astekaria 2019/10/11
arrowItzuli

mundua

DONNY REYES

«Gaixoak bagina bezala tratatzen gaituzte»

Paulo Ostolaza

«Gaixoak bagina bezala tratatzen gaituzte»

Ez da samurra giza eskubideak defendatzea bizitzak Hondurasen bezain balio gutxi duen herrialde batean. Horregatik egin zuen AEBetara ihes Donny Reyesek, eta bertan jabetu zen eskubide horiek bere herrialdean defendatzeak zuen garrantziaz. Euren borrokari ikusgarritasuna emateko aurkeztu dute vocesdefensoras.org plataforma Mundubat GKEarekin batera.

Zer da LGTBI kolektiboko kide izatea Hondurasen?

Erronka bat da. Horren gizarte kontserbadore, patriarkal eta fundamentalista kristau batean haustura bat gara. Arriskutsua ere bada, askok ez baitute onartzen euren mundu ikuskerarekiko haustura hori. Nola gal dezake gizon batek bere statu quo-a emakume izan nahi duelako? Horixe pentsatzen dute pertsona homosexual bat ikustean. Beraz, zaila da egoera; diskriminazio asko jasaten dugu, bai etxean, bai gizartean, baita erakundeen aldetik ere. Min handiz esaten dut, baina alboratu egiten gaituen gizarte bati aurre egitea da Hondurasen LGTBI izatea.

Zein dira kolektibo gisa dituzuen borroka nagusiak?

Asko dira, baina bizirik irautea da borroka nagusia; egunetik egunera hobetu nahi ditugu gure bizi baldintzak. Modu integralean osasun zerbitzuetara sarbidea izateko borrokan gabiltza orain; ez dugu probak egiteko akuriak bagina bezala tratatzerik nahi. Genero identitatea aitortu dezaten ere gogor gabiltza lanean. Gizarteak gure identitatea onartzea nahi dugu, sarbide osoa izan dezagun etxebizitza, hezkuntza, lanbide eta osasun zerbitzuetara.

Zergatik diozu probarako akuriak bazineten bezala erabiltzen zaituztetela?

Ihesaren epidemia dela eta, besteen gaindiko programa bereziak egiten dira LGTBI kolektiboko kideontzat, ustez, prebentzio kanpainak egiteko. Horrek estigmatizatu egiten gaitu, eta ematen du epidemiak guri bakarrik eragiten digula. Bereizitako klinikak daude guretzat; ez gara osasun sistema arruntaren barruan sartzen. Funtsean, zakila eta uzkia begiratzeko dira, hori soilik axola baitzaie; belarrian infekzio bat dudalako joaten banaiz, ez didate begiratu ere egiten; ez zaie interesatzen. Puntu jakin horietan soilik jartzen dute arreta, ea sexu bidez igarotzen den gaixotasunik badugun jakiteko.

Adibide bat jarriko dut. Hondurasko kartzela zentralean pertsona homosexual bat sartzen denean irla izeneko modulu batera bidaltzen dute. Hor egoten dira buruko gaixotasunak dituztenak, gaixotasun terminalak eta kronikoak dituztenak... Baita homosexualak ere. Gaixoak bagina bezala tratatzen gaituzte.

Nork bultzatzen du zuekiko diskriminazioa?

Erakundeek, gobernuak, estatuak berak; errepublikako presidentearen komunikabide ofizialetan aurki daitezke adibideak. Ez dute inoiz onartuko gure kolektiboko pertsonen eskubideak defendatuko dituen araurik: ohikoa da diputatuek adierazpenak egitea ezkontza homosexualik ez dutela onartuko esanez.

Diskriminazioa eta biolentzia sortzen eta betikotzen dituzten hiru eragile nagusiak identifikatu ditugu guk. Batetik, gobernua, presidentea eta erakundeetako ordezkariak. Bestetik, komunikabideak. Prentsak rol izugarria jokatzen du gorroto eta diskriminazio mezuak zabaltzen; hori, noski, estatuaren baimenarekin, mezu horiek sortzen dituztenak beraiek baitira. Azkenik, fundamentalismoa edo erlijioa; apaizek beren pulpitutik gaitzespen eta diskriminazio mezu horiek zabaltzen dituzte, eta, horren kristaua den gizarte batean, eragin handia dute.

Giza eskubideen aldeko aktibista batek nola jokatzen du egoera horretan?

Ez da erraza. Mezu diskriminatzaileen ondorioz gure lagunak harrika hiltzen dituztela ikusten dugu, baita gorroto krimenen %98k inpunitatea dutela ere. Estatuak uste du normala dela. Homosexuala izateak zailtasunak sortzen badizkizu, homosexuala eta giza eskubideen babeslea bazara gainera... Egoera latzetan jartzen gaitu: gu hiltzen saiatu izan dira; herrialdetik irten behar izan dugu gure segurtasuna bermatzeko; osasun sare publikora joateari utzi behar izan diogu badakigulako identifikatu egin gaitzaketela, jaramonik ez egin eta bertan hiltzen utziz... Oso gordinak dira baldintzak. Dena den, uste dugu gure eginbeharra dela Honduras hobeago baten alde borroka egitea. Honduras inklusiboago bat, adeitsuago bat.

Nor dira zuen aurka biolentzia darabiltenak?

Hondurasen gertatzen diren gorroto delituen %60 baino gehiago estatuaren segurtasun indarrek egiten dituzte: Polizia Nazionalak, indar armatuek, Ikerketa Poliziak, Udaltzaingoak... eurak dira arriskutsuenak guretzat. Eta non jartzen ditugu salaketak zerbait egiten digutenean? Polizian bertan, nahiz eta badakigun zer gertatuko den. Halere, borroka egiten dugu, eta salaketak ipintzen ditugu gutxienez erregistratuta gera daitezen. Espero dugu egunen batean erantzunen bat izatea.

Erdialdeko Amerikako herrialdeetan asko hitz egiten da narkotrafikatzaileei eta marei buruz -gaizkile taldeak-, baina zuk behin eta berriz Polizia aipatzen duzu.

Noski, narkotrafikatzaileei eta mara taldeetako kideei buruz ari garenean, Poliziari buruz ari garelako. Poliziak babesten ditu narkotrafikatzaileak eta marak. Guztiok dakigu hori, oso nabaria da.

Zein da Hondurasen egoera politikoa gaur egun?

2009ko estatu kolpetik izugarriak izan dira giza eskubideetan eman ditugun atzera pausoak. Gainera, are eta larriagoa bilakatu zen egoera 2017ko bozen ostean. Izugarria izan zen hura. Ahots disidenteak gogor zigortu zituzten; kazetaria bazinen eta ez bazenuen bat egiten gobernuaren ildoarekin, hil egiten zintuzten. Emakumeen eskubideak ere geroz eta murritzagoak dira... Ikaragarria da inboluzioa eskubide ekonomiko, sozial eta kulturaletan.

Hauteskunde urteetan zuen kolektiboaren aurkako biolentziak gora egiten duela diozue.

Beti izan da horrela, gure kolektiboa erabiltzen baitute kanpaina politikoa egiteko. Morala, jainkoa eta erlijioa babesten dituztela erakusteko erabiltzen gaituzte. Mezu erasokorrak zabaltzen dituzte euren kanpainak indartzeko, eta arriskutsuak izaten dira guretzat. Momentu kritikoak bizi ohi ditugu, eta ezkutatu egiten gara ahal dugun heinean, badakigulako erasoak jasan ditzakegula.

Hondurastar askok emigratzen dute AEBetara.

Karabanetan joaten gara azken urteetan. Egunero, gutxienez, LGTBI kolektiboko 30 pertsonak alde egiten dute Hondurastik AEBetara. Lehen, egunean autobus bat irteten zen Guatemalarantz handik AEBetara alde egiteko, eta mordoa irteten dira orain. Guztira, egunean 500 pertsona inguru eramango dituzte autobus horiek.

Arcoiris erakundeko presidente ere bazara. Zer lan egiten duzue?

Denetik. Aholkulariak gara, babesa ematen dugu, gertakariak jasotzen ditugu, promozioa, osasungintza... Aske sentitzeko etxe bat da Arcoiris. Etxez mugitu behar duen jendeari bizileku berriak bilatzen laguntzen diogu, euren bizitza berregituratzen duten bitartean. Laburbilduz, familia lana egiten dugu.

Nola sortu da Mundubatekin elkarlana?

PBI Bakearen Aldeko Nazioarteko Brigadaren bidez. Euren laguntza jasotzen dugu, eta, Hondurasen Mundubatekin lanean dabiltzanez, harremanetan jarri ginen.

Eguneroko ogia biolentzia denean

BERRIAn argitaratua (2019/10/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA