatikoan jasotakoa garatzeko aukera badago, nik garbi dut helburua: aurrera egitea. Orain arte, funtzio publikoari lotutako puntuak izan dira liskartsuenak, baina horiek kenduta, baliabideak eta lan ildoak mantentzeko konpromisoa dago itunean jasota, lankidetza bideei ere eutsiko diegu, plan estrategiko berria eginen dugu... Eta horrez gain, parlamentuan ere baldintzak daude oinarrizko puntu batzuetan adostasuna bilatzeko.

Administrazioko lanpostuen %0,9tan dago euskara eskakizuna ezarria. Aldatuko da hori?

Departamentuetako hizkuntza planak ez ditugu oraindik ezarri, baina ez epaiaren ondorioz, legealdia agortu zitzaigulako baizik. Departamentu bakoitzeko lanpostu elebidunak zehaztuko dituzte plan horiek, baina gobernu berriak aldatu egin du gobernuaren egitura organikoa: lehen bederatzi departamentu ziren, eta orain, hamahiru; eta sail bakoitzaren funtzioak eta egitura bera ere aldatu dira. Orain arte, bi departamentutan onartu dira euskara planak: Ogasun Departamentuan eta gurean, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan. Ogasun Departamentuan, adibidez, lehen ez zegoen euskarazko posturik, eta dekretu bidez onartu ziren hamahiru, lanpostu guztien %3 inguru.

Ez dira asko ere...

Ez dira asko, ez. Eta sindikatuei esana diegu, haiek ere onartu behar baitute plangintza, baina, hala ere, batzuek kritikatu gaituzte, euskarazko postuak gehiegizkotzat jotzen zituztelako.

Berandu ibili zarete halako neurriak hartzeko garaian?

Argi dago, hauteskundeek ezarritako lau urteko zikloarekin alderatuta, berandu hasi ginela. Baina aintzat hartu behar da hau dela Nafarroan egiten den gisa honetako lehen plangintza, eta gure abiapuntua ez zegoela zero puntuan, atzerago baizik. Prozesu malkartsua eta luzea izan da.

Kritika egin dizuete, urrats txikiegiak egin dituzuelako. Ados al zaude?

Hizkuntza politikak ez dira lau urteko zikloetara moldatzen. Hogei urteren buruan nabaritu daitezke emaitzak. Aurreko lau urteotan, lan itzela egin genuen etxe barruan, baina kaleko herritarren ikuspegitik, ulertzen dut aski ez izatea. Aurrerantzean ere liskarrak sortuko dira, seguru, askorentzat mantsoegi gabiltzalako. Kritikak ez dira beti atseginak, baina beharrezkoak dira. Gizarte eragileen eta, zehazki, euskalgintzaren ardura nagusia da politiketan eragitea. Administrazioarena, berriz, aurreranzko norabideari eustea eta urratsak egitea, txikiak badira ere.

BERRIAn argitaratua (2019/10/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA