iritzia
Iruñeko elurrak
Jaume Gelabert
Alkateak berak eraistearen gakoa adierazi zigun aurreko astean: «Haurrendako eski pista bat irudikatzen dut, edo bolatokia, edo agian zinema aretoa». Oso normala dena. Aitortzen dut adierazpena entzunda saltotxo bat egin nuela sofan eta bromatan aritu nintzela ateraldiaz —«Iruñeko Neguko Olinpiar Jokoak!»—, baina kontua ez da txantxetakoa, hiri eredua baita eztabaidan dagoena. Geltokiko leihatilak artisten lanen erakusleiho dira orain, eta produktu ekologikoak, bertakoak edota bidezko merkataritzakoak daude aretoan salgai; kafetegian langileek atsegin, salneurri onean —eta euskaraz!— eskaintzen dizkiguten janari goxoak bezalakoak. Horrez gain, haurrendako jolastoki estalia baina guziei irekia dago eraikinean, umeak negu euritsuan aterpean jolas daitezen. Aitzitik, soilik jardueraren prezioa ordaintzen ahal duten gurasoen umeendako dago pentsatua Maiaren proiektua, ekonomia solidariotik eta kultura alternatibotik erabat aldendua. Herritarren beharrei erantzuten ez dien egitasmo ultrakapitalista du alkateak buruan; Iruñe berria eraiki nahi du Maiak eredu zaharkituan, kosmopaletoan —Basque beharrean Navarrese?—, jasangaitzan eta, hau ustekabea!, baztertzailean oinarritua.