bizigiro
JOCELYN BELL BURNELL
«Figura politiko nagusi batzuek ez diote errespeturik zientziari»
Edu Lartzanguren
Eskolan ez zenuen gainditu ikasleak unibertsitatera bideratzeko azterketa. Nolatan?
Azterketa 11 urte nituenean egin ziguten, orduan uste zutelako adin horretan bazegoela esaterik zein haur izan zitekeen unibertsitaterako, eta nork ikasiko zuen zerbait tekniko. Huts egin nuen azterketan. Geroago deskubritu nuen neskek nota altuagoa behar zutela gainditzeko mutilek baino, jende guztiak zekielako neskak bakarrik emazte edo etxekoandre bihurtuko zirela. Baina 11-12 urte dituztenean, neskak mutilak baino azkarragoak dira, eta, ondorioz, neska gehiegi sartzen ari ziren unibertsitaterako prestatzeko geletan. Beraz, zailago jarri zieten.
Horrek sistemarekin haserretu zintuen gaztetik?
Haserretu nintzen, eta baita neure gurasoak ere. Eskolako zuzendariari deitu zioten telefonoz, eta ni unibertsitaterako prestatzeko gelan sartzea lortu zuten. Ongi justifikatu nuen hori berehala: lehen hiruhilekoan zientzia klaseko lehenengoa izan nintzen, azterketa gainditu zuten mutil eta neska guztien gainetik [barreak].
Baina zergatik aukeratu zenuen astrofisika, batez ere gizonezkoentzat harturiko eremu bat zelako eta horretan ere irabazi nahi zenielako?
Fisikarekin hasi bezain pronto argi geratu zen horretan ona nintzela. Beraz, pentsatzen hasi nintzen fisika ikasiko nuela unibertsitatean. Baina gero, zer? Zer fisika mota egingo nuen? Hara non aitak astronomiaren inguruko liburu batzuk ekarri zituen liburutegi publikotik, eta irakurri egin nituen. Horixe! Astrofisikaria izango naiz! 14-15 urte nituenetik garbi nuen astronomoa izan nahi nuela. Irrikan nengoen.
Baina esan izan duzu Cambridgen (Ingalaterra) zeundenean inpostorearen sindromea pairatu zenuela. Zergatik, ordea?
Ez nuen espero Cambridgen sartzea. Cambridge hemen dago [eskua buruaren gainetik altxatu du], eta ni nekazaritza eremu bateko neska bat nintzen. Cambridge Erresuma Batuko hego-ekialdean dago, non dena oso-oso zibilizatua den. «Ez naiz hemen egoteko behar bezain azkarra», pentsatzen nuen. Orain inpostorearen sindromea esaten diogu horri, baina orduan ez genekien zer zen, eta ez genuen izenik horretarako. «Ai ene, huts egin dute ni hemen onartuta: ez naiz behar bezain argia. Konturatu egingo dira, eta etxera bidaliko naute». Oraindik ere gertatzen da Oxforden eta Cambridgen, eta, beharbada, baita hemengo izen handiko unibertsitateetan ere. Ikasle berriak hasten dira, eta -aaaaaaa!-; bi egun geroago etxera joan dira. Baina erabaki nuen ez nintzela izutuko, eta ez nintzela joango eurek bota arte. Ordura arte jo eta ke egingo nuela lan. Horrela, botatzen nindutenean, jakingo nuen ahaleginak eta bi egin nituela, eta, besterik gabe, ez nintzela behar bezain azkarra. Lan handia egin nuen.
Inpostorearen sindromeak badu, edonola ere, generoarekin lotura bat, ezta? Gizarteak sorturikoa da?
Bai, sarriago gertatzen da emakumezkoen artean. Mutilei iruditzen zaie eskubidea dutela berez han egoteko. Bai, gizartearekin zerikusia du.
Eta egoera horrek zerikusi zuzena izan zuen pulsarren aurkikuntzan? Presiopean zeundelako topatu zenuen?
Bai, arreta handia jarri nuen lanean; oso zorrotza nintzen. Oso anomalia txikia zen aurkitu nuen hura, oso erraz pasa zitekeen oharkabean. Orain jendea etortzen zait esaten: «Nik ia aurkitu nituen pulsarrak».
Eta zergatik «ia»?
Istoriorik interesgarriena AEBetan gertatu zen, 1950eko hamarkadan, McDonald behatokian, Texasen. Hilean behin, Gau Irekia zuten. Teleskopioa Karramarroaren nebulosari begira zegoen jarrita, eta herritarrek begiratzen zuten. Baina emakume gazte batek esan zuen: «Izar hori piztu eta itzali ari da». Laguntzaileak azaldu zion: «Ez, izarrek dir-dir egiten dute». Emakumeak, ordea: «Ezagutzen dut dir-dir hori, hegazkin pilotua naiz, eta izar hori piztu eta itzali ari da». Emakume hark ez zuen fisika formakuntzarik, eta inork ez zuen ikertu. Gaur badakigu puntu horretan pulsar bat dagoela, eta ikusi egiten dela. Beraz, pulsarrak 1957rako aurkituta egon zitezkeen. Laguntzaile hura zientzialari profesional bihurtu zen gero, eta urte luzez gauza bera esan zien ikasleei: «Beti jarraitu anomaliei». Nik anomalia bati jarraitu nion.
Pulsarrak aurkitu zenituenetik urte asko pasatu dira, eta hainbat aurkikuntza egin dituzte. Horietako zein da, zure ustez, garrantzitsuena?
Aurkikuntza nagusia grabitazio uhinak antzematea izan da. Oso zailak dira antzematen, eta lan zoragarria izan da: berrogei urte tresneria garatzen, mugimendu txiki horiek neurtzeko moduko sentikortasuna lortzeko.
Aurten zulo beltz baten lehen argazkia lortu da, zu bezalako irrati-astronomoen lanaren emaitza. Zer pentsatu zenuen ikusi zenuenean?
Oso lan handia izan zen irudi hori lortzea, teleskopio asko elkarrekin lanean jarri behar zirelako. Beraz, zailtasun teknikoa miretsi nuen, baina irudia bera ez da harrigarria.
Zuk teleskopio soil batekin aurkitu zenituen pulsarrak. Orain sekulako tresneria eta antolakuntza behar dira aurkikuntzak egiten jarraitzeko. Konplexutasun muga baten kontra geldituko da astronomia?
Datu kopuruarekin zerikusia du horrek, hein batean. LSST Ikerketa Sinoptikorako Teleskopio Handia eraikitzen ari dira Txilen. Piztu eta betirako itzaltzen diren gauzak bilatuko ditu, eta horietako asko aurkituko ditu, hamar milioi gauero, uste dugunez. Gehiegi dira gizakiok aztertzeko; beraz, ordenagailuek egin beharko dute. Erronka interesgarria izango da ordenagailuei irakastea existitzen ote diren ere ez dakigun gauzak bilatzeko. Zaila. Baina zenbat ikasle lizentziatu beharko zenituzke hamar milioi seinale aztertzeko gauero?
Irrati teleskopio bat Ilargiaren alde urrunean jartzea zuen ametsa izan da aspaldi. Baliteke azkenean txinatarrek lortzea, aurten lehenak izan direlako zunda bat hara bidaltzen. Txinatarrak sekretupean aritzen dira espazio kontuetan. Arazoak izango zenituzkete teleskopio horretaz baliatzeko?
Handitzen ari den arazoa dugu hemen Lurrean: gero eta sakelako telefono gehiago eta mota guztietako seinaleak daude. Baina espazioko seinale ahulak ikusi ahal izateko, banda garbi bat behar duzu. Ilargiaren alde urrunera joatearen abantaila hori litzateke: Ilargiak berak blokeatuko lituzkeela zarata seinale horiek. Kolaborazio handia dago gaur, edonola ere. Beharbada, txinatarrek lehen egunak nahiko lituzkete eurentzat, eta, gero, elkarlanean aritzea nahiko lukete. Ez dakigu.
Ia 30 urte daramatzazu erantzuten Nobel saria jaso ez izanaz galdetzen dizutenei. Aspertuta zaude dagoeneko?
Bai. Eta erantzuna bera da oraindik ere, gainera [barreak]. Baina, ikusten dut arazoak daudela oraindik Mendebaldeko zientzia osoan. Maskulinoa izan da, eta ez da egon emakumezkoen proportzio justurik. Hori aldatzeko egin ditudan gauzen artean Athena Swan [Atenearen Beltxarga] egitasmoa dago, beste emakume batzuekin batera osatu dudana. Saria ematen diegu emakumeen alde egiten duten unibertsitateei, aurrejuzgu inkontzienteak ganoraz aztertzen dituztenei, askotan aurrejuzgu horiek blokeatzen baitituzte emakumezkoak.
Aurrejuzgu inkontziente horien adibide bat emango al zenuke?
Norbaitek inprimaki bat bete behar duenean, eta gizona edo emakumezkoa ote den idatzi behar duenean, bi karratu edukitzen ditu, horietako bat markatzeko. Bada, Erresuma Batuan gizonezkoen kutxa lehenbizi dator, emakumezkoarena bigarren. Alfabetikoki ordenatuta baleude, emakumezkoena [female] gizonezkoenaren [male] aurretik letorke. Hemengo hizkuntzan ez dakit nola izango den.
Euskaraz ere aurretik joan beharko litzateke emakumezkoen kutxa.
Eta horrela jartzen al dute? Halako gauza sotilek mezu bat bidaltzen diete gizonezkoei eta emakumezkoei: «Jakina, gizonezkoek lehenbizi joan behar dute». Halako mezu asko daude. Beti izan da horrela, eta horregatik jarraitzen dugu egiten. Kontziente izan behar dugu horrek bidaltzen duen mezu inkontzienteaz.
Zientziarekiko pasioa gora edo behera ari da egiten zientziaren kontrako mezuak bolo-bolo dabiltzan garai honetan?
Figura politiko nagusi batzuek ez diote errespeturik zientziari, eta haiek agintean direnean zientzia behera doa. Egoera larria da: egitateak deformatu egiten dituzte, modu berezietan erabiltzeko, eta hori ez da zintzo jokatzea.
Donal Trump AEBetako presidenteaz ari zara?
Erresuma Batuan ere badugu beste bat. Boris izenekoa [Johnson lehen ministroa]. Egitateak arin erabiltzen ditu.
Irlandako iparraldean jaio zinen -Belfastetik 30 kilometrora-. Kezkatuta zaude brexit-ak han eragin dezakeen egoeraz?
Beldur naiz brexit-arekin eta mugaren kontu horrekin borroka ez ote den berriz hasiko. Arrisku handia dago hor.
Isolazionismoa modan dago berriz. Nola eragingo dio horrek zientziari?
Uste dut oso tristea izango dela zientziarentzat. Beste herrialdetako jendearekin lanean aritzea aberasgarria da. Jende ezberdinak, jatorri ezberdinekoak, ezberdin pentsatzen du, eta horrek asko laguntzen du ikerketa talde arrakastatsuak sortzen. Norbaitek esaten du: «Itxoin pixka bat... Eta hau zer?»; eta besteek pentsatu ere ez duten gauza bat nabarmentzen du. Kezkatzen nau gure zientzia taldeak agian ezberdintasuna galtzen ari direla, eta hori ez da ona epe luzean. Pentsamendu aniztasuna behar dugu.
2018. urtean Breakthrough saria irabazi zenuen -ia hiru milioi euro-, eta osorik eman zenuen laguntzeko fisikan dabiltzan emakumezko, gutxiengoetako eta errefuxiatu ikasleak. Zer ikertu beharko lukete zuk lagunduriko astronomo horiek?
Grabitazio uhinen espektroaren puska txiki bat zabaldu dugu bakarrik, eta beste uhin luzera asko daude. Unibertsoa ikusteko bestelako moduak zabaltzea garrantzitsua da.