iritzia
Naufragoak
Samara Velte
11:08an, adineko bikote bati egokitu zaio txanda. Herren koordinatuan hurbildu dira biak leihatilara, euren arazoaren berri ematera. Mostradorearen bestaldetik berehala iritsi zaie azalpena, naturaltasun osoz: «Hori Interneten bete behar duzue, eta inprimatuta ekarri». Misterio handirik ez baitauka formulario bat bilatu, deskargatu, bete eta inprimatzeak. Emakumearen aurpegia, ordea, etsipenaren kronika bihurtu da: familia medikuak erretiroa hartu behar duela esan baliote ere ez zukeen halako disgustua hartuko. Astiro hartu dute etxerako bidea, eta zuk irudikatu dituzu XXI. mendeko bi Robinson Crusoe horiek, garapen informatikoen ozeanoko irlatxo batean lur jota, iritsi nahi duten tokira iristeko pantaila batean semaforodun koadrotxoak zergatik klikatu behar ote lituzketen galdezka.
Estonian harro diote e-nazio bat direla, han edozein tramite egin daitekeelako sarean, ezkontzea, dibortziatzea eta haurrak erregistratzea salbu. Informatizazioaren olatuak denbora aurrezten du, harreman humanoen talkak saihesten ditu eta dena kontrolagarriago bihurtzen du. Horregatik pentsatu duzu zu ere jitoan dabiltzanetako bat zarela, baina zeurea —oraingoz— hautazkoa dela, errezelo eta seta hutsa; eta ziurrenik amaituko duzula noizbait kuadrillako botea Bizum bidez transferitzen. Baina, aldi berean, galdetzen diozu zeure buruari zein izango ote den zu ere irlatxoan utziko zaituen aplikazioa, zein unetan bihurtuko zaizun ulertezin inguratzen zaituen mundua.