kultura
DARIO URZAI
«Begira dagoena obraren parte da»
Iñigo Astiz
New Yorken pisukide izan zenuen Txomin Badiola artistak esaten duenez, zurea ez da margolari izpiritua, baizik eta asmatzaile izpiritua. Ados zaude?
Izan daiteke. Ikaragarri gustatuko litzaidake pintoreen jaidura hori edukitzea, baina ez daukat: gauzak asmatzeko beharra sentitzen dut. Erakusketan dagoen koadro bat egiteko, adibidez, pintzelaren mugimendu antropomorfikoak gaindituko zituen tresna bat asmatu nuen. Pintzelarekin 180 gradu baino gehiagoko birak emateko aukera ematen zidan gailu birakari bat erabili nuen horretarako. Pintore lan erabatekoa dirudi lehen begi kolpean koadro horrek, baina, gertuagotik begiratuz gero, ohartzen zara ezinezkoa dela zertzeladen mugimendu horiek egitea eskumuturrarekin. Asmaketa pixka bat badago, beraz. Beti behar izan dut halako zerbait. Pintoreen erreminta tradizionalak dira gizateriaren asmakizun handietariko bat: brotxa, adibidez. Gizaki primitiboarentzat, sofistikazio handiko lana da makila bati ileak txertatzea. Eskuen ondoren, aerografoa da pintura tresnarik antzinakoena, eta gero datoz brotxak.
Beti igartzen zaizu interesa duzula margolanean ez ezik margolan hori sortzeko tresnan ere. Informatika oraindik minoritarioa zenean erabili zenuen zuk artean.
1990eko hamarkadakoak dira lan horiek. Orduan erosi nituen ordenagailua eta inprimagailua; erakusketa bat egin nuen lan haiekin, eta Javier San Martin kritikariak idatzi zuen testua. Margolan txiki batzuk ziren, eta gero heldu ziren lan sofistikatu eta handiagoak, baina hor hasi ziren.
Margolariaren jestua da zure lan askoren muina, baina, lehen itxura horren atzean, maiz egoten da zerbait gizatiarra ez dena.
Erakusketan bada koadro zuri-beltz handi bat, adibidez. Txomini [Badiolari] grazia handia egiten zion. Egun batez, bat-batean, gogoa piztu zitzaidan jestu bidez sortutako koadroak sortzeko, aldi berean horren kontrakoa ere izango zirenak.
Eta nola egiten da hori?
Makina moduko bat asmatu nuen horretarako. Bi barra lotu nituen lurretik sabaira, eta haien artean beste barra transbertsal bat jarri nuen, eraztun batzuekin lotuta, ezker-eskuin eta gora eta behera mugitu ahal izateko, eta kontrapisu batzuk ere lotu nizkion, pisurik ez balu bezala mugitu ahal izateko. Pintzelak jarri nizkion barra horri, eta helduleku baten bidez mugitzen nuen tramankulu hura guztia. Harriketarren inprimagailu bat zirudien [barrez]. Aurrez aurre eduki beharrean, bi alboetara nituen oihalak. Heldulekuarekin airean egiten nituen jestuak, baina, oihalak bi alboetara neuzkanez, ez nuen ikusten horrek oihalean uzten zuen arrastoa. Performance hutsa zen. Pintore bat imitatzen ari banintz bezala zen [pintzelkada bat egin du airean]. Pentsa: pintore bat imitatzen ari banintz bezala. Urruntzen nintzen arte ez nuen ikusten zer atera zen. Erabat naturalak dirudite piezek lehen kolpean, baina, ongi begiratzean, ohartzen zara ezetz. Baina bada begiratzen ez dakien jendea ere.
Mugako gune hori interesatzen zaizu, beraz?
Puntu hori gustatzen zait. Susmoa piztea, sekula iritsi gabe «bai, jakina» esatera. Beste une bat maite dut nik: «Baina zer da hau? Uste dudana da? Ala ez?».
Eta zer harreman ezarri nahi zenuke obraren ikusleekin?
Begira dagoena ere obraren parte da niretzat. Hasieratik izan da horrela. Esate baterako, Behatzailearen sabela da Bilboko Arte Ederren Museoan dagoen piezaren izena, eta, sasoi batez, maiz erabili nuen hitz hori artelanak izendatzeko. Nire obra erabat burutu gabe balego bezala da: behatzailea behar du. Obra guztiek behar dute behatzailea, ados, baina, zenbaitetan, badirudi sortzailea eta artelana nahikoa direla; nireetan, ez. Obra on bat ez da soilik ikusten duzuna. Obra on bat da era zehatz batera materializatutako zerbait, gehi gauza hori eta hari begira dagoen behatzailea bereizten dituen espazioa. Obra onek aktibatu egiten dute espazio hori.
Bitxia da margolari bat entzutea esaten pintore bat imitatzen ari balitz bezala pintatzen duela.
Aipatutako margolan zuri-beltz horiek egin eta hilabete ingurura, argazki kamera batekin egin nuen ariketa antzekoa. Segundo batez edukitzen nuen irekita objektiboa, eta, kamera eskuetan hartuta, jestu bat egiten nuen airean. Kamera argi iturriren baterantz begira jarriz gero, argi lerro batzuk sortzen ziren. Burgosko katedraleko beirateekin egin nuen hori, adibidez. Camera strokes deitu nuen serie hura: kamera pintzelkadak edo kamera ukaldiak. Erdi brometan esaten nuen Santa Luziari egindako omenaldi bat ere bazela, santu hori beti irudikatzen delako begiak plater batean daramatzala. Baina mugimendu hori sortu zen aurrez beste makina hura sortu nuelako. Dena egoten da lotuta.
Ia bi hamarkada pasatu dira Euskal Herrian azken erakusketa egin zenuenetik hona.
Marka da gero! Euskal artista gutxik dute nik daukadan ibilbidea: erakusketak, museoak...
Eta zergatik izan daiteke?
Urteekin, taldeak sortzen direlako, interesak daudelako, familiak eta genealogiak ezartzen direlako, eta ni beti ibili naizelako neure gisa: horrek beti du kostu bat. bestalde, izan daiteke kanpoan asko erakutsi dudalako ere. Gauza lotsagarri asko daude, kontatu ere egin ezin direnak, baina jakinarazi behar litzateke, adibidez, azken hiru urteetan nor egon den Gure Artea sarietarako izendatuta eta nork irabazi duen, eta ez dut gehiago esango.
Askatasuna izan daiteke zeure gisa ibiltzearen alde ona?
Baliteke. Rekalde aretoan egin nuen erakusketa duela hogei urte; gero, Parisen egon nintzen; Oslon egin nuen erakusketa bat, eta Bruselan; gero, Madrilen ere egon nintzen, eta, bitartean, hemen ezer ere ez dut erakutsi. Noski, hemen jendeak arrastoa galtzen dizu, baina kanpoan ezagun bilakatuz zoaz. Eta jende gehienak, aldiz, ez du bide hori egiten, eta esparru lokalean geratzen da. Curriculumak hor daude. Gainera, gertatzen da galeria garrantzitsu bat hartzen duenean jendeak maiz bere burua errepikatzeko joera izaten duela, eta nik ez. Horregatik kostatu izan zait galeria bat atzean uztea, nik aurrerantz jarraitzen nuelako eta haiek eskatzen zidatelako ongi saltzen zen lerroren batean jarraitzeko. Eta batzuetan bost hilabete ematen ditut obrarik bidali gabe, edo urtebete, nire obrek lan tekniko handia eskatzen dutelako; galeriak, berriz, behar du beti ekoizten ari den jendea. Eta horrek ere badu kostua. Zenbait jendek autobidea hartzen du, eta bidexkak aukeratzen ditugu beste batzuok. Eta, zer egingo diogu, oinezkoa naiz ni.
New Yorkera joan zinen momentua erakusten du Bilbon zabaldu berri duzun erakusketak. Zergatik sentitu zenuen hara joateko beharra?
Irakasle nintzen orduan, baina banekien honetan aritu nahi nuela erabat. Londresen egon nintzen, eta gogorra egiten zitzaidan Bilbora itzultzea. Arriskatzeko gogoa nuen. Eusko Jaurlaritzak beka bat eman zidan, behintzat alokairua ordaintzeko ematen zuena, eta halaxe joan nintzen. Jauzi handia izan zen. Ordura arte liburu eta aldizkarietan ikusitakoa bertatik bertara ikusteko aukera ematen zigun hiriak. Lehen mailako erakusketak ikusten genituen, eta beti itzultzen nintzen etxera oso motibatuta, baina, hiru hilabeteren ondoren, etxera bueltatu eta ohartu nintzen indar hori desagertu egin zitzaidala: joaten nintzen sekulako erakusketetara, baina ez nuen ikusten ikusi nahiko nukeen ezer. Orduan konturatu nintzen nik neuk egin behar nuela ikusi nahi nuen hura. Aldaketa handia izan nuen orduan.
Barra kode moduko batzuk ikusten dira margolanetan.
Inpresio handia egin zidaten barra kodeek, hemen ez zirelako ikusten. Orain pentsatzen dut lerro bertikal horiek etxeorratzen irudiak ere izan daitezkeela, eta hiriaren koloreetatik datoz pinturetako kolore metalikoak. Baina orain ohartzen naiz horretaz.
Hura izan zen zuen Paris.
Michel Mejutok ere hori esaten du. Aurreko belaunaldientzat, Paris zen erreferentea, eta gu izan ginen New Yorkera joan zen lehen artista belaunaldia. Izan ziren beste pare bat gure aurretik, baina gutxi. Guggenheim sortu aurretik egin zuen mugimendu hori euskal arteak. Oraindik New Yorken bizi nintzela, aitak Bilboko Guggenheimen proiektuari buruzko albisteak bidaltzen zizkidan, eta ez nuen sinesten. Guggenheim bat bazegoen Txomin [Badiola] eta biok bizi ginen New Yorkeko loftetik metro batzuetara, eta gogoan dut behin nola esan nion nire piezetako bat Guggenheimen erakutsiko nuela. «Nahi bai zuk», erantzun zidan. Eta hara non, urte batzuen buruan, Guggenheimek erosi egin zidan lan bat.
New Yorkeko Guggenheim izango zenuen zuk buruan, baina Bilboko Guggenheim museoan bukatu, azkenean.
Bitxia da patua, ezta?
Noiz erabaki zenuen Bilbora bueltatzea?
Urte pare bateko egonaldi bat egin nuen Bilbon lehenik, eta New Yorkera itzuli nintzen gero. Pello [Irazu] eta Txomin [Badiola] jadanik ez zeuden han, eta Alejandro Garmendiarekin egon nintzen, batez ere. Gerora, 1999an etorri nintzen behin betikoz Bilbora.
Eta zergatik itzuli zinen?
Gaixoaldi txiki bat izan nuen New Yorken, eta gogorra egin zitzaidan han egotea. Hiri garestia da, gainera, eta jadanik ez zidan hasierako zirrara bera eragiten. Pentsatu nuen lanerako lagungarri izango zela leku egonkorrago batean egotea, nire lana teknikoki oso sofistikatua delako, eta horrek ere laguntzen duelako. Europan ikusten nuen nire etorkizuna. Izan nuen nazioartekotze sasoi indartsu samar bat, baina lanbrotuz joan da hori ere denborarekin, hainbat arrazoi direla medio.
Ez omen duzu zure lan askorik biltegian.
Sortu dudan gehiena saldu da, batera ez bada bestera. Eta gustatuko litzaidake nire obrak nork dauzkan jakitea. Egin dudanaren katalogo arrazoitu bat egin nahi nuke, baina ez dakit non dauden nire lanak. Nire obraren bat duen inork hau irakurriko balu, gustatuko litzaidake nirekin kontaktuan jartzea. Inoiz atzera begirako bat egingo balidate, lan handia dago hor, eta garestia izango da, gainera. Izan ere, pieza asko kanpotik ekarri beharko dituzte.
Artista famatua zara, baina...
Semeek galdetzen didatenean ea artista famatua naizen, ezetz esaten diet, artista ezaguna naizela.
Kontua da artista ezaguna zarela, baina akaso ez dela zuk nahi zenukeen arrazoiengatik. Polemika handia piztu zuen 2004an Athleticen gizonezko taldearentzat egin zenuen kamisetak. Zama egiten zaizu horregatik famatu izanak?
Gertatutakoak baditu bere alde onak eta txarrak. Gertatu zenean, oso haserre egon nintzen, eta oso sasoi gogorra izan zen, baina, denborarekin, ohartu naiz ezetz, ona izan zela.