astekaria 2019/10/25
arrowItzuli

bizigiro

Bost urteko memoria, oihalean

Nagore Arin

Bost urteko memoria, oihalean

Udaberriarekin eta udarekin bat iritsi ohi dira, baina, aurtengoan, bigarren aldiz iritsi dira trixertak, udazken hostoekin bat. Bost urte bete ditu egitasmoak, eta, hain justu, urtemuga ospatzeko asmoz antolatu dute ezohiko aldi hau. BERRIAko marketin arduraduna da Ainara Lasa, eta, hark esan duenez, «orain dela bost urte, 2015ean, lanean hasi ginenean, ez genuke esango esperimentazio, jolas eta bide berri moduan abiarazi zen egitasmo honek bost urte iraungo zuenik. Iruditu zitzaigun bost urteren ondoren diseinu ugari jarri genituela plazan, ilustratzaile askorekin egin genuela lan, eta bageneukala materiala, zergatik ez, erakusketa bat antolatzeko».

Albiste batetik abiatuta, diseinu bat egin, eta elastiko bihurtzea da Trixertak egitasmoaren xedeetako bat, eta, horretarako, ezinbesteko da euskal sortzaileen lana; izan ere, horiexek sortzen dituzte diseinuak albiste bat oinarri hartuta. «Hamazazpi sortzailerekin egin dugu lan, eta, egin duguna izan da horietako bakoitzaren kamiseta edo diseinuen artean gehien salduak berriz ere eskuragarri jarri», esan du Lasak.

Diseinu horiek erosteaz gain, bertatik bertara ikusteko aukera ere izango da Iruñeko Katakrak liburu dendan, urriaren 21etik azaroaren 3ra bitartean egingo den erakusketa batean.«Urte hauetan guztietan parte hartu duten sortzaileak gonbidatu ditugu, eta horietariko dozena erdi batek parte hartuko du aurkezpenean. Esperientzia nolakoa izan den galdetuko diegu, eta bertaratzen direnek ere aukera izango dute egitasmoaren inguruan galderak egiteko», azaldu du. Urriaren 23an izango da inaugurazioa, 19:00etan.

Hara joaten denak elastiko horien eredu bana aurkituko du, eta kamiseta hori sortzeko erabili den gaia zein izan den ikusi ahalko du QR kode baten bitartez. Guztira, hamazazpi pieza egongo dira ikusgai: bost urte horietan egitasmoan parte hartu duten sortzaileek gehien saldu dituzten diseinuenak, hain zuzen ere.

Esperimentazioari bide

Hamazazpi; horiek izan dira parte hartu duten ilustratzaile nahiz komikigileak, eta 60 diseinu sortu dituzte guztira. Salmentei begira, 4.500 trixerta saldu dira egitasmoa martxan jarri zenetik, eta, gehien saldurikoak berriz ere salgai jarriz, kopuru hori gorantz joango da. Aldi honetan ere, traola bat sortu dute, nahi duenak trixerta jantzi eta argazkiren bat edo bideoren bat sareratu nahiko balu ere: #trixertak5urte izango da.

«Pentsatu genuen aktualitatea nolabait iruditara eramatea ere BERRIAri esperimentaziorako ate bat irekitzea zela, irakurleekin konexio berriak sortzea; batez ere, testua bera beste lengoaia eta euskarri batzuetara eramateko aitzakia», esan du. Egitasmoak zubi berriak eraikitzeko aukera eman dio egitasmoak BERRIAri, Lasak esanetan: «Ireki genuen bide bat, eta ez da amaitu; ilustratzaileen eta BERRIAren arteko harremana hor egongo da».

Lasaren iritziz, merchandising bide baten segida da egitasmoa, betiere, garai berrietara egokituz, irudiak duen presentziaren jakitun eta euskal sortzaileekin zubiak eraikiz: «Urteetan landu dugun merchandising bidearen segida bat izan da, baina kualitatiboki beste zerbait gehitu diogu; kutur arloko espresio bati lekua eginez, elkarrekin arituz, esperimentatuz eta probatuz: elkarlan horretatik leku berrietara iristeko». Horrela, albisteei bizitza luzatzeko parada izango da aldi hau ere, arrakasta gehien izan duten gaiak soinean.

BERRIAn argitaratua (2019/10/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA