iritzia
Gloto-onkologia
Xabier Paya Ruiz
Minbizia zeukaten hamar lagunek, baina ez diten minbizi mota bera. Ezta hurrik eman ere! Zehazki, hamar minbizi mota zeuden itxarongela berean. Guztiak oso urrutitik etorri ditun, jatorrizko lurraldeko medikuek eta zientzialariek ez dutelako aurkitu euren gaitza sendatzeko modurik. Pixkanaka hiltzen ari ditun. Eurek ez diten ezer txarrik egin, bizi besterik ez, baina pixkanaka hiltzen ari ditun. Bazekiten bizitzen ez saiatzea heriotza azkartzea dela. Saiatu ditun ingurukoak animatzen, euren minbizi mota berbera dutenak zaintzen, edo minbizi mota larriagoko hildakoen autopsietatik ikasten... baina atzerako kontaketaren tik-tak-ak ez din etenik eurentzat.
10en tik-tak-ak itxarongela leku itxarongaitz bihur lezaken: ezin diten luzaroan itxaron, baina itxaropena diten aliatu onena. Eta Aretxabaletako itxarongela horretako tik-tak-en oihartzuna handia bada, are handiagoa da hamar bihotzen itxaropena. Entzun diten badela euren antzeko minbizia duen hamaikagarren lagun bat, gaitza sendatu ez, baina gaixotasun kroniko samar bihurtzeko formula topatu duena. Sendabidea! Ez, tira, ez dun sendabidea, baina heriotzaren kodaina gertu ikusten duenarentzat, alternatiba oro da irtenbide. Horregatik zeuden 10 lagunak itxarongela horretan: bizirik irauteko sekretuaren zain.
Bat-batean, kontsultako atea ireki eta osagile bat atera dun. Ez omen diten berehala ezagutuko minbizia kronifikatutako gaixoa, pixkanaka baizik. Lehen osagileak kontatu zien urteak daramatzatela minbizi mota horren aurkako borrokan, ia mende oso bat gutxienez. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, heriotza gertu zenean, Ez-dok-amairu edo Gaur bezalako taldeek egindako esperimentuek shock-tratamendu eraginkorrak lortu zituztenan. 1980ko ikastolen terapia sozialak eta garai bereko irrati-telebisten erradioterapiak gaitzaren zenbait tumore nekrosatzeko balio izan zitenan. Hala ere, XXI. mende hasieran deskubritu zitenan tratamendu onenak eskatzen zuela aldi berean hainbat zelulatan eragitea: minbizia duten adin guztietako herritarrak artatu, gaixoen estigma ezabatu, gaitza normalizatu, tratamendu errazagoak garatu...
Hamar lagun horiek Kitxua (Ekuador), Nasa (Kolonbia), Kaqchikel (Guatemala), Nawat (Mexiko), Yukatango Maia (Mexiko), Amazigh (Rif, Maroko), Maputxe (Txile), Aimara (Bolibia), GuaranĂ (Bolivia) eta Kiche (Guatemala) hizkuntza ditun, eta Aretxabaletara etorri ditun, Garabide elkartearen hizkuntza ospitalera. Urriaren 30era bitartean, euskararen gaitzarekin bizirik irauteko zortea izan dugun herritarren, elkarteen, ikastolen, proiektuen eta ospakizunen bizipenak ezagutuko ditizten, horietako baten bat euren hizkuntza biziberritzeko inspirazio iturri izango delakoan.
Orain bai, itxi begiak... baina promes egin iezadan, itxarongela ikusi bezain pronto, berriz zabalduko ditunala begiak; luzaroegi geratzen bahaiz euren minari begira, berriz zabaltzen ditunanean, agian beranduegi izango dun.