astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

mundua

Militarizazioaren porrota

Amagoia Mujika Tolaretxipi

Militarizazioaren porrota

FARCek sendotasun militar izugarria zeukaten garaiak ziren; baita narkotrafiko, paramilitar eta Medellin eta Caliko kartelen errautsetatik sortutako mafia txikiak eztanda egiten hasi zirenekoak ere. Instituzioen funtzionamendua ustelkeriak gidatzen zuen, eta ekonomia eta estatua bera ere kolokan zeuden. Kolonbia Plana testuinguru horretan hitzartu zuten, duela hamabost urte, Andres Pastranaren eta Bill Clintonen administrazioek. «Ospatzeko gauza gutxi dago», ordea; hala ondorioztatu du Adam Isacson aditu estatubatuarrak berak egindako txostenean.

2001etik AEBen hornidura militarra esanguratsua izan da: 10.000 milioi dolar inguru, ehunka helikoptero eta borrokarako hegazkin, eta armada eta polizia prestatzea gerrillaren kontra aritzeko. AEBek laguntza horren truke, baina, baldintzak jarri zituen: batetik, planaren kudeaketaren %75 AEBetako agentzien esku geratu zen, eta, bestetik, aurrekontuaren erdia AEBetako industria militarren kontratuetarako izan zen. Horrez gainera, gerora etorri ziren ere —2009— Kolonbiako zazpi base militarretan aritzeko plana, Hego Amerikako agintari gehienen salaketa eragin zuena. Haien arabera, AEBek Kolonbian zeukaten bide libreari esker, lerratzen eta kontrola ezartzen ari zelako Latinoamerikan. Salatu zuten Kolonbia gerra estrategia berriak eraikitzeko laborategi bilakatzen ari zela.

Urte hauetan AEBek jarritako dirua, ordea, ez da Kolonbiak jarritakoaren %8 inguru besterik izan: 120.000 milioi dolar baino gehiago erabili baititu Bogotak gastu militarrean, horretarako munduan diru gehien erabiltzen duen herrietako bat bilakatuz.

Planaren bilakaera

Planak aldaketa handiak izan ditu. 2001ean sinatutakoa bi urte lehenagoko planaren garapena izan zen: 1999an diseinatuak gerrillariekin negoziatzea jartzen zuen ardatz, segurtasunik ezari eta narkotrafikoari erantzuteko, baina Bogotak AEBen babesa behar zuela eta —1950eko hamarkadatik izan dute harreman estua gobernuek—. Ekintzaile ezkertiarrak suntsitzeko estrategian oinarritu zuten narkotikoen kontrako borroka, ez negoziazioetan.

2002an bake negoziazioek porrot egin ostean eta Alvaro Uribek presidente kargua hartu ondoren, plana aldatu zuten: Uriberen gobernuaren Segurtasun Demokratikoa deiturikoa gehitu zioten. Plan horren arabera, segurtasun indarrak sendotu behar ziren herrialde osoan haien presentzia bermatzeko —gastu militarra hirukoiztu egin zuten—, eta, gainera, arrakasta militarra lortzeko gizartearen parte hartzea ezinbestekoa zen. Informazio sareak sortu zituzten herritarren artean, ordainsarien sistema ezarrita informatzen zuenarentzat, eta nekazari soldaduen taldeak sortu zituzten. Estrategia horrek egoera kaotikoa eragin zuela uste du Isacsonek: «Paramilitar berriak sortu zituen, AUC paramilitarren oinordekoak. 4.000 eta 10.000 borrokalari artean kalkulatzen da, gerrillariak bezainbeste». Baina paramilitarrek, zahar eta gazteagoek, instituzioen beharra izan dute: «Parapolitikaren eskandalua gertatu zen, zeina giza eskubideen urratzaile handiena bilakatu den». Isacsonena da baieztapen hori ere.

Indar armatuek gero eta ardura handiagoa zuten gerrillarien kontrako borrokan, eta Uribek presio egin zuen emaitza onak izan zitezen. Sistema errazena zen borroken ostean gorpuak kontatzea, eta ordainsariak ematen hasi zen emaitza onak zituzten militarrei. Baina gobernuz kanpoko erakundeen salaketa etorri zen, zibilen hilketak barra-barra gertatzen ari zirelako. Positibo faltsuen eskandalua piztu zen, hain justu, Juan Manuel Santos egungo presidentea Uriberen Defentsa ministro zen garaian (2006-2009): gerrillariz janzten zituzten zibilen gorpuak, FARCen kontrako borroketan hil izan balira bezala.

Drogaren kontrako borroka

Narkotrafikoaren kontrako borrokak, ordea, ez du eragin onik izan. Brown Unibertsitateko ekonomista Daniel Mejiak ondorioztatu du «porrota» izan dela. Beste arrazoi batzuen artean aipatu du kokainaren ekoizpenean lurrak ez duela garrantzi handirik, hau da: lur eremu batzuk deuseztatuta ere, kokaina, lur txikietan bada ere, izugarri hazten dela Kolonbian, eta, gainera, lur eremurik ez zaiola inoiz faltako.

Kolonbiako lursailetan botatako milaka milioi dolar glifatok, berriz, multinazionalen kutxak loditu dituztela erakutsi du, eta baita hegazkin fumigatzaileen konpainienak ere. Eta, bide batez, eskualde batetik bestera zabaldu dituztela beren negozioak, oihan eremu izugarriak daudela baliatuz, baita Perura eta Ekuadorrera ere. «Horrek ekarritako negozioez gain, ingurumenean eta nekazariengan eta indigenengan izandako eragina neurtzeko dago, baina kaltea izugarria izan da».

Eta narkotrafikoak dirua ematen jarraitzen du. Kartel handien eredu zaharra moldatu dute: gaur talde txikietan antolatzen dira, profil apaleko buruak dituzte, puntu garrantzitsuenak kontrolatzen dituzte, eta erakunde mexikarrekin loturak dituzte. Koka ekoizten duten Kolonbiako eskualdeen kopuruak oso gutxi egin du behera hamabost urtean: 934tik 889ra; 2014an kokaina 69.000 hektareatan ekoiztu zen: 442 tona, NBEren txostenaren arabera.

Santosek presidentetza kargua hartu zuenean, 2010ean —gaur egun Uribe presidente ohia dauka etsaietako bat—, Segurtasun Demokratikoaren bidetik jarraitu zuen, bera izan zen-eta proiektuaren defendatzailea Defentsa ministro zen aldetik, baina pixkanaka moldatuz joan da bere estrategia, militarizazioak sostengaezina den gizartea ekarri duelako, besteak beste. Gerrillariekin negoziatzen hasi zen, eta parapolitikari aurre egiten hasi da. Barack Obamaren ildo estrategikoak ere ez du George Bushen garaikoarekin antzekotasun handirik. AEBekin duen merkataritza askearen itunak ere, bidez batez, segurtasuna bermatu behar du eremu gatazkatsuetan.

Horiek horrela, orain, Bogota eta gerrillariak atzera egingo ez duela dirudien prozesuan sartuta, eta nazioarteko sostengua duela, beste modu bateko harremana bultzatuko dute, eta dagoeneko AEBak diru laguntzak agindu ditu «bakea ezartzen laguntzeko». Ubideak, errepideak, enpresak eta merkataritza guneak zabaltzen hasteko ordua iritsi da, eta hasiak dira «proiektu pilotuak» probatzen, instituzioek orain arte ezer gutxi agindu duten leku gatazkatsuetan.

FARCekiko negoziazioetan horixe izan da puntu labainkorretako bat: nola egin Kolonbia ez dadin bilakatu multinazionalen paradisu. Aro berri baten erronka izango da.

BERRIAn argitaratua (2016/02/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA