astekaria 2019/10/25
arrowItzuli

politika

LLUIS LLACH

«Gizarteak motibazioari eutsi arren, erabatekoa da lidergorik eza»

Hodei Iruretagoiena

«Gizarteak motibazioari eutsi arren, erabatekoa da lidergorik eza»

Buru-belarri dabil Lluis Lach (Girona, 1948) Debat Constituent egitasmoan, tokiko batzordeak koordinatzeko lanean. Horrek bide eman dio jendearekin egoteko: «Aurten, ehun bisitatik gora egin ditut Kataluniako eskualde guztietara», dio. Tarte bat egin dio BERRIAri ere, Gure Esku-k deitutako manifestaziora joan aurretik.

Batasunik eza eta jendearen animoa ikusita, epaiaren aurretik esaten zen sententzia izan zitekeela aukera bat. Nola ikusi duzu jendearen erantzuna?

Ohartu naiz, urriaren 1ekoa pasatuagatik, 155. artikulua ezarriagatik, jendeak jarraitu egiten duela. Orain, lehen baino arazo handiagoa du Espainiako Estatuak; estatuarekiko -ez espainiarrekiko-deskonexioa erabatekoa da gazteen eta ilea urdindua dugunon artean. Kontua da politikan, alderdiek burua moztua dutenean, oso arraroa dela egoera. Lider indartsuak ziren, hamar urtez baino gehiagoz landutakoak, eta orain ez dago lidergorik. Gainera, taktika dibergenteak dituzte alderdiek. Beraz, batasunik eta lidergorik gabe, gizarteak motibazioari eutsi arren, ez dago gidatuta. Erabatekoa da lidergorik eza.

Zer gertatzen da alderdiekin?

Hala diote: «Ez dugu estrategia bateraturik; beraz, ikus dezagun ea aprobetxa dezakegun sententzia». Esan gabe doa, noski, suminduta daudela; [zigortuak] beren lagunak dira, beren buruzagiak. Baina ez dituzte hamasei pertsona zigortu, 2.300.000 baizik. Oso esplizitua izan nahi nuke: Auzitegi Gorenak espainiar demokrazia akabatu berri du. Espainiako Konstituzioa lehertu dute: adierazpen askatasuna, biltzekoa, askatasun politikoa... Espainiarrek jakin behar dute hau ez dela independentismoaren arazo bat; demokrazia arazo bat da. Katalunian, jendea kalera atera du horrek, jende asko matxinatu da, eta ikusten ari gara ikusten ari garena. Sententzia hau ez da soilik momentum bat gehiago, basakeria politiko bat da.

Poliziaren errepresioa ere latza izan da. Noraino irits daiteke Espainiako Estatua?

Ez dakigu. Atzo [ostiralean], dena hasi zen milaka lagun eserita zeudelako. Halaxe jarrai zezaketen sei bat orduz, ezer gertatu gabe. Baina kolpera, abisurik gabe, borrak atera eta jendeari joka hasi ziren poliziak. Bat harrapatu, eta jipoitu baino gehiago, torturatu egin zuten kasik. Hantxe bertan. Gainerakoak korrika irten ziren, eta istiluak hasi ziren. Edukiontziak erre eta harriak bota dituzte, bai, eta ez luke hala izan behar. Baina, noski, zuk ezin duzu istiluak eragin. Sentitzen dut, baina horrela ikusten dut.

Zeren bila ari da estatua?

Azaroaren 10a baino lehen indar erakustaldi bat egin nahi du. Hala, Sanchez heroi baten gisan geratuko da espainolismoaren aurrean.

Hau da, 155. artikulura, salbuespen egoera batera doazela?

Dena delakoa izango da, baina ondo geratu behar dute. Estatuak jende zaharraren mugimendu bat balitz bezala ikusten zuen hau, eta orain gazteria atera zaie. Eta gazteak kokoteraino daude. Ez bakarrik independentziagatik, gauza askorengatik: estatu hau kaka zahar bat da, ustela, krisi ekonomiko baten atarian dago... Hemen ez zarete ohartu, agian, baina Europaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren errezetak ekonomikoki haien menpe gauden autonomiak fagozitatzera bideratu dituzte, eta estatuak jarraitzen du bere luxuekin, monarkiarekin... Eta guri eskatzen digute murrizketak egiteko. Hainbeste goratu du estatuak espainiar nazionalismo pseudo-faxista, ezin duela atzera egin. Ez dakit zer egingo duten, mossoak erabat ari baitira kolaboratzen. Zer egingo dute, Polizia katalana kendu? Ez da ezer aldatuko.

Zer iruditu mossoen jokabidea?

Erabateko kolaborazionismoa. Indezentzia hutsa.

Jendea dezepzionatu egin da?

Asko. Gustatuko litzaidake Generalitateko gobernuak esku hartzea; kontseilariek dimititu behar badute, egin dezatela. Duintasun instituzionala dago jokoan: mossoak ezin dira bilakatu ikusten ari garen hori.

Jokabide horrek ez du eragingo jendearen eta instituzioen arteko zatiketa handitzea?

Uste dut estatua ez dela ohartzen gauza batekin: duela zortzi urtetik, benetako protagonista politikoak ez daude inongo bulegotan, kalean daude. Estatuak ez du hori ulertzen, ez dakit noiztik, I. Errepublikaren aurretik edo... [Barre egin du] Beraz, zatiketa handitu liteke alderdien artean? Agian, bai. Baina jendearen artean ez.

Baina, jendearen eta alderdien artean?

Dagoeneko jendeak ez die kasu handirik egiten alderdiei. Ez dakit hemen ohartzen zareten, baina alderdiek atzoko manifestazioan parte hartu zuten gaizki ez geratzeko. Inork ez du jendea kalera deitu. Zaila da hori onartzea politikari profesionalentzat; katalanentzat ere bai. Oso frustagarria da haientzat. Baina, kontuz, hori ez da ona, iritsi beharko baita eguna hori guztia bideratzekoa.

Nola berreskuratu daiteke lidergo politiko bat?

Ez dago beste erremediorik protagonismoa entitate sozialei uztea baino. Eta Generalitateko gobernuari, jendearen iritziarekin konfluentzia bila dezan. Uste dut jendeak Generalitateko presidente Quim Torrarengan ikusten duela erreferentzia bat. Horrez gain, bada beste bat, arraroa baina efektiboa: Errepublikaren Kontseilu bat dugu Bruselan. Errepresioak horrela jarraitzen badu, zeregin politiko bat har dezake.

Nola ikusi duzu Generalitateko presidentetzaren erreferendum proposamena?

Estrategiarik ezaren aurrean, Generalitateko presidenteak proposamen oso pertsonal bat egin du. Berak uste du legealdiari geratzen zaizkion bi urteok baliatu behar direla erreferendum bat egiteko. Orain, pentsatzen dut alderdi politikoek baloratu beharko dutela zer aukera dauden. Eta, hauteskundeen ondoren, estatuak ere pentsatu beharko du honek irtenbide bat behar duela. Bestela, zer egingo dute? Setio egoera iraunkor bat ezarri? Estatua ez da esertzen, ez du nahi. Ez dakit. Uste dut egoera oso beltza dagoela hauteskundeak pasatu arte.

Madrilen, 2015etik ari dira hauteskundeak errepikatzen, gobernu bat osatu ezinda. Zer adierazten du horrek? Espainiako Estatua krisian dago?

Hankaz gora dago. Arazo katalana ez da arazo katalan bat, Espainiako Estatuaren arazo bat da.

Zer egin nahi duzue Debat Constituent egitasmoarekin?

Eztabaida bat antolatzen ari gara, gai ia-konstituzionalak lantzeko, jakiteko etorkizunean zer, nor eta nolakoa izan nahi dugun. Hau da, desioen, printzipioen eta bizikidetza arauen errepide mapa bat, normalean, konstituzio bat dena. Baina argi gera dadila: guk ez dugu konstituzio bat egin nahi.

Ez da, beraz, prozesu konstituziogile bat.

Ez. Oinarriak jarri nahi ditugu, gure klase politikotik hasi eta Espainiako Estaturaino, jakin dezaten zer pentsatzen duen gure komunitateak orain. Inork ez diezagula esan zer egin behar dugun; lehen, militarrak izaten ziren, eta, orain, Ibex-35a.

 

 


 

 

 

BERRIAn argitaratua (2019/10/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA