bizigiro
AITOR ARAMAIO ETA IñIGO SOLABARRIETA
«Komentarioak euskaraz eta japonieraz egiten ditugu»
June Prieto
Sumoa ez da Ondarroatik gertu egiten. Nola ezagutu zenuten Japoniako kirol hori?
AITOR ARAMAIO: Ikerrek ezagutu zuen, bere bizilagunekin Youtuben WWA borroka libreko saioak ikusten zituenean. Plataformaren algoritmoak sumo txapelketa batera bideratu zuen, eta interesgarria iruditu zitzaion.
IÑIGO SOLABARRIETA: Geroztik, denak gaude sumoarekin tematuta. Egunero gauza berriak ikasten ditugu, eta, sumoaren aitzakian, kuadrilla inoiz baino gehiago batzen da.
Kirola ulertzeko zenbat sumo txapelketa ikusi dituzue?
I.S.: Zuzenean, bat ere ez. Guk azkenean 30 minutuko laburpen batean biltzen dugu txapelketa bakoitza. Asko irakurtzen dugu gaiaren inguruan, baina ikusten ditugun bideoak japonierazkoak dira, eta guk ez dakigu japonieraz. Natto Sumo izeneko kanal batetik hartzen ditugu bideo guztiak. Bideoetan asko esaten dugu; eskerrak bere lanari.
Youtuben ikusi ez ezik, Youtuben eman ere egiten duzue orain. Zergatik ez irratian edo beste plataforma batean?
I.S.: Afizioa lagun artean zabaldu eta gero, irratian ematea pentsatu genuen lehenengo, Radixu irratian. Baina proba egiterakoan konturatu ginen askoz ere dibertigarriagoa dela esatariak entzuten diren bitartean bideoa ikustea.
A.A.: Egun, Radixu irratiko estudioan grabatzen ditugu audioak, eta Kukulumutxun izeneko Youtubeko kanala eta Facebookeko eta Twiterreko kontuak sortu ditugu.
Kanalean lan handia egin duzue; hamasei bideo dituzue, eta guztiak 50 ikusle baino gehiagokoak dira. Lehenengo bideoak 309 ikusle izan ditu.
I.S.: Bai [barreak]. Gure helburua 300.000 harpidedunetara heltzea da, dirua irabazten hasteko. Azkenean, ez dugu lan baten moduan hartzen, baina egia da denbora asko eman dugula honetan. Sumo txapelketak bi hilabetetik behin egiten dira, eta bakoitzak hamabost egun irauten du. Akib Bashoko txapelketaren egun guztietan batu gara irratian. Japoniarekin zazpi orduren aldea dagoenez, txapelketa garaian esfortzu handia egin behar dugu emaitzak ez jakiteko. Bideoaren bat-batekotasuna gorde nahi dugu, gure erreakzioak errealagoak izateko.
Zaila egiten zaizue sumoari buruz euskaraz aritzea?
I.S.: Egia esan, ez. Komentarioak egiten ditugunean, euskaraz eta japonieraz egiten ditugu. Sumoak Japoniarekin lotura estua duenez, komeni da bertako hitzak erabiltzea
Nola moldatzen zarete sumo borrokalarien izenak ahoskatzeko? Ba al dago trikimailurik?
A.A.: Badago jokalari bat hainbat bideotan txarto ahoskatu duguna: Hauho. Japonieraz bideoak ikusten, konturatu gara gure h-a haiek /j/ ahoskatzen dutela. Bestela, pantailan agertzen den moduan irakurtzen dugu; inor ez da kexatu orain arte.
Janzteko prozedura bereziren bat daukate sumo borrokalariek?
A.A.: Gure bideoetan, gerriko, galtzontzillo, pixoihal, tanga... edozein modutan deitzen diogu mawashiari, euren ezaugarririk berezienari, alegia. Kolorezkoak profesionalek bakarrik eraman ditzakete. Orrazkera ere berezia daukate.
I.S.: Horri guztiari gehitu behar zaio borroka hasten denetik bukatu arte protokolo ugari egiten dituztela. Hamar minutuko gurtzak egiten dituzte, aurkariari errespetua adierazteko. Behin ikusteko ondo dago, baina guri interesatzen zaiguna borroka.
Sumoaren munduan zerk ematen dizue arreta gehien?
I.S.: Errespetuak. Inoiz ez dugu ikusi borrokalarien arteko haserrerik, ezta aurpegi txarrik ere. Epailea ere asko errespetatzen da. Gure ustez, azken txapelketan pare bat akats izan ditu epaileak, eta ez da egon gatazkarik. Denek onartu dute, eta txapelketak aurrera jarraitu du. Oso era duinean eramaten dute lodi egotearena eta gerriko batekin mundu guztiaren aurrean jartzearena. Bertan parte hartzen duten atzerritar batzuek ere oso barneratuta dauzkate ohitura horiek.
Aki Bashoko txapelketa amaitu da, eta orain zer?
A.A.: Gure asmoa hurrengo txapelketa ematea da, azaroan. Gonbidatu berriak ekarriko ditugu,
I.S.: Kukulumutxun kanalera harpidetu eta zabaltzeko deia egin nahi diegu herritarrei.