astekaria 2019/10/11
arrowItzuli

mundua

MARIA DE JESUS PATRICIO MARTINEZ 'MARICHUY'

«Lopez Obrador aitzinekoen berdina dela uste dugu»

Mikel Rodriguez

«Lopez Obrador aitzinekoen berdina dela uste dugu»

EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak proposatuta sortu zuten Mexikoko CNI Batzar Nazional Indigena. EZLNk eta gobernuak bake hitzarmena sinatu zuten 1996an (San Andresko Akordioak), eta orduan hasi zen CNIren jarduna. Herri indigenak elkartzeko helburua zuen, askotariko nazioak baziren ere, «arazo eta ezaugarri antzekoak» zituztela ikusi baitzuten, Maria de Jesus Patricio Martinez Marichuy-k erran duenez (Tuxpan, Mexiko, 1963). Nahua herriko indigena da Marichuy, eta CNIk Mexikoko presidentetzarako hauteskundeetan aurkeztu duen lehenbiziko hautagaia izan zen, iaz. Euskal Herrira gonbidatu du Lumaltik gobernuz kanpoko erakundeak, indigenen egoeraren berri emateko.

Zergatik erabaki zuen Batzar Nazional Indigenak presidentegai bat aurkeztea?

Hogei urteren ondoren, V. Kongresuan egin zen proposamen hori, 2016an. Gure batzarretan eta aitzineko kongresuetan adierazpen bat onartu ohi genuen, egunkarietan ateratzen zena edo dena delako tokitan, baina ikusten genuen herrien egoera okertzen ari zela. Zerbait egin behar zela pentsatu genuen, bertzela ez gintuztela ikusiko, dena ongi dagoela pentsatuko zutela, eta hori ez da egia. Gure kide zapatistek planteatu zuten modu horretara parte hartu behar zela, arreta emateko. Anitz harritu egin ziren, eta erraten zuten inoiz urratu ez genuen bide bat zela, antolatzeko bertze modu batzuk bilatu behar genituela... Bi egun eman genituen hori eztabaidatzen, eta ondorioztatu genuen beharrezkoa zela parte hartzea. 523 komunitateei galdetu genien ondoren, eta erantzunarekin itzuli ginen. Gehienek baietz erran zuten.

Zer helburu zenituzten hauteskundeetarako?

Gure herrien arazoak ikusarazteko motibo bat zen. Herrialdea gurutzatu genuen hitza emateko eta gure ahotsa entzun zedin. Beheititik antolatu behar ginela aldarrikatzeko baliatu genuen, herriaren gobernu bat modu ezberdin batean antolatzeko, ez betiko alderdien bidez, bertze modu batzuk badaudela erakusteko baizik. Obedituz agindu erraten dioguna da. 29 estatutan ibili ginen, eta, nahiz eta ez genituen [hautagaitza onartzeko beharrezkoak ziren] 900.000 sinadurak lortu -280.000tan gelditu ginen-, esperientzia positiboa izan zela baloratu genuen. Gure helburuak lortu genituen, herri gehiagotara ailegatzea lortu genuen, erakunde indigena gehiago hurbildu ziren, landa eremuko eta hiriko langile gehiago... Guretzat garaipen bat izan zen hori dena lortzea.

Egiazko helburua, beraz, ez zen hauteskundeetakoa?

Gobernuak dituen tresnak erabiltzea zen, eta ohartu ginen taldetxo txiki batek duela lekua bakarrik, eta boterea eskuz esku aldatzen dutela. Ez diote inoiz utziko agintzen herriak gabetuz sortu dituzten interesen aurka dagoen inori.

Nola aukeratu zintuzten presidentegai?

Erabaki zen gobernatzeko kontseilu indigena bat sortzea, herri indigenetako batzarrek aukeratutako pertsonek osatua. Emakumeek eta gizonek osatu behar zutela erabaki zen. Nahiz eta emakume gutxik parte hartu, haien parte hartzea bultzatu nahi zen. 157 ordezkari aukeratzea lortu genuen, baina, Mexikoko Hauteskunde Institutu Nazionalak ez duenez uzten kolektibo gisa izena ematen, erabaki zen ordezkari bat izendatzea. Emakume batek izan behar zuela erabaki zen, herrien arazoak ezagutzen zituen norbaitek. Bertze batzar bat egin zen ordezkari hori izendatzeko, eta niri egokitu zitzaidan.

Hauteskundeak Andres Manuel Lopez Obradorrek irabazi zituen, eta hori aldaketa politiko handi bat izan zen Mexikon. Zuek, ordea, ez duzue iritzi onik haren agintaldiaz.

Sistema hau zein ustela dagoen ikusteko aukera izan dugunez, ikusi ahal izan dugu edonor egonda ere berdina izanen dela, goiko eliteko taldetxo bat baitago, dirua eta boterea dutenak, eta erabakitzen dutenak zeini utzi ahal zaion [agintzen], haren kolorea edozein dela ere, alderdi batekoa izan edo bertze batekoa. Guk ikusi genuen hori etorriko zela, erraten baikenuen ezinezkoa zela berria den norbait etorri eta aitzinetik zeuden akordioak bertan behera uztea. Hala nahiko genuke, baina praktikan ikusi dugu jarraipen bat dagoela, eta, gainera, gure herrien egoera okerrera egiten ari dela, hilketak, desagerrarazteak eta espetxeratzeak gertatu direlako gure herrien lurrak suntsitzen ari diren enpresa eta proiektu erraldoi horien aurka eginagatik.

Beraz, diozuenez, Lopez Obradorrek ez ditu aitzineko politikak aldatu. Baina berak bere kabuz zerbait sustatu du?

Boterea eta dirua dituen jendearen eskakizunak betetzen ari da. Hauteskundeetan zin egin zuen armada karriketatik aterako zuela eta kuarteletara eramanen zuela. Zergatik ez du egin? Ba, kanpainan konpromiso batzuk izanen zituen agian. Guardia Nazionala sortu du, eta egin duena da pertsona horiei gaitasuna eman proiektu erraldoien aurka dauden manifestazioak zapaltzeko. Jendeak esperantza zuen egiazko aldaketa bat gertatuko zela, baina uste dut 30 milioi boto horiek [Lopez Obradorrek jaso zituenak] aitzineko presidentearekin zegoen haserrearen ondorio izan zirela. Espero zuten gatazka sozial handi bat sortuko zela Mexikon aldaketarik ez bazegoen, eta uste dugu akordio batzuk egin zituztela eta horregatik utzi ziotela leunki irabazten. Baina egiaz ez da herrien beharrei erantzuten ari; alderantziz, errepresiorako prest dago. Sentitzen dugu gerra deklaratu diela lurraldea defendatzeko borroka egiten duten eta antolatzen diren herriei, eta horregatik enpresa horiek ezarri behar diren tokietan militarizazio handia ezarri du.

Baduzue harreman zuzenik presidentearekin edo gobernuarekin? Eskatu duzue halakorik?

Hark ez du bilatu, eta guk ez dugu eskatu. Batzar Nazional Indigenak erabili dituen solas eta leloak bereganatu ditu, obedituz agindu horren gisakoak, eta hori egin du dena ongi doala irudikatu nahi duelako, harreman eta komunikazio ona dagoela, eta gaizto bakarrak garela matxinatu nahi dugunak. Aitzinekoen berdina dela uste dugu, gabetze politikekin jarraitu nahi duelako, basoak, lurra eta ura diru gehien emateko prest dagoenari salduz, eta kontra dagoen edonor paretik kenduz.

San Andresko Akordioak sinatu zirenetik Batzar Nazional Indigenako 117 kide hil dituztela salatu duzue. Nork hil ditu?

Proiektu erraldoi horiek inposatzeko krimen antolatuko taldeen laguntza dute. Laguntza eskaini ohi dute enpresa horiek ezartzeko. Nola egiten duten? Ba, jendea beldurtuz ez daitezen antolatu, ez dezaten borrokatu, eta ez dezaten deus erran eta besoak gurutzatuta gelditu daitezen. Hainbertze desagertu, hainbertze hilketa, hainbertze espetxeratu, feminizidioak... Gabetzea gauzatzeko erabiltzen dituzten moduak dira.

Egoera hori ikusirik, baduzue defentsa mekanismorik?

Komunitate batzuetan guardia komunal propioak sortzen ari dira. Komunitate bakoitzeko batzarretan ados paratzen dira, eta komunitatearen zerbitzura lan egiten dute. Biztanleak babesteko modu bakarra da, ez baita deus espero Polizia, armada edo itsas armadarengandik. Hain justu, horiek dira fidatu ezin gaitezkeenen artean lehenak.

San Andresko Akordioak sinatu zirenetik 23 urte pasatu dira, eta hemezortzi, berriz, Mexiko hiriburura indigenek martxa historiko hura egin zenutenetik. Errealitatea oraindik larria dela esan duzu, baina zerbaitetan hobetu da indigenen egoera? Zein dira mugimenduaren lorpenak?

Ahal den neurrian komunitate bakoitzaren prozesu autonomoak azkartu dira, eta eskualde bakoitzak bere antolatzeko era eta erresistentziarako modua dauzka. Azkarrena, berriz, gure kide zapatistek duten antolamendua da. Berriki agiri bat argitaratu dute, eta jakinarazi dute caracol [eskualde autonomo] gehiago sortu dituztela, udalerri autonomo gehiago, lur gehiago...

Joan den udan gertatu zen hori, ezta?

Bai, hala da. Azkartzen jarraitu dute. Erran zuten autonomia indartuko zutela, eta hitza bete dute. Eredu dira Mexikoko herri indigena guztientzat, erakusten baitute posible dela gobernuaren baliabiderik gabe bizitzea eta garatzea, eurek beren borroka baliabide propioekin landu baitute. Motortxo bat dira bertze herriak motibatzeko, borroka hori beheititik eta ezkerretik antolatzeko.

Nazioartean oihartzuna duen Mexikoko arazo handi bat arestian aipatu duzunetako bat da, feminizidioena. Nola egiten dio aurre zuen mugimenduak horri eta, oro har, emakumearen aurkako diskriminazio arazoei?

Komunitateetan ikusten genuen emakume gutxik parte hartzen zutela batzarretan. 2018ko hauteskundeetan parte hartzeko proposamena emakumeak animatzeko modu bat izan da, komunitateen erabakitzeko esparruetan parte hartu behar dugula erakusteko, eta gizonei errateko kontuan hartu behar dutela emakumeek rol inportantea dutela eremu horretan. Eta hori gure anai-arreba zapatistek erakutsi digute bertze behin. Haiek eratu duten erakunde autonomoak gizonak eta emakumeak berdin tratatu ditu, eta ez dizkie emakumeei lan batzuk eman emakume izateagatik, eta gizonei bertze batzuk gizon izateagatik. Horrek eragin du herri indigena anitzek haien eredua jarraitzea. Matxismoa badago oraindik, baina uste dugu sistema kapitalista eta patriarkalaren ondorio dela, boterea gizonei emateko diseinatua baitago.

Mexikoren bertze arazo handietako bat migrazioari buruz AEBekin sortu den krisia da, Washingtonek exijitzen baitio Erdialdeko Amerikako migratzaileei bidea oztopatzea. Arazo horrek eraginik izan du komunitate indigenentzat?

Guk anai-arreba gisa ikusten ditugu migratzaile horiek. Badituzte haien arrazoiak haien komunitateetatik ateratzeko, Mexikon ere pertsona anitz ateratzen diren bezala haien komunitateek indarkeria jasaten dutelako. Nire herritik ez dira [migratzaile] anitz pasatu, eta ez dut inorengandik haien aurkako deus aditu; desplazatuta dauden komunitate bezala ikusten ditugu, haien seme-alaben egoera hobetzeko migratu behar dutenak.

Urriaren 12an, larunbatean, Madrilera joatekoa zara, Espainian festa nazionala ospatzen duten egunean. Joan den martxoan, Lopez Obradorrek eskutitz bat idatzi zion Espainiako erregeari, eskatzeko Espainiako Estatuak barkamena eska diezazuela Mexikoko indigenei zuen arbasoek jasan zuten konkistarengatik. Zer iritzi duzu horri buruz?

Guk Mexikon diogu bertze norbaiti erran aitzinetik barkamena eskatzeko, hark gelditu egin beharko lukeela gure herriek jasaten duten gabetzea, kolonizatzaileek egin zutena -hondamendia eta heriotza ekarri- bukatzea bezala baita. Urte horietan hasi zen hondamendia bururatu nahi da orain.

BERRIAn argitaratua (2019/10/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA