kultura
<p>Zaldi urdina, ez hain heroikoa</p>
Joana Ibargarai
Atzo goizean aurkeztu zuten antzerkia, Luhusoko Harri Xuri gelan (Lapurdi) eta leku horretan berean egingo dute lehen emanaldia, bihar zortzi, hilaren 11n. Harat hurbildu dira inguruko kolegioetako 140 ikasle, eta antzerkiaren zati bat ikusi ahal izan dute. Hain zuzen ere, antzezlana muntatzen izan diren azken bi urte hauetan, antzezleek hainbat egonaldi egin dituzte, eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan (Lapurdi) egon dira, ikasleak gaiari buruz sentsibilizatzeko eta horren inguruko lan baten eramateko. Egileek azaldu dutenez, ikuskizun horren helburuetariko bat gazteria «hunkitzea» da, eta hurbileko gazteetatik haste, ikastetxeekin harremanak eginez, hezkuntza artistikoaz eta kulturalaz arduratu da Arantxa Hirigoien.
Isilpetik taula gainera
Antzerki horren muntatzeko xedea Justo Arriolak idatziriko A los pies del caballo liburuaren irakurketatik abiatu da, Euskal Herrian drogaren eta zuzenkiago heroinaren inguruko ikerketa bat burutu baitu idazleak. Euskal Herriko historia markatu du zaldi zuriak, eta 1980ko hamarkadari lotzen bazaio ere, gaur egungo egoerari buruz gogoetarazi nahi dute antzezleek. Antzezlanaren aurkezpenean azaldu dutenez, «ikerketa askok [heroina] trafikoaren iturria Guardia Zibilaren kuarteletara eramaten dute».
Hortaz, kontu hori jorratu, eta artearen bidez taularatu dute gaia, hainbat galdera plazaratuz: «Zer eragin ukan du familietan, lagunartean eta bikote harremanetan? Zer eragin du gazteriaren ametsetan? Zertarako isildu da gertakaria? Zertarako betidanik sentitu da drogaren behar ezinbesteko hau? Miseriatik ihes egiteko? Patua bestelakatzeko? Izarrekin besarkatzeko?». Oroitarazi dute antzezlana fikzio bat dela, errealitate jakin batetik abiatzen dena, eta hainbat galdera ezarri nahi dituela mahai gainean.
«Droga, berez, batzuetan ematen du hitz egin ezin daitekeen gai bat dela, eta gure herrian, drogaren ondorioz, drogaren eraginez, esan daiteke belaunaldi bat ere ia desagertu zela. Orduan, galderak planteatzen ditugu», azaldu du Lipusek. Azkaratek, berriz, bere belaunaldia «drogen aurkako kanpainako produktu bat bezala» ikusten du -1993an sortua da-, eta azaldu du «beldur asko» bizitu izan dutela «justu 80ko hamarkadan gertatu izan zenaren ondorioz». Gai minbera errotik hartu, eta naturaltasunez aipatu dute. «Uste dut oso inportantea dela horretaz hitz egitea eta informatua egotea, eta gero bakoitzak hartu behar dio neurria», gaineratu du Lipusek.
Ihesaldia eta bilaketa
Aingeru 17 urteko mutil gazteari gertatutakoaren inguruan pasatzen da istorioa. Techno jaialdi batean, aitzinetik ebatsi duen zaldi urdina saltzen dio beste mutiko bati, baina azken hori gaizki sentituko da, eta koman sartuko da berehala. Aingeruk ihes egiten du, eta nehork ez du haren berririk. Polizia laster hasten da Aingeruren bila, baina horren gibelean mundu ilun bat dela ulerturik, Aingeruren familiakoak bere bila hasten zaizkio, poliziek ez dezaten berek baino lehen atzeman. «Obra guztian zehar pertsonaia pila bat agertzen dia, eta beraien istorioak elkarren artean gurutzatzen dira, guztiak ari direlako Aingeruren bila: bai familia, bai poliziak, bai lagunak... Azkenean, herri bat sartzen da bilaketa horretan», azaldu du Azkaratek.
Oholtza betea da, nahasia. Argiek eta musikak giroa markatzen dute, eta antzezleen koroek jokoa indartzen. Tentsioa heltzen da publikora, bakoitzaren barne borrokak -baita herri batenak ere- erakusten dituztelako pertsonaiek. Familia harremanak, beldurrak eta kezkak, minak, galtzeak. Beste eskala batean, Guardia Zibilaren rola, harreman gordeak, interes ekonomiko eta politikoak... jorratzen ditu antzerkiak.
Road movie euskaldun bat dela diote, espazioan mugitzen baita eta bakoitzaren barne galderak eta barneko mamuak agertzen baitira. Hortaz, pertsonaiak beraiek eta publikoa ispilu baten aitzinean jarriak dira, gorde nahi direnak argitan ezartzera beharturik, eta isildutakoak oihukatzera beharturik. Aingeruren desagertzeak eta haren erruz -noren erruz?- koman sartutako mutikoaren gaiak bazterrak inarrosten ditu. Kate bukaezin bat, zeinetan edozein herritarrek bere burua ezagut dezakeen, denak izan daitezkeelako drogaren alde ilunean aingeru.
«Espero dugu urriaren 11rako publikoari gure ideietan, gure burmuinetan, gure emozioetan, gure bihotzean, gure ariman eduki dugun Zaldi urdina eskaintzea, eta publikoa ateratzea euskarazko antzezlan batetik oso betea eta oso hustua aldi berean», erran du Lipusek. «Azkenean, antzerkia horretarako egiten dugu, herrian eta publikoan eragiteko».