gizartea
'EKIN ETA JARRAI', BAINA ZERTAN?
Garikoitz Goikoetxea
Ehun urte, mendea egin du Euskaltzaindiak. Eta mendi erdi, 50 urte, haren mugarri nagusiak, euskararen batasunak. Euskararen akademiak hori izan du azken hamarkadetako lantegi nagusia: euskara batua sortzea gramatikan, hiztegian eta onomastikan, besteak beste. Sortua du zimendua, armazoia, egitura nagusia. Zein da, beraz, Euskaltzaindiaren rola mendeurrenaren osteko urteetarako? Corpusaren aldetik badauka zer egina oraindik, etengabeko aldaketetara egokitu behar baitu euskarak. Baina beste lan esparru bat ere indartu nahi du: euskararen sustapenarena. Zer eta nola, badaude eztabaidak.
Ospakizunez betetako urtea izan du Euskaltzaindiak. Iazko urrian, Arantzazun, euskara batuaren mende erdia ospatu zuen, 1968ko biltzarra gogoan. Eta harrezkero, akademiaren beraren mendeurreneko ekitaldiak urte osoan: 1919ko jaiotza. Atzo izan zuten azken saioa, Gipuzkoako Aldundian. Etzi dira ehun urte Euskaltzaindiak lehen bilera egin zuela. Foru jauregian bildu ziren.
Aldatu dira kontuak ordutik, aldatu direnez. Bide oparoa egin du batasun bideak. «Asko egin da, eta eskerrak: oso seinale txarra izango zen bestela, dena baitzegoen egiteko». Irene Arrarats mintzo da, BERRIAko Euskara arduraduna eta euskaltzain urgazlea. Euskara Batuaren Eskuliburuaren egileetako bat da Arrarats. Oraintxe urtebete aurkeztu zuten Arantzazun bertan: Euskaltzaindiak urteotan guztietan emandako arauak eta gomendioak bildu dituzte lan horretan, «modu pedagogikoan», erabiltzaile arruntak gogoan. Urteetako lanaren bilduma praktikoa da liburu hori.
Araugintza lana
Bide baten itxiera ote da eskuliburua, batasun prozesua burutu den ikurra? Ezezkoan daude adituak: badela lana oraindik. Arrarats: «Ezin esan arautze lana bukatua denik; azken batean, hizkuntza aldatuz doa bizirik dagoen bitartean, eta komeni da gauza berriak sustraitu ahala eta beharra sumatu ahala arautzea: hitzak, izendapenak, kolokazioak eta abar». Areago, badira oraindik Euskaltzaindiak arautu gabeko esparru batzuk, Miriam Urkia euskaltzainak gogoratu duenez: «Ahoskera, gramatika, ortotipografia...». Arraratsen ildotik, ohartarazi du gauza bizia dela hizkuntza, eta arian-arian agertzen direla behar berriak. «Eta premia berri horiek ingurune digitaletik datoz gaur».
Zer eta noraino arautu, erne jokatu behar da orain, ordea, Pello Salaburu euskaltzainaren ustez. «Gauza guti» ikusten du arautzeko. Bi iritzi ildo sumatzen ditu. «Batzuen ustez, Euskaltzaindiak ezinbertzez arau gehiago eman behar ditu, ez baitaude argi; beste batzuek, aldiz, uste dute gauzak ez diren hola: ez da erosoa, diote, zerbait eskribitu nahi den bakoitzean kontsultak egiten ibiltzea». Euskaltzaindiak «tentuz» aritu beharko luke, beraz, haren iritziz.
Arauak ez du ospe onik. Ederki dakite Euskaltzaindian. «Baina kontua ez da beti arauak ematen aritzea: gomendioak ere hor daude. Bide hori hartu du azken urteotan Euskaltzaindiak», azaldu Urkiak. Hiztegian, adibidez, egin dute aldaketa bat: baztertzeko gisa zeuden hitzek «ez erabiltzeko gomendioa» daukate orain. Arauen izaeraz gogoeta egiteko eskatu du Lourdes Oñederra euskaltzainak: «Arauak gidak dira, ez dogmak. Gainera, erabilerarako gidak dira, bai, baina erabileran oinarritu behar dute neurri handi-handi batean». Gainerakoak bat datoz irizpide horrekin. Arrarats: «Arautzea, azken batean, ez da hau edo bestea agintzea, baizik erabiltzen dena jasotzea, hizkuntzaren sisteman nola txertatu aztertzea eta ordenatzea». Hain justu ere, hor ikusten du Euskaltzaindiaren lana Salaburuk: «Akademiak, batez ere, gertatzen dena bildu behar du, erreferentziako idazleek idazten dutena, hedabideetan erabiltzen dena. Batzuetan ez dugu gustukoa izanen, beharbada, baina hori da egungo euskara, ez nahi genukeena edo amesten duguna».
Kontsultarako
Komunikazioan, jarduna gizarteratzen ahalegin berezia egin du Euskaltzaindiak azken urteetan. Internet du tresna nagusia. Iaz, milioi bat erabiltzaileren langa gainditu zuen akademiaren webguneak. Batez ere kontsultarako tresna da: gehienbat hiztegira eta izendegira jotzen dute herritarrek.
Kontsulta zerbitzu indartsuago bat sortzeko eskariak jaso ditu azken denboran Euskaltzaindiak. Zehazki, Fundeu estiloko azpiegitura bat: gaztelaniari buruzko dudak berehala argitzeko zerbitzua da, sarean lan egiten duena. Efe agentziaren bidez sortu zen, eta RAE Espainiako Errege Akademiarekin zuzeneko lotura dauka. Euskaltzaindiak badu zalantzak argitzeko zerbitzu bat, Jagonet, baina azken urteetan geldi antzera egon da. Aldaketa egitekotan dira, «garai berrietara» egokitzeko. «Fundeu moduko zerbait izatea nahiko genuke, noski, baina horrek baliabideak eskatzen ditu, giza eta diru baliabideak». Zalantzak ere agertu dira, ordea. Salaburuk, adibidez, ohartarazi du «aski zalantzagarria» izan daitekeela aholkuak ematea: «Zirt edo zart egin nahi izaten dugu». Gogoratu du, gainera, eragile batzuk ari direla lan horietan -BERRIAren Estilo Liburua da horietako bat-.
Haren arduradunak, Arraratsek, zalantza du Fundeu estiloko baten bideragarritasunaz: «Horrelako zerbait sortzea lagungarria litzateke baldin eta kultur lan horretara jarria bagenu sortzaile, itzultzaile eta hartzaile andana bat, eta euskarazko komunikazio sistema oso bat bagenu egunero euskal kultura zabaltzen eta sorberritzen; bestela, euskal Fundeu batek gutxi dezake». Haren ustez, beste lehentasun bat izan beharko luke Euskaltzaindiak arlo horretan: zabalduta dauden uste okerrei aurre egitea. Pedagogia, finean. «Azken urteetako sastraka guztia garbitu beharra dago: han eta hemen zabalduta dauden hainbat aurrejuzgu baztertu, zeren ez baitute ekartzen euskalkien eta euskara batuaren arteko liskar faltsuak, garbizalekeria eta joskeraren pobrezia besterik».
Lan ildoak
BERRIAko Euskara arduradunaren iritzian, «hizkuntzaren alderdi pragmatikoa» gehiago landu beharko luke Euskaltzaindiak datozen urteetan: «Esaterako, aztertu zer estrategia komunikatibo diren eraginkorrenak euskaraz, eta ondorioak gizarteratu». Datozen urteetarako ardatzei buruz galdetzean, Salaburuk ohartarazi du begirada zabaldu beharra dagoela: akademia bakarrik ez, eragile gehiago ere ari direla lanean jada. «Euskaltzaindia ez da gaur hizkuntzaren erreferentzia bakarra, eta ez inportanteena ere. Eta hori poztekoa da. Ez diot hori modu peioratiboan: hizkuntzaren osasun hobearen seinale da». Eragile horiekin «modu koordinatuan» aritu behar du Euskaltzaindiak, haren ustez, orain baino gehiago; unibertsitateko ikertzaileen lana jarri du adibidetzat. «Ez dut uste holakoei ateak ixtea egokia den».
Sustapenaren arloan egin nahi du datozen urteetako aldaketetako bat Euskaltzaindiak: Jagon Saila indartu. Akademiak hasieratik eduki ditu bi adarrak: Iker, hizkuntzaren corpusaz arduratzen dena, eta Jagon, estatusarekin lotua. Arlo horrek garrantzi handia izan zuen 1960ko hamarkadaren bueltan: Euskaltzaindiaren aterkipean bultzatu zituzten bertsolari txapelketak eta euskalduntze-alfabetatze taldeak, adibidez. Hurrengo hamarraldietan, erakundetzearen eta euskalgintza sendotzearen ondorioz, pisua galdu zuen sustapenaren alorrak.
Berriro ekimena hartzeko deia jaso zuen Euskaltzaindiak duela lau urte, 2015eko abenduan, BERRIAn argitaratutako gutun baten bidez: euskararen erabilera areagotzeari begira, «gidaritza» hartzeko eskatu zion Patxi Saez soziolinguistak. Gaur egun, Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidea da Saez. Ziklo aldaketa baten premia nabari du: beste arlo bati heldu behar diola Euskaltzaindiak. «Azken 50 urteko premiarik handienak Iker Sailean zeuden, euskara batua eraikitzen. Premia hori gaur-gaurkoz aserik dagoenez eta ondorengo urteetako jarraipena ere neurri handi batean bideratua dagoenez, akademiari garaia heldu zaio Jagon Sailetik hizkuntzaren sustapen lanei indar handiagoarekin heltzeko».
Lanaren esparrua jo du lehentasuntzat Saezek: «Belaunaldi berriak euskalduntzeko euskal gizarteak egiten duen ahalegina zapuztu egiten du lan munduak». Horregatik, uste du euskalgintzak «apustu estrategikoa» egin behar duela esparru horretan, eta Euskaltzaindiak «bultzada eta laguntza handia» eman dezakeela hor.
Batik bat jardunaldiak eta horrelakoak antolatzea izan da Euskaltzaindiaren ekarpena sustapenaren arloan: gogoetarako plaza jartzea. Lan arloarekin ere asmo bera du: hori izango da aurtengo Jagon Jardunaldien ardatza. Azaroaren 14an eta 15ean izango dira.
Gainerako eragileekin
Euskalgintzan bada eragile andana bat arlo ugaritan. Horien artean, zein da Euskaltzaindiaren rola euskararen sustapenari dagokionez? Lankidetza aipatu du Saezek: «Euskaltzaindiak beti adierazi du gizarte zibiletik sortu dela eta gizarte zibilarekin bat egin nahi duela». Urkia «zubi lanaz» mintzatu da, bide beretik: «Jagon Sailak zeresan handia izan beharko luke datozen urteetan. Eragile ugari dago Euskal Herrian, eta elkarlana ezinbestekoa da». Arraratsen arabera, bidegile izatea da Euskaltzaindiaren rola: «Bideak jar ditzake euskaldunon komunitateak berak landu dezan euskal kultura. Uste dut alde horretatik lan gehiago egin dezakeela».
Euskaltzaindiak euskararen sustapenean izan beharko lukeen rolarekin eszeptikoago ageri dira beste euskaltzain batzuk. Oñederrak dio beste eragile batzuk ari direla horretan: «Esango nuke funtsean horiei utzi behar zaiela beren lekua. Euskaltzaindiak ez luke horiekin lehian sartu behar. Badugu nahiko lan gurearekin». Erakundeek sustapenean duten zereginaz aritu da Salaburu: «Lan hori administrazioak egiten du Euskal Herriko eremu handi batean. Hor ez dakit zer gehiago egin dezakeen Euskaltzaindiak. Euskadin, adibidez, egin dezakeen lana, arlo horretan, sinbolikoagoa da benetan eraginkorra baino».
Euskaltzaindiak indargune bat baduela nabarmendu dute Urkiak eta Saezek: Euskal Herri osoa duela esparru. «Euskararen lurralde osoan ofiziala den erakunde bakarra da, aitortza eta itzala duena, gainera», esan du Urkiak. «Euskal Herri osoan ez dago euskalgintzako erakunderik gizarte osoaren aldetik Euskaltzaindiak daukan onespen eta aitormen zabala duenik», erantsi du Saezek.
Mendeurreneko ekitaldiekin leku nabarmena izan du Euskaltzaindiak agenda publikoan: ekitaldi jendetsuak egin ditu, eta esparru askotako eragileak elkartu zaizkio. «Itzala nabarmenago geratu da aurten». Urkiak dio «ikaragarrizko babesa» sentitu dutela. Arantzazuko biltzarra gogoratzeko ekitaldia aipatu du: Euskara batuaren adierazpena aurkeztu zuen Euskaltzaindiak iazko urrian, ia 50 eragileren babesarekin. «Bistan utzi du akademia ez dagoela gizartearengandik urrun, gizartearen parte dela baizik».
Euskaltzaindiak badu itzala, ehun urteko bide oparoan lortua, baina itzal horri ikusten dizkiote ilun batzuk ere. Arraratsek, adibidez, uste du akademiari kalte egin diotela hari buruz zabaldu diren «erdizkako egia batzuek»: arau gehiegi edo gutxiegi ematen dituela, aldatu egiten dituela gero... «Euskaltzaindiak araututako gauza gutxi-gutxi aldatu izan ditu egiatan. Urteetan oso kontuz ibili behar zen norbaitek esaten zuenean: 'Euskaltzaindiak hala dio, hala erabaki du'. Askotan, ez zen egia». Oñederrak akademiari buruzko bi ildo kontrajarri nabari ditu: asko goratzen dutenak, eta asko gutxiesten dutenak. «Batzuek garrantzi handiegia ematen diote; beste batzuek, txikiegia».
Salaburu ezkorrago ageri da Euskaltzaindia hartzen ari den irudiarekin: itzala «gero eta mugatuagoa» du, haren esanetan. Beste aditu asko ari dira hizkuntzaren arloan lanean, eta Salaburuk ez du uste Euskaltzaindiak lotura egokia egiten duenik. «Akademiak zentzuz onartzen ez badu errealitate hori, gero eta ahulagoa izanen da erakundearen itzala».
Kritiko mintzo da Euskaltzaindiaren norabidearekin Salaburu. Hitz horietatik nabarmen ondoriozta daiteke akademia barruan harremanak ez daudela onenean. Gogoan izatekoa da 2013an dimisioa eman zuela Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeak -Salaburu da burua-, osoko bilkuran haien proposamen bat atzera bota ostean. Gaia bideratu zuten -gramatika berria egiten ari da batzordea-, baina harremanak ez dira goxatu. «Gutxietsiak» daudela uste du Salaburuk. «Gramatika berritu dugu orain, urteetako lana izan da, luze eztabaidatu duguna. Ez zait iruditzen aparteko interesa sortu duenik etxe barnean». Ekarpenak egiteko epea amaituta, osoko bilkuraren esku geratuko da Gramatika Batzordearen lana.
Euskaltzainen soslaia
Osoko bilkura 29 euskaltzainek osatzen dute gaur egun: euskaltzain osoak dira. Horien artean daude euskaltzain emerituak ere, 75 urtetik gorakoak -osoko bilkuretan botoa emateko eskubidea dute haiek ere-. Euskaltzain osoen batez besteko adina 69 urtekoa da; emerituak kenduta, 66 urtekoa. Euskaltzain urgazleen batez besteko adina ez dago oso urrun: 65 urte. Emakumeen presentzia areagotu da azken urteetan, baina gutxiengo nabarmena dira oraindik: euskaltzain osoetan, bostetik lau gizonezkoak dira, eta urgazleetan, lautik hiru.
Datozen urteetarako erronka berriak ikusita, belaunaldi aldaketa baten premian ote dago Euskaltzaindia? Batez besteko adina «gazte samarra» dela uste du Urkiak, «euskaltzain oso bat gazte izan daitekeen neurrian, ibilbide bat izan behar du eta». Urkia bera da euskaltzainik gazteena: 54 urte dauzka. Arraratsek uste du «pixkanaka» badatorrela aldaketa. «Eta emakume gehixeago ere sartzen ari dira Euskaltzaindian».
Belaunaldi aldaketa aipatzean, etorkizunari begira jarri da Salaburu: mendea bete duen erakundeari buruz zer ote dakiten gazteek. «Ez dakit adin batetik behitiago dauden belaunaldi batzuek erakundea ezagutzen duten ere, edo badakiten zertarako balio duen. Hau ez da lehen bezala».