astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

kultura

PROSAREN GIHARRAK AUZITAN

Juan Luis Zabala

PROSAREN GIHARRAK AUZITAN

Purismoak XX. mendean «troka sakona» zabaldu zuen «aurreko mendeetako tradizioarekiko», Kepa Altonagak Back to Leizarraga saiakeran (Pamiela, 2015) dioenez —115. orrialdean, zehazki—. «Ez dut uste mesedegarria izan denik prosa-eredurako; areago, uste dut damututa egon beharko ginatekeela norabide-aldaketa makur horrengatik». Xabier Amurizaren Osoa, lehiakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza (Lanku, 2010) eta Zazpi ebidentzia birjaiotzarako (Lanku, 2012) liburuak aipatuz, Amurizarekin bat dator Altonaga, neurri handi batean behintzat, egungo euskal prosaren inguruko diagnostikoan. Lexikoa «deskolokatuta» dagoela diote biek, eta prosa ahulduta eta indargabetuta dagoela, purismoaren eraginez besteak beste, baita erlatibo anaforikoa gisako baliabideak behar beste ez erabiltzeagatik ere... Horrek denak euskal prosari zehaztasuna, indarra eta adierazkortasuna galarazten diola uste dute. Beste egile batzuek ere antzeko kritikak egin dituzte, eta gaia eztabaidagai bihurtu da hainbat forotan. BERRIAk hainbat idazle, hizkuntzaren arloko profesional eta euskaltzainen iritziak bildu ditu:

XABIER AMURIZA

Bertsolaria eta idazlea

«Kezkak konpontzen joango dira, baina ni ezin naiz zain egon»

«Euskararen sintaxian aurkitzen nituen arazoak konpondutzat dauzkat, erlatiboko hutsune handiak barne. Bitxi da nola berehala aipatzen den zorioneko 'zeinismoa'. Hitz hau bizio ezkutu baten izena iruditu zait beti, eta beharbada, horrexek esplika dezake beraganako arbuio morbidoa. Anaforikoa delakoa ez da ataltxo bat besterik erlatiboaren arlo zabalean.

»Aditzean, irizpide batzuk defendatzen ditut, praktikak oso emankortzat frogatuko dituenak. Lexikoan, berriz, irizpide zentzuzkoagoak nahitaezko dira. Bi arlo daude soluzio zailekoak: esapideak —esapide informatiboak, esapide espresiboak eta esaerak— eta argota. Bi zelai horietan jokatzen da hizkuntzaren autonomia, bizitasuna eta espresibitatea.

»Gai honen inguruko kezkak zabaltzen ari ote diren? Ez dakit. Albora begiratzeari utzita nago. Zorionez, Kepa Altonagaren Back to Leizarraga saiakerak (zientzietakoa bera!) itxaropena dakar. Uste dut, denborarekin, kezkak zabaltzen eta konpontzen joango direla, baina nik ezin dut egon besteen denboraren zain».

IRENE ARRARATS

BERRIAko euskara arduraduna

«Garbizalekeria oso zabaldua dago, eta ez da oraingoa»

«Garbizalekeria oso zabaldua dago, eta, jakina, ez da oraingoa. Villasanteren Euskararen auziaz (1988) irakurri besterik ez dago: han salatutakoa gaur ere sustraiturik dago askoren aho-lumetan. Esaterako, zergatik zabaldu da hainbeste sukaldatu? Ez Euskaltzaindiak, ez hiztegigileek, ez itzultzaileek ez dute bultzatu, eta hala ere... Sintaxian, beste hainbeste: ia itzultzaileek baino ez dituzte erabiltzen zein, ezen, non... Beste arloetan, oro har, nahiago izaten da prosa konplexurik ez egin, halakoak erabiltzeko premiarik ez izateko, edo, okerragoa dena, premiazkoa denean ere nahiago ez erabili, eta esaldi garbi ulergaitzak idatzi.

»Nazioarteko hitzak euskarazkoak ere badira, bai, noski, eta, tokatzen denean, erabili egin behar dira. Erabiliz gero, corpusetan agertzen dira, eta hortik Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura pasatzen dira, ebidentzia eta anbizio hitzak sartu diren bezala, nahiz batzuek uste izan halakorik ez dagoela.

»Arazoaren mamia, nire ustez, zera da: tradizioan izaniko eten latza, eta euskararen bizi-indar makala: transmititzen dena euskara mehetu bat da, eta ez dugu ia ezer asmatzeko indarrik —moloi asmatuko dugu, bai, baldin eta molón badago erdaraz, eta abar—. Horrek dakarren segurtasun faltaren eta euskararen berezitasun neurriz gain goraipatuaren ondorio da garbizalekeria, nire ustez».

LOURDES OÑEDERRA

Idazlea, hizkuntzalaria eta euskaltzaina

«Babesak ez du soziologikoa bakarrik izan behar»

«Purismoa (garbizalekeria) dogmatikoa bada eta goitik behera badator, gaizki. Bestela, kontuz: Wolfgang U. Dressler hizkuntzalariak, hizkuntz heriotzari buruzko bere ikerketetan erakusten du nola purismoa, garbizaletasuna, hizkuntza minoritarioetan seinale ona izan ohi den. Hain zuzen ere hiztunek hizkuntzaren babes beharraren kontzientzia dutela esan nahi du. Ahaztu egiten zaigu errazegi babesak ez duela soziologikoa bakarrik izan behar: linguistikoki ere hizkuntza indartsuagoen gehiegizko eraginetik gorde behar da hizkuntza ahulena.

»Euskararen baliabide morfologikoak (hitzak eratzeko gaitasuna) ez erabiltzeak kezkatzen nau. Esaterako, nola kontsideratu erabiltzeak —tzat hartu bezalakoak desagerraraz dezakeen. Halaber, zer du prozesu hitzak bilakabidek ez duenik? Edo hitzordu vs. zita? Eta ez al dugu eman 'gertatu' bezala ulertzen bakar-bakarrik gaztelaniaz dar aditzak esanahi hori ere baduelako? Ez dugu ahaztu behar batzuek purismotzat hartzen duten hori Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaren arteko zubi txukunagoa dela gaztelaniatik datozkigun hainbat mordoilokeria baino.

»Azken kontu bat, aintzat hartzekoa oso: hizkera mailak. Tabernako elkarrizketa batean desegoki litekeena erabat apropos gerta daiteke tesi baten aurkezpenean».

JON ALONSO

Idazlea eta itzultzailea

«Protagonismoa hiztunari eman behar zaio, eta ez elite bati»

«Altonagaren kritikak itzulpen bat dauka oinarrian; zientzia dibulgazioan kanonikoa den testu baten euskal itzulpena zehaztasunik gabea eta lausoa iruditzen zaio. Proposatzen dituen aterabideak gehiago edo gutxiago gustatzen ote zaizkidan alde batera utzirik, ni guztiz bat nator horrek inplizitua dakarren kritikarekin: zientziaren testu kanonikoen terminologia eta esamoldeak euskal zientzialariek finkatu behar dituzte, eta ez filologoek edo gramatikariek. Amurizak eta bestek daukaten kezka askorena da. Niri iruditzen zait protagonismoa hiztunari eman behar zaiola, eta ez hainbeste elite bati. Bestalde, elite horiek nola sortzen diren eta zeri begira orientatzen diren aztertu beharko litzateke. Orain arte ikuspegi filologikoari eta arauari eman zaie lehentasuna, beharbada lehentasuna euskara biziari emateko garaia iritsi da».

BERRIAn argitaratua (2015/10/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA