gizartea
Euskalgintza, oina paretaren kontra
Ion Orzaiz
PAUL BILBAO Kontseiluko idazkari nagusia
«Fase honetan oso garrantzitsuak izango dira aliantza berriak»
«Zer egin dezake euskalgintzak, hizkuntz politika publikoetan eragiteko?». Galdera horri erantzun nahi dio Kontseiluak datozen hilabeteetan. «Gure artean hitz egin beharra daukagu, baina era pausatuan, perspektiba hartzeko», azaldu du Paul Bilbao idazkari nagusiak. «Horregatik, mintegi bat egingo dugu azaroan, gure bazkide guztiekin batera, gogoeta lasaia egiteko eta datozen hiru edo lau urteetako estrategia definitze aldera».
Estrategia hori erabat definitu gabe badago ere, Bilbaok uste du bi ardatz nagusi landu beharko dituztela: «Bi begi ditugu, eta bakoitza toki batera begira jarri beharko dugu: bata, euskararen gaineko neurri eta erabakiei begira, administrazioari kargu hartzeko; eta beste begia, harremanei begira». Izan ere, harremanak «oso garrantzitsuak» izanen direla uste du Kontseiluko buruak: «Aliantza berriak egin beharko ditugu, eta gure mezua egoki zabaldu. Gure kontakizuna partekatu behar dugu bestelako eragile sindikal, sozial eta politikoekin». Aurretik euskararekiko kezka adierazi ez duten sektoreengana iritsi, alegia: «Euskaltzaleei zuzendu gatzaizkie, eta horretan segituko dugu, baina tipularen beheko geruzetara ere iritsi beharko dugu. Eraman dezagun eztabaida parametro egokietara, hizkuntz politiketan eragiteko».
AGURNE GAUBEKA Behatokiko zuzendaria
«Geure eskubideak exijitu behar dizkiogu administrazioari»
Euskararen aurkako erasoen aurrean, «gizarte aktibazioa» sustatzeko beharra nabarmendu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. «Behar-beharrezkoak dira herritarren kontzientziazioa eta mobilizazioa. Herritarrok geure eskubideak exijitu behar ditugu: euskara aintzat hartu behar dela zerbitzu publikoetan eta herritarrek administraziora euskaraz zuzendu ahal izateko babes juridikoa behar dugula». Hain zuzen, hizkuntz eskubideak «oinarrizko eskubideen gisara aldarrikatzeko beharra» nabarmendu du Gaubekak: «Ez dira euskaldunonak soilik, gainerako kolektiboek ere barneratu beharko lituzkete».
Zenbait alderdiren diskurtsoei aurre egiteko beharra ere azpimarratu du Behatokiko buruak: «Euskararen presentzia onartu egiten dute, baina gaztelaniaren azpitik, betiere. Eta hori da agerian utzi behar duguna: normalizatuko dugu hizkuntza bat beste baten azpitik jartzeko ustezko eskubide hori? Eskubidea ez da, adibidez, administrazioan lanpostu bat eskuratzea, herritarrei zerbitzu egokia ematea baizik. Hor egin behar dugu indarra». Hala ere, «erreakzio hutsetik harago» joatea galdegin du: «Maizago ateratzen gara kalera lortutakoa defenditzeko, eta ez hainbeste aurrera urratsak exijitzeko. Hori ere egin beharko genuke».
JOSU REPARAZ NIEko zuzendaria
«Gobernua ez da PSN bakarrik; aukera ona da pluraltasuna islatzeko»
Nafarroako ikastolek hamarkadak daramatzate zonifikazioaren kontra lanean, eta, hasieran bezala, ezinbestekotzat jotzen dute Euskararen Lege berri bat onartzea. «1986ko Euskararen Legearen aurretik, eremu ez-euskalduneko ikastolak lanean ziren jada. Gure ikastolen erdiak daude eremu mistoan edo ez-euskaldunean, eta, ikasleak euskara erabiltzeko trebatzen ditugun arren, eremu akademikotik kanpo ez dute horretarako aukerarik», azaldu du Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparazek.
Reparazek uste du euskarak «beste lege bat, beste euskarri juridiko bat» behar duela, eta dei egin dio gobernuari, horren aldeko urratsak egin ditzan. Euskararen eta ofizialtasunaren inguruan PSNk historikoki agertu duen jarreraz galdetuta, baina, «alderdiaren eta gobernuaren artean desberdindu» beharko litzatekeela uste du ikastolen buruak: «Nafarroako Gobernua ez du PSNk bakarrik osatzen. Itun programatikoan islatuta egon beharko luke pluraltasun horrek; hortaz, ezberdinen arteko akordioak lehenetsi eta nafar guztion gobernua izan nahi badute, orain dute aukera ona, pluraltasun hori islatzeko».
Euskalgintzako eragileei dagokienez, orain arteko bideari eustearen alde azaldu da Ikastolen Elkarteko zuzendaria: «Ikastoletan urteak daramatzagu neska-mutilen aisia euskalduntzen, familia erdaldunak euskarara hurbiltzen eta hizkuntzarekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna sustatzen. Eskarmentu handia dugu, eta horri eutsiko diogu aurrerantzean ere».
OSKAR ZAPATA Topaguneko ordezkaria
«PSNrekin negoziatzen eta hitz egiten segitzea beste aukerarik ez dugu»
Topaguneko ordezkari Oskar Zapataren irudiko, maiatzeko foru hauteskundeek argi islatu zuten Nafarroako gizarteak euskarari buruz duen ikuspegia: «Hiru herenetan banatua dago Nafarroako gizartea: euskararen alde dago heren bat, beste heren bat kontra, eta hirugarren herena auzi horretan epel sentitzen da, iritzi definiturik gabe. Testuinguru hori aintzat hartuta, azken multzo horretan eragin beharko dugu halabeharrez, aurrera egin nahi badugu».
Hirugarren espazio hori bereganatzeko tenorean, Zapatak ezinbestekotzat jo du ezker espainiazale edo federalistaren espazio politikoan eragitea. «Bloke sendo bat da: batzuetan, PSN nagusitzen da multzo horretan, eta beste batzuetan, berriz, Ahal Dugu eta Ezkerra. Egun, PSNk du giltza, eta haiekin negoziatzen eta hitz egiten segitzea beste aukerarik ez dugu. Askotan aipatzen dute euskararen alde daudela, baina bi ardatzen inguruan: borondatezkotasuna eta progresibotasuna. Badugu bide luze bat egiteko». Topaguneko eledunaren ustez, prozesu horretan, indar politikoei dagokie «esparru juridikoa egonkortzeko» eta «baliabideak bermatzeko» urratsak egitea.
ALIZIA IRIBARREN AEK-ko koordinatzaile nagusia
«Gobernuak eskubideen kontra egiten badu, aurrean izanen gaitu»
«Ez dakigu gobernu berriak nondik joko duen», laburbildu du AEK-ko koordinatzaile nagusi Alizia Iribarrenek. «Itxaropen apur bat genuen hasieran, helduen euskalduntzerako hitzarmena sinatu zutelako. Pentsatu genuen PSN agintean egonda ere gobernu berriarekiko harremanek ez zutela okerrera eginen. Hilabete bat pasatuta, ordea, egoera hasia da okertzen, sententziaren osteko adierazpenekin».
Iribarrenen esanetan, hala ere, AEK-k ez du estrategia aldatuko: «Orain arte, guztion eskubideak bermatze aldera egin dugu lan, eta horretan segitu behar dugu». Izan ere, euskalgintzak berezko duen jarrera «erresiliente» eta «aldarrikatzailea» atzean uztea ezinezkoa dela uste du. «Erantzuteko eskubidea ez ezik, beharra ere badugu. Herritarrek adierazi dute, behin eta berriz, euskaraz bizitzeko gogoa, eta herri gogo hori plazara aterako dugu aurrerantzean ere». Gaur dute lehen aukera, Iruñean: «Gobernuari gogoraraziko diogu bere esku dagoela euskararen dekretua aplikatzea». Hain zuzen, Maria Txibiteren kabinetearekiko harremanei dagokienez, Iribarrenek azaldu du gobernuaren jarreraren araberakoak izanen direla: «Hizkuntz eskubideak bermatzeko urratsak egiten badituzte, alboan izanen gaituzte. Kontra ari badira, aurrean izanen gaituzte».
JOXERRA OLANO IKAko ordezkaria
«Aurreko agintaldian eginiko hutsetatik dator egungo egoera hau»
IKA euskaltegietako irakasle eta ordezkari Joxerra Olanoren ustez, gaur egungo egoera «aurreko agintaldian eginiko okerren ondorioa» da. «Urrats batzuk egin zituzten gobernuak, parlamentuak eta zenbait udalek, baina, oro har, pauso kikilak izan ziren, eta epaileek ez dute arazo handirik izan horiek desegiteko».
Olano sinetsita dago legealdi honetan euskalgintzak kalera atera beharko duela berriz ere, eskubideak aldarrikatzeko: «Begien bistakoa da legea aldatu beharra dagoela, eskubideak bermatzeko beste modurik ez dagoelako». Ez du uste, alta, euskararen aldeko eragileek PSNren inguruko jendea «erakartzeko» ahalegin berezia egin beharko luketenik: «Harrigarri samarra egiten zait halakoak entzutea. Iruditzen zait nekeza dela hizkuntza bat ikasteko ahaleginik egin nahi ez duena horretara jartzea; nekeza den bezala administrazioa lan bikain bat lortzeko bidetzat jotzen duten horiek euskaraz jakiteko beharrari buruz konbentzitzea; eta nekeza da, azkenik, interes pertsonala besterik ez duten sindikalista eta alderdikide horiei eskatzea kezka mendre bat izan behar dutela, euskaldunon hizkuntz eskubideei buruz. Nagusi denak onartuko al du bere pribilegioak kolokan jartzea?».
MARTA DIEZ Sortzen-eko Nafarroako koordinatzailea
«Gobernuari eskatzen diogu arduraz eta ausardiaz joka dezala»
Euskararen ofizialtasunaren aldeko borroka aspaldikoa dela uste du Sortzen elkarteko ordezkari Marta Diezek, eta bide horretan segituko dutela azpimarratu du. Adibide gisa jarri du gaur Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean eginen duten protesta: «Parte hartzeko deia egin nahi diogu hezkuntza komunitate osoari, euskaraz ikasi eta bizi nahi dugulako».
Sortzen-eko ordezkariarentzat, «ulergaitza» da UGTren jokabidea, «euskararen aldeko neurri guztiak auzitan» jarri dituela uste baitu. Txibiteren gobernuari dagokionez, berriz, «arduraz eta ausardiaz» jokatzea galdegin dio, «belaunaldi berriek euskaraz bizitzeko eskubidea bermatua izan dezaten».